Musikaz haratagoko irekiera

Bederatzi proposamen eskainiko dituzte Musika Hamabostaldiko inaugurazioan, bihar. Deabru Beltzak-ek emango dio amaiera egunari, piroteknia eta musika emanaldi batekin

Donostiako Musika Hamabostaldiko inaugurazio egunean parte hartuko duten kideak. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Donostia
2019ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Musikaz, dantzaz eta pirotekniaz beteko dira Donostiako kaleak Musika Hamabostaldiko inaugurazio ekitaldian. Aurtengoa 80. aldia izango da, eta bihar emango diote hasiera jaialdiari: ganberako musika, musika sinfonikoa, korala, bakarkako kantua, dantza eta kale antzerkia izango dira, tartean. Oihana Mugerza Hamabostaldiko zuzendari artistikoaren ondokoaren hitzetan,«jaialdiko genero guztiak elkartzen dituen eguna» izango da biharkoa. Goizetik hasita, bederatzi proposamen egongo dira hiriko zortzi lekutan.

Duo Guschlbauer bikotearekin eta Lauburu Sax Qartet taldearekin hasiko da eguna. Lehenak, Schubert, Beethoven eta Brahmsen lanak interpretatuko dituzte pianoarekin eta biolontxeloarekin. Ordu berean, Lauburu Sax Quartet Kristinaenea parkean ariko da. Andrea Castaño taldeko saxofoi tenorraren hitzetan, «publiko guztientzako erakargarria» izango da emanaldia: hainbat estilo nahastu, eta askotariko obra interpretatuko ditu laukoteak, Gershwinetik hasi eta XX. mendeko musikaraino.

Arratsaldean, Maushausek haurrentzako tailer bat egingo du. Itziar Okariz artistak sustatutako sormen proiektu bat da, eta hitzekin osatutako mural bat egitea da asmoa, poema batetik abiatuta.

Jarraian, Easo Eskolaniak eta Easo Gaztetxok, Arabatxo Abesbatzarekin batera, Hirira proiektua aurkeztuko dute. Paul Hindemithen Wir bauen eine Stadt (Hiri bat eraikiz) obra oinarri, haurren irudimena bultzatzea helburu duten dinamikak sortu dituzte. Sergio Pedrouso da egitasmoaren zuzendaria: «Obran abestuko duten haurrak izango dira ikuskizuneko eszenografia, jantziak eta dekoratua egingo dituztenak». Urtebetean, profesionalek gidatutako tailerren bitartez, hurrengo urteko Musika Hamabostaldian aurkeztuko den obra osatuko dute, zuzendariaren hitzetan, modu «sortzaile eta parte hartzaile» batean.

Kresala dantza taldeak emango dio jarraipena egunari. Ikono/grafiak obra aurkeztuko du, Faustino Aranzabalen eta Idoia Ibarzabalen gidaritzapean. William Shakespeareren Hemen zara bizi lanarekin hasi, eta hainbat poema eta soneto dantzatuko dituzte hamabi agerralditan. Aranzabalek mundu tradizionalaren «ikuspegi berriztatua» eskaintzen duen obra bat dela dio, «keinua, hitza eta mugimendua gorputz bakarrean batuta». Guztira 22 dantzarik hartuko dute parte, hainbat musikarik lagunduta. Zuzendariak emanaldiaren berezitasuna azaldu du: «Espazio eta gune oso esanguratsu batean arituko dira; badiari begira, itsasoari begira egingo duten dantza proposamen berezia da».

Hasiera ixteko, sua

Euskal Herriko Gazte Abesbatza Cor Jove Nacional-ekin (Herrialde Katalanak) batera arituko da. Isabel Mantecon, Euskal Herriko Gazte Abesbatzaren zuzendaria da: «Kontzertu hau abesbatza honen etapa baten amaiera da. Zuzendari berriekin proiektu berrietan parte hartu eta abeslariek lan egiteko modu berriak ezagutzea da asmoa».

Urtero legez, kantu errezitala egongo da, gazteak trebatzeko asmoz, jaialdiak antolatzen dituen ahots-teknika ikastaroei amaiera emateko. Bukatzeko, Deabru Beltzak taldeak piroteknia, dantza eta musika uztartzen dituen emanaldi bat eskainiko du, Symfeuny. Mugerzaren hitzetan, eguneko azken ikuskizunaren bitartez, irekiera ekitaldiari «jai giroa» eman nahi izan diote, 80. urteurrena dela eta.

Hamabostaldi Solidarioa egitasmoa ere ekarri du gogora Mugerzak. «Zuzeneko musika ohiko zirkuituetatik at gelditzen diren tokietara eramatea» du helburu. Horren barruan, Julia Blasco sopranoak, Facundo Guerrero tenorrak eta Sarah Perarnaud pianoak bi kontzertu emango dituzte: goizean, Donostiako Txara II zahar etxean; eta arratsaldean, Andoaingo Sorabilla harrera etxean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.