Parekotasunik ez

Realak nagusitasun handiz irabazi dio Alavesi derbia, Ibaian: 1-5. Gipuzkoarrak gorantz egiten ari dira; arabarrak, berriz, ezinean ari dira

Amaiur Sarriegi, laugarren gola ospatzen, hark atzo Alavesi sartutako bigarrena. MANIX DIAZ DE RADA.
Julen Etxeberria.
2022ko urriaren 30a
00:00
Entzun
Hogeita bost minutu; denbora hori iraun zuen parekotasunak Alavesek eta Realak atzo Ibaian jokatutako derbian: 1-5. Etxeko taldeak golik jaso gabe eutsi zion denbora da hori. Baina Gaby Garciak lehen gola sartu, eta hortxe amaitu zen parekotasun guztia. Mikel Crespok entrenatutako jokalariak saiatu ziren kolpeari aurre egiten, baina alferrik. Hori gutxi ez, eta lehen zatia amaitu aurretik beste bi gol sartu zizkieten. Amaiur Sarriegik sartu zuen lehena, 41. minutuan, eta Gabyk berriro zulatu zuen Alavesen atea aurreneko zatiaren hondarrean. Atsedenaldian erabakita zegoen derbia. Ia ez zen lehiarik egon.

Horiek horrela, astindua ez hartzen saiatu ziren etxekoak. Baina hori ere ez zuten lortu, Realak ez baitzuen behera egin. Indartsu zelairatu zen, eta ordu laurden eskasean beste bi gol sartu zituen: Amaiurrek berriro sareratu zuen baloia 52. minutuan, eta Synne Jensenek txuri-urdinen bosgarrena sartu zuen 57.ean. Sara Carrillok txukundu zuen pixka bat emaitza, 91.ean gola sartuta.

Sailkapenean, ia mutur banatan daude Reala eta Alaves. Gipuzkoarrak laugarren postuan daude: hamabi puntu lortu dituzte sei partidatan. Bolada ona harrapatu dute, hiru neurketa jarraian berdindu eta gero irabazi egin baitituzte azken biak. Arabarrak, berriz, ezinean ari dira: azken-aurrenak dira, eta puntu bakarra eskuratu dute.

Athletic, suspertu ezinik (1-4)

Athleticek ere atzo jokatu zuen, eta galdu egin zuen, Atletico Madrilen aurka, Lezaman: 1-4. Iraia Iturregik entrenatutakoak nor baino nor gehiago aritu ziren ordubetez. Are gehiago, Marta Unzuek aurretik jarri zituen zuri-gorriak hemezortzigarren minutuan. Baina Sheila Garciak berdindu egin zuen neurketa ia hurrengo jokaldian. Bana amaitu zen lehen zatia, baina, bigarrenak aurrera egin ahala, Atletico Madril nagusitzen hasi zen. Hala, Ludmila da Silvak bi gol sartu zituen hamar minutuan, eta lehia erabakita utzi zuen. Lucia Moralek eman zien azkena etxekoei, laugarrena sartuta.

Bolada txarrean dago Athletic: lehen partida irabazi zuen, baina ez du irabazi ondorengo bost partidetan; hamabost puntutatik hiru besterik ez ditu lortu. Horren ondorioz, sailkapenaren erditik behera dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.