Zazpiak bat selekzioan

Euskal selekzioaren aldeko eguna egin dute Makean. Euskal pilotan eta gainerako kiroletan ofizialtasuna lortzeko aldarria egin dute

Atzo Makean euskal selekzioaren aldeko eguneko mintzaldia. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Makea
2022ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Euskal selekzioaren aldeko aldarrikapen eguna egin zuten atzo Makean (Lapurdi). Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko eragileek parte hartu zuten, eta mintzaldi batekin hasi zuten eguna. Ellande Alfaro eta Martxel Toledo ESAIT Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeko kide ohiak, Iñigo Santxo abokatua, Jose Mari Mitxelena Euskadiko Euskal Pilota Federazioko kidea eta Mikel Baldarrain pilotaria mintzatu ziren. Euskal selekzioaren bidea irekitzeko pausoez jardun zuten.

Martxel Toledo kasik hogei urtez izan zen ESAITeko kide, eta taldeak garai hartan «egin zuen gutxiaz harro» agertu zen. «Herri honek eskubide batzuk ditu, zazpi lurraldeetan, eta bada gizartearen nahi bat euskal selekzioa lortzeko». Orduan, ESAIT izan zen aldarri horren «erreferente», haren ustez, eta egun gaia berriz plazaratu izana baikorki baloratu zuen. Harekin bat egin zuen Alfarok. «Berrogei urteko aldarrikapena da euskal selekzioarena, eta ez da bakarrik nazioartean eraman beharrekoa; Euskal Herrian bertan ere eraman behar dugu». Hark ere aldarrikapenari eman zaion «hats berria» goraipatu zuen.

Erraterako, atzoko eguna da aldarrikapen horretan gazte belaunaldi bat sartu den seinale. Antolaketa lanetan aritu ziren, batik bat, Eñaut Etxeberria Makeako pilotaria eta Ekhi Ziarrusta Dimako (Bizkaia) pilotaria. Honela mintzatu zen Etxeberria: «Herritik ateratzen diren aldarrikapenak dira, eta mugimendua indartu nahi dugu. Jendearen kontzientzia piztu behar dugu euskaldun gisa, eta lortu behar dugu euskal federazio bat nazioarteko txapelketetan aritzeko».

Ziarrustak eta Etxeberriak biek uko egin diote aurtengo Miarritzeko (Lapurdi) Munduko Euskal Pilota Txapelketan parte hartzeari. Ziarrustak ez du onartu Espainia ordezkatzea, eta Etxeberriak Frantziaren izenean ez jokatzea deliberatu du. Etxeberria: «Gu euskaldun sentitzen gara, eta Frantzia eta Espainiarentzat jokatzera deituak garelarik, ez da gure lekua». Ados agertu zen Ziarrusta. «Naturalki egindako hautua izan da. Zortez, etxean jasotako printzipioak dira, eta ez dugu ezer galtzeko». Geroko belaunaldiak ere izan zituen gogoan: «Guk agian ez, baina atzetik datozenek aukera izango dute euskal herritar gisa munduko txapelketa batean gure herria ordezkatzeko». Ziarrustak aurtengo Munduko Txapelketak jokatzeko aukera bakarra Espainia ordezkatzea zen, eta uste du hori «euskaldunen eskubideen kontrakoa» dela. Etxeberriak eta Ziarrustak, bestalde, nabarmendu zuten Ipar Euskal Herriko eta Hego Euskal Herriko pilotarien arteko harremanak «ezinbestekoak» direla, eta baikortzat jo zuten atzoko egunaren karietara elkartu izana.

Federazioen bataila

Arratsaldean egindako mintzaldian, Iñigo Santxo abokatuak EAJk eta PSOEk berriki egindako ituna ekarri zuen gogora. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako pilotariek aukera izanen lukete beren federazioaren izenean aritzeko. Horrek, ordea, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko pilotariak kanpo utziko lituzke. Santxoren aburuz, «borondate politikoa» izanez gero, federazio desberdinen estatusak aldatzeko aukera badago, elkarte pribatuak diren heinean. «Gaur-gaurkoz, nazioartean ordezkatua den federazio bat izateko baldintza da estatu batek federazio bat izaten ahal duela». Baina, haren ustez, estatusak aldatuz gero, egoera aldatzen ahalko litzateke.

Pilotariek ere ezbaiti hartu dute berria. Sandra Poxelu ESAITeko kide ohiak eta Etxeberriak eguna bururatzeko irakurritako oharrean, honela erran zuten: «Geroari begira baikorra bada ere, zazpi probintziek dute Euskal Herria osatzen, eta zazpiak ofizialak izan arte eta Euskal Herria bere osotasunean ordezkatua izan arte borrokan segituko dugu; pilotan eta beste kirol guzietan lortu arte».

Euskal selekzioaren aldeko eguna finitzeko, pilota partidak izan ziren Makeako trinketan, eta, arratsean, kontzertuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.