urtzi urkizu
Donostiako 68. Zinemaldia. BASQUEWOOD

Argazki bat baino gehiago

2020ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Cannesen gertatu zen, 2018ko maiatzean: zinema munduko 82 emakumek sektorean dagoen genero arrakala salatu zuten. Gogorarazi zuten Urrezko Palma jaso duten 71 zuzendarietatik soilik bi zirela emakumezkoak. Atzo eguerdian, Viktoria Eugenia antzokian, antzeko argazkian agertu ziren sektoreko 40 andre baino gehiago, (H)emen elkarteak deituta. Olatz Beobidek salatu zuen azkeneko hilabeteetan pentsamendu feministak eta emakumeen eskubideek ez dutela lehentasuna izan. Lara Izagirrek ihardetsi zuen: «Gure espazioa gurea da. Gure istorioak gureak dira, eta kontatuak behar dute izan, ikusiak eta entzunaraziak behar dute izan».

Izagirre da aurtengo Zinemaldian film bat aurkeztu duten emakumeetako bat. Beren lanak estreinatu dituzte Aitziber Olaskoagak, Amaia Merinok, Laida Lertxundik eta Marina Palaciok ere. Palacioren Ya no duermo film laburra Kimuak katalogoan sartu dute. Silvia Rey da Interior taxi noche film laburreko bi zuzendarietako bat, eta Maria Elorza Quebrantos-eko bi egileetako bat.

Ziortza Linares senar ohiaren tratu txarrak salatu dituen emakumearen ahotsa entzuten da Quebrantos-en. Benetakoa da lekukotza, Faktoria irratsaioan emandakoa. Ez da hain esplizitua zinema jaialdietan andreek jasaten duten indarkeria matxista. Gehienetan, sibilinoagoa izan ohi da. Badira desagerrarazi beharreko jarrera matxista ugari, edonola ere; halako zenbait jarrera kazetarienak eta kritikarienak izaten dira, emakumezko aktoreak eta zuzendariak itauntzerakoan edo haiek epaitzerakoan.

2020an gauden arren, benetan handiak dira andre sortzaileek proiektuak aurrera ateratzeko dituzten zailtasun eta oztopoak. Horregatik, garrantzitsua izan zen oso atzoko argazkia. Argazki bat baino gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.