Nerea Osinalde.
ARGI ALDIAN

Bazenekien inurriak…

2019ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Langile nekaezinak direla?Segur aski bai, guztiok entzun baitugu noizbait inurriaren eta txitxarraren ipuina. Hain dira langile finak, ezen Hegoafrikako nekazariek ere infusioetarako rooibos hazi txikiaren uzta jasotzeko erabiltzen dituzten. Izan ere, landare horrek haziak zabal sakabanatzen ditu, eta, horregatik, biltzea oso zaila da. Baina inurriek haziak batu eta habietan gordetzen dituztenez, habia horiek arakatu besterik ez dute 200 g rooibos-hazia erraz asko eskuratzeko.

Gaur-gaurkoz, 12.000 inguru inurri-espezie deskribatu dituzte, baina uste da 20.000tik gora espezie egon daitezkeela. Ez dago jakiterik zenbat inurri dauden Lur planetan. Hala ere, 1994an bi biologo ospetsuk argitaratutako liburu batean egindako estimazioaren arabera, munduko txindurri guztiek munduko giza populazioak beste pisatu lezake. Eskerrak bakoitzak soilik 3 mg inguru pisatzen duen!

Gizakien kasuan ez bezala, inurrien sexua ez da X eta Y kromosomen mendekoa, baizik eta genomaren kopia kopuruaren araberakoa. Gizaki guztiok genomaren bina kopia ditugu zelula bakoitzean; bata amarengandik jasotakoa, eta bestea, aitarengandik. Berdin gertatzen zaie inurri emeei, baina ez arrei. Oro har, inurri arrak ernaldu gabeko arrautzetatik eratorritakoak dira. Ondorioz, ez daukate «aitarik»; genomaren kopia bakarra daukate, eta soilik ondorengo emeak izan ditzakete. Esan liteke inurri arren patu bakarra inurri erreginarekin ugaltzea dela. Baina ugaldu bezain laster, zendu egiten dira. Ziurrenik horregatik irauten dute soilik astebete inguru inurri arrek. Inurri emeak, aldiz, edo langileak, 1 -3 urtez bizi dira, eta erregina izaten da adintsuena, 30 urte arte bizi daiteke eta.

Oro har, inurriak gutxienez erregina batek, ar gutxi batzuek eta inurri eme langile mordoxkak osatutako kolonietan bizi dira. Baina, duela hamarkada bat, Amazonian bizi den Mycocepurus smithii inurri-espeziea aurkitu zuten, soilik emez osatuta dagoena. Txindurri hauek sexurik gabe ugaltzen dira, eta koloniako kide guztiak erreginaren klonak dira, hau da, genetikoki erreginaren berdin-berdinak dira.

2000. urtera arte ezagutzen zen inurri kolonia handiena Japoniako Hokkaido uhartean aurkitutakoa zen. Egindako estimazioen arabera, 2,7 kilometro koadroko azaleran, 306 milioi inurri langile eta milioi bat erregina bizi ziren elkarri konektatutako 45.000 inurritegitan. Baina 2002an aurkitu zuten geroztik, eta oraingoz, ezagutzen den inurri koloniarik handiena. Milioika inurritegiz eta bilioika inurriz osatutako super kolonia Europa hegoaldean dago. Italia iparraldetik Espainiako eta Portugalgo Atlantikoko kostaraino hedatzen da, eta 6.000 km inguruko eremua hartzen du.

Horren antolamendu-maila altuko elkarteen iraupenabermatzeko, ezinbestekoa dabanakoen artean komunikazioa egotea. Gizakion arteko komunikazioa entzumenean, ikusmenean eta ukipenean oinarritzen da, baina inurriena feromona deitzen diren konposatu kimikoetan. Txindurriek hainbat feromona jariatzen dituzte hedatu nahi duten mezuaren arabera (arriskua, janaria…), eta gainontzeko kolonia-kideek antenetan dituzten sentsore bereziei esker feromonak antzematen dituzte; horrela izaten dute mezuaren berri. Horregatik, nahikoa da inurri batek lurrera eroritako azukre-koxkor bat antzematea, bat-batean hondar guztiak batzeari ekingo dion inurri-ilara luze bat agertzeko. Bai eraginkorra inurriek darabilten GPS sistema, ez eta gure autoan maiz darabilguna!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.