Ateari joka daude jada

Jaka-Martijak 22-8 irabazi diete Artola-Arangureni, eta kanporaketan ariko dira bihar Ezkurdia-Galarzak Olaizola-Rezustaren aurka galduz gero

Erik Jaka, pilota jotzear, atzo, Lekeition, Artola-Arangurenen aurka jokatutako partidan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Duela hilabete justu. Erik Jakak eta Julen Martijak 22-8 galdu dute Elezkano II.a-Zabaletaren kontra, Tolosan (Gipuzkoa). Zortzigarren porrota dute bederatzi partidatan. Haienak egin duela dirudi. Handia egin behar dute kanporaketarako sailkatzeko. Halere, ez dute etsitzeko asmorik. Mugarri izan daitekeen garaipen baten beharraz mintzatu dira. Hori dute itxaropen eta helduleku.

Bost egun pasata lortu dute horrenbeste desiratutako garaipena, Tafallan (Nafarroa), Ezkurdia-Ladis Galarzaren aurka: 22-12. Esan eta asmatu, bete-betean. Garaipen hura mugarri izan da: hurrengo lau partidetan beste horrenbeste garaipen lortu dituzte. Azkena, atzo, Lekeition (Bizkaia), Artola-Arangurenen kontra: 22-8.

Hauxe da Jaka-Martijaren susperraldiaren ondorioa: sei onenen artean daude hamar jardunaldi geroago, eta esku-eskura dute orain gutxi ia ezinezkoa zirudiena, sailkapena. Bihar bertan lor dezakete, Ezkurdia-Ladis Galarzak Zumaian (Gipuzkoa) Olaizola II.a-Rezustaren aurka galtzen badute. Bestela, beste bi aukera izango lituzkete azkeneko jardunaldian: bata, Peña II.a-Albisuri irabazita, datorren larunbatean, Iruñean; bestea, Urrutikoetxea-Imazek Ezkurdia-Ladis Galarzaren kontra galtzea, gaur zortzi, Zarautzen (Gipuzkoa). Bi aukera horietako edozeinekin barruan lirateke, eta Urrutikoetxea-Imaz eta Ezkurdia-Ladis Galarza borrokatuko lirateke azkeneko tokia lortzeko. Artola-Arangurenek jada ez dute aukerarik sailkatzeko.

Jaka, berriro ikusgarri

Irabazteak konfiantza ematen du, eta pilotari gutxi egongo dira konfiantza lagun, Jakak baino gehiago jokatzen dutenak. Hark aitortu du sasoiz zein buruz akituta amaitu zuela urtea, eta gorputzaldiz eta motibazioz justu ekin ziola binakakoari. Horren ondorioz, nahi eta ezin aritu zen lehen asteetan. Baina ikusgarri dabil azken hilabetean, erakustaldiz erakustaldi. Beste bat eman zuen atzo. Partida amaieran lortu zituen estatistikak ikusi besterik ez dago buruz buruko txapeldunaren jardun bikainaz jabetzeko: hamahiru tanto egin zituen, eta pilota bakarra galdu zuen. Boleaz, gantxoz, dejadaz, bi paretaz, ezkerrarekin, eskuinarekin, aukeran, behartuta... Zer nahi, hura egin zuen aurrelari lizartzarrak. Aukerarik txikiena ere ez zuten izan Artola-Arangurenek, ezta hasieran ere, Aspekoek egin baitzituzten lehen zazpi tantoak. Zortzi tanto besterik ez zuten egin Baikokoek, eta horietatik sei kontrarioek egin zituzten; Martijak, bost. Artolak eta Arangurenek, berriz, bana egin zituzten, eta launa huts egin.

Kanporaketarako lehia azken jardunaldian geratuko da zehaztuta. Finalerdietakoa, ordea, gaur argitu daiteke. Altuna III.a-Mariezkurrena II.ak eta Peña II.a-Albisuk Eibarren (Gipuzkoa) jokatuko dute. Irabazlea finalerdietara pasatuko da ia ziur. Aukera bakarra dago hala ez izateko: Baikokoak 22-21 gailentzea. Lehen itzulian, emaitza horrengatik nagusitu ziren Aspekoak. Beraz, berdindu egingo lukete, eta azken saiora itxaron beharko litzateke. Elezkano II.a-Zabaleta sailkatuta daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.