Kalkulagailua sutan zen jardunaldia hasi aurretik Binakako Txapelketan. Baina herenegungo eta atzoko emaitzek asko argitu dituzte kontuak. Izan ere, Elezkano-Rezustarekin batera, beste bi bikotek ziurtatu dute finalerdietako ligaxkarako sailkapena: Irribarriak eta Zabaletak eta Victorrek eta Albisuk. Gaur are gehiago argitu daiteke kontua, Artolak eta Mariezkurrenak Altunari eta Martijari irabaziz gero. Hala balitz finalerdietan egongo diren lau bikoteak erabakita egongo dira, eta azken jardunaldia ez da izango ezer jokoan.
Sorian Victorrek—Olaizola ordezkatu zuen— eta Albisuk 22-17 irabazi zieten, lehen postuan diren Elezkanori eta Rezustari. Irabazleek garaipena behar zuten sailkapena ez korapilatzeko, eta ez zuten huts egin. Hasieratik izan ziren aurretik, eta ondo kudeatu zuten izan zuten bospasei tantoko aldea. Behar zuen garaipena Albisuk, Olaizola denbora luzerako min hartu eta gero, ez baitzuen batere partida ona egin aurreko jardunaldian.
Emaitza horrek Ezkurdia eta Galarza kondenatu zituen. Izan ere,nahiz eta 22-14 irabazi Bengoetxearen eta Imazen kontra, emaitza konbinazio ia ezinezko batek baino ez lituzke sailkatuko. Txapelketan egin zuten lehen itzuli kaskarra erabakigarria izan da Ezkurdia eta Galartzarentzat. Zazpi partidetatik bi baino ez zituzten irabazi.
Atzokoan hirunako berdinketatik aurrera nagusi izan ziren, eta ez zieten aukerarik eman Bengoetxeari eta Imazi. Haiek ez zuten ezer jokoan, eta nabaritu zen. Bengoetxea ahalegindu zen, baina ez zuen asmatu. Ezkurdiak, ordea, partida oso serioa jokatu zuen, eta horrek ziurtasuna eman zion Galartzari atzealdean.
Dena den, jardunaldiko partidarik interesgarriena gaur jokatuko dute Tolosan Altuna-Martija eta Artola-Mariezkurrenabikoteek. Kale edo baleko partida izango da Altunarentzat eta Martijarentzat. Izan ere, galtzen badute kanpoan geratu dira. Irabaziz gero, berriz, azken jardunaldira aukerekin ailegatu dira. Artolak eta Mariezkurrenak, haatik, nahikoa dute irabaztea, sailkatzeko. Altunak eta Martijak irabazten badute, ikusi beharko da nola geratzen den bi bikoteen arteko tantoen aldea. Lehen itzulian Artolak eta Mariezkurrenak 22-17 irabazi zuten. Azken jardunaldian Altunak eta Martijak Bengoetxea eta Imaz izango dituzte aurkari, eta Artolak eta Mariezkurrenak Ezkurdia eta Galartza.
Argituz doaz kontuak
Irribarria-Zabaleta eta Victor-Albisu finalerdietako ligaxkan dira. Artolak eta Mariezkurrenak gaur lor dezakete sailkatzea, Tolosan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu