Izua barreiatzen ari da

Bidasoa zirimola bat izan da lehen zatian, eta 24-33 irabazi dio Savenhofi. Multzoko lidergoa sendotu du, eta orain esku-eskura ditu kanporaketak

JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Bidasoak beldurra ematen du. Savenhofi behintzat bai, ustez Txapeldunen Ligako bere multzoko aurkaririk indartsuena duenari. Suediako taldeak zirudien ligaxkako mamu beltza, baina, haren aurkako bi partidak jokatu ondoren, Irungoak barreiatu du izua. Duela bi aste 39-23 irabazi zion Artalekun, eta atzo 24-33 gailendu zitzaion Suedian. Garaipenari esker multzoko lehen postuan dago Bidasoa, eta, bigarren itzuli ia osoa falta den arren —lau jardunaldi—, esku-eskura du kanporaketetarako sailkatzea. Hiru punturen aldea du bigarren sailkatuarekin, eta laurena hirugarrenarekin. Egoera horretan, multzoko lehen postuak izan behar du taldearen helburu berria.

Bidasoa lehen itzuliko partidan hasi zen atzokoa irabazten. Astindu handia eman zion Savehofi, eta Suediako taldeak oraindik digeritu izan ez balu bezala ekin zion lanari. Hegazkinera igo aurretik, Jacobo Cuetarak ohartarazi zuen aurkariak duela bi aste ez zuela bere maila eman. Bada atzokoan, lehen zatian, are galduago ibili zen. Bidasoak ere izan zuen noraez horren arduraren zati handi bat, erritmo bizi-bizian ekin baitzion norgehiagokari, zirimola bilakatuta.

Artalekukoa utzi zuen tokianhartu zuen atzoko partida, eta atsedenaldirako erabakita zuen (9-20). Txapeldunen Ligako partida bateko atsedenaldian 11 golen errenta izatea indar erakustaldia da. Bidasoak hasi eta berehala ikusi zuen min egiteko aukera zuela. Etxekoak ez zebiltzan batere fin erasoan, eta kontraerasoan pagotxa aurkitu zuen (3-7, 15. min). Errenta polita zena, baina, apurka zulo bilakatuz joan zen (4-13, 20. mi. eta 6-16, 25. min). Atsedenaldirako partida erdi erabakita zegoen.

Ledo atezainaren hiru gol

Xoan Ledo Bidasoaren atezainaren jarduna da lehen zatia izan zenaren laginik onena. Atepean harresi bilakatu zen, jaurtiketen %47a geldituz; eta erasoan azti ibili zen, hiru gol sartuz. Savehofeko entrenatzaileak arriskatu egin zuen, eta, jokalari bat bi minutuz egotzi ziotenean erasoan, atezain gabe jokatzea erabaki zuen. Egoera horiek, baina, zaindu egin behar dira, aldaketa bizkor egin ezean atea hutsik gelditzen delako. Bada, Ledok hirutan ehizatu zuen aurkaria atez ateko jaurtiketekin.

11 golen errentak bigarren zatia baldintzatu zuen. Savehofek balentria handia behar zuen, eta Bidasoak ondo eutsi zion kontzentrazioari. Haren errenta ez zen zortzi goletik jaitsi. Rodrigo Salinas izan zen iruindarren golegilenagusia, bostekin, baina Bidasoak zazpi jokalarik sartu zituzten hiru gol edo gehiago.

Zuazok galdu egin du

Bidasoa ez zen izan atzo jokatu zuen euskal talde bakarra. Zuazok ligako partida izan zuen etxean, eta 25-26 galdu zuen Malagaren aurka. Barakaldoko taldea aurretik iritsi zen atsedenaldira (15-12), baina ezin izan zion aldeari eutsi. Huts asko egin zituen bigarren zatian, eta garesti ordaindu zituen. 26nakoa lortzeko aukera izan zuen, baina baloia galdu zuen azken jabetzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.