Itxuraldatuta, eta gosez

Realak Gironan jokatuko du bihar, eta bolada onari eutsi nahi dio, zazpi lehia baitaramatza galdu gabe. Imanolek aldaketak egin beharko ditu

Mikel Oiartzabal, baloia kontrolatu nahian, lehen itzulian Anoetan Gironaren aurka jokatutako partidan. JUAN HERRERO / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
2019ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Ohiko jantziarekin ez, baina azkenaldiko gosearekin bai. Gironaren aurka jokatuko du bihar Realak, Montillivin, eta itxuraldatuta ekin beharko dio neurketari, halabeharrez. Taldearen ibilia suspertzeko gako izan diren zenbait jokalari ez dira ariko. Min hartuta daude Asier Illarramendi, Kevin Rodrigues eta Adnan Januzaj. Zigortuta, berriz, Willian Jose eta Theo Hernandez. Azken horiek bosgarren txartel horia ikusi zutenaurreko jardunaldian.

Egoera hori kontuan hartuta, aldaketak egin beharko ditu Imanol Alguacil txuri-urdinen entrenatzaileak: «Lesioak sasoi guztietako parte dira. Orain, jokalari garrantzitsu batzuk min hartuta daudenez, beste batzuek izango dute jokatzeko aukera».

Hala, neurketa bakoitzeko egoeretara «egokitzeko» beharra azpimarratu du prestatzaile oriotarrak, eta esan du horretan aritu direla aste honetan: «Aukera guztiak kontuan harturik prestatu dugu neurketa».

Aurrez jakina zen Illarramendi ez zela ariko, bi aste baitaramatza min hartuta, baina herenegun hartu zuen min Januzajek: «Jokalari ezberdina da, baina bat ez dagoenean besteek agertu behar dute. Besteentzat ere aukerak daude». Kevin, berriz, atzoko lan saioan lesionatu zen, eta ez da Gironarako osatuko. Taldeko ezker hegaleko bi atzelariren faltan, ia segurua da Aihen Muñozek jokatuko duela.

Lesioak lesio, Imanol prestagertu da norgehiagokari duenarekin aurre egiteko: «Astelehenean jokatuta, prestatzeko denbora gehiago dugu. Lan egiteko baliatu dugu, eta ea horren ondorioak ikusten ditugun».

Aldarte onean dagoen aurkari bat aurkituko dute txuri-urdinek, gaur zortzi Santiago Bernabeun irabazi baitzuen Gironak. Alabaina, garaipen horri garrantzia kendu dio Realeko entrenatzaileak: «Azken jardunaldian irabazi arren, ez dago bolada onean. Halere, argi dago partida zaila izango dela».Prestatzailearen ustez, tentuz aritu behar dute, eta azpimarratu du «sistemaz aldatu dutenetan» garaipena eskuratu duela Gironak.

Realeko kideek ondo ezagutzen dute Gironaren prestatzailea: Eusebio Sacristan da, txuri-urdinen entrenatzaile ohia:«Ez dakit zer pasatuko den Eusebioren burutik, baina guk gehien erabiltzen dituen bi aukerak aztertu ditugu, lauzpabost atzelarirekin. Azken lehietan bost atzelariko taldeen aurka aritu gara».

Modu batera edo bestera izan, txuri-urdinekzazpi neurketa daramatzate galdu gabe, eta bolada horri eustea beste xederik ez dute: «Lehian gaude, baina ez naiz sailkapenari begira egoten. Hurrengo aurkariari begiratzen diot. Hasieratik esan nuen, eta hala behar du. Gero, ondorioak partidak emango dizkigu, non gauden eta nora begiratu behar dugun».

GIRONA-REALA

Girona. Bono; Porro, Alcala, Bernardo, Juanpe, Raul Garcia; Alex Garcia, Douglas; Pere Pons, Portu, eta Stuani.

Reala. Rulli; Zaldua, Llorente, Navas, Aihen; Zurutuza, Merino, Zubeldia; Oiartzabal, Sandro eta Bautista.

Epailea. Prieto Iglesias.

Lekua. Montilivi (13.500 ikusle).

Ordua. Bihar, 21:00etan (Gol).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.