Gorde eta erakustekoa

Jakak eta Martijak laugarren puntua eskuratu dute Binakakoan, Olaizola-Rezustari irabazita (22-19). Maisulana osatu du Jakak

Jaka, boleaz pilota jotzen, Olaizola II.a gertu duela, atzo Labrit pilotalekuan. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2021eko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Hamabi bat urteko haurra aitonarekin Astelena pilotalekuan, Eibarren. Duela urte asko. Binakako partida jokoan: atzelariak Aldazabal II.a eta Martinikorena. Halako batean, egundoko tantoa egin du bietako batek, eta adineko bat jarlekutik jaiki da. Kendu du txapela, eta bota du kantxara. Haurra harri eta zur, aitonari galdezka zergatik egin duen hori ikusleak. Aitonaren erantzuna: «Ohitura da tanto bikaina egin duen pilotariari txapela botatzea, esker onez, zoriontzeko».

Atzo, Labriten, zenbat txapel jasoko ote zituen Erik Jakak ohitura zaharrari segika, hamabost erakustaldi eman zituelako, egindako tanto bakoitzeko bat. Zein baino zein ederragoak. Ondoren, hau esan zuen Lizartzako aurrelariak: «Profesional naizenetik egin dudan partidarik onenetakoa den? Ea horrelako gehiago jokatzen ditudan». Lortzen badu, argi: Binakako Txapelketa honetan oso kontuan hartzeko bikotea izango direlako bera eta Julen Martija.

Zeresana ematen hasita daude, dagoeneko. Azkeneko hiru partidak bata bestearen atzetik irabazita, seigarren jarri dira. Bukatuta balego ligaxka —bi partida eta bi jardunaldi geratzen dira—, kanporaketetan leudeke. Atzo eman zuten ezinbesteko pausoa ametsa gainditu duen errealitateari begietara begiratzeko, Olaizola II.a eta Rezustari 22-19 irabazita. Atzetik eta aurretik ibili eta gero, gorabeheratsua izan lehia estuan.

Txapelduna ez da bakarrik urte osoan txapela buruan daraman pilotaria. Jantzi eta kito. Ez. Erakutsi egin behar du txapela eramatea zer den, eta atzo Jakak bai erakutsi ere. Eta ez soilik erakustaldiagatik; baita bikotearen ardura hartzeagatik ere. Martijak ez baitu santu-santu eskuin eskua. Parean zein eta Rezusta, gainera. Olaizolak eta biek atzera jokatzearen alde egin zuten. Logikoa. Martijari soka botaz, ur gainera nahi bestetan atera zuen Jakak, arriskuak hartuz. Beharko hartu, eta hala ere, lau pilota bakarrik huts egin. Atzelariak ere lan ona egin zuen, egoera horretan bi kale baino ez zituelako egin. Nahikoa egin zuen pilota arrimatzen, altura ematen, kantxa kubritzen.

Nahikoa eta gehiago egin zuten bezala galtzaileek. Atzo galtzailerik egon bazen. Olaizolak hamar tanto egin zituelako, eta zabalean erakutsi zuen defentsa txundigarria izan zelako. Rezustak ez zuela baliatu Jakari gehiago kentzeko? Baliteke, baina hala ere, partida ona egin zuen. Lauren erakustaldi aparta izan zen. Bakoitza berean. Ondo gorde, eta hobeto erakustekoa belaunaldi berriei. Aitona hark haurrari txapelaren ohitura zer den erakutsi zion bezalaxe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.