Ia zailtasunik gabe

Erraz irabazi diete Altuna III.ak eta Mariezkurrenak Ezkurdiari eta Galartzari (11-22) Binakako txapelketan, eta bigarren puntua lortu dute

Altuna III.a sakea astintzen, lehen jardunaldiko partidan. ANDONI CANELLADA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2021eko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
Altuna III.ak eta Mariezkurrenak bigarren puntua eskuratu zuten atzo Binakako txapelketan. Erraz irabazi zieten Ezkurdia eta Ladis Galartzari (11-22). Beste horrenbeste partida jokatu eta gero, bide onetik ekin diote lehiaketari. Batetik, gauzak ondo egin zituztelako; eta, bestetik, galtzaileek irabazleei erraztasun gehiegi eman zizkietelako gauza horiek ondo egiteko. Sailkapenean, beste muturrean dira atzoko galtzaileak: bi jokatu eta biak galdu dituzte, 14 tanto bakarrik eginda.

Bergarako pilotalekuan hotza zen giroa, eta ez ikuslerik ez zelako. Tenperatura baxuan ekin zioten partidari, eta halakoetan, ez da erraza izaten hasieratik sartuta jardutea. Hobeto moldatu ziren Altuna eta Mariezkurrena: 1-4 aurreratu ziren, Amezketako aurrelariak trebeziaz bukatu zituelako tantoak —denera, 11 egin zituen—. Beste alde batetik, datu hau oso deigarria da gorriz aritu zirenen jardun aldrebesa azaltzeko: lehen hiru tantoetatik bi Galarzari ihes egindako bi pilotakadei esker lortu zituzten.

Altunak berehala usaindu zuen harrapakina non zegoen. Azkar ikusi ere Galartza zalantzekin zebilela, eta atzean jokatzea erabaki zuten urdinek. Nahi bestetan jarri zion Ezkurdiaren atzelariak pilota ahoko zuloan zeini eta Altunari. Ezin kenduz ibili zen, eta jakina, Lau eta erdiko txapeldunak ez zuen barkatu. Aurretik hasi eta horrela segitzen zuten partidaren erdian ere: 5-11.

Ezkurdia jabetu zen berak egin behar zuela dena: tantoak bukatu, atzelariari lagundu atzerago jarriz, defentsako lana... Bat biren aurka aritzea bezalakoa izan zen. Partidaren ondoren, autokritika gordina egin zuen: «Ni neu ez nago puntu-puntuan, eta gainera, ez gara ari bikotea osatzen. Lehiakorragoak izan behar dugu, eta aurkariei askoz ere aukera gutxiago eman». Partidaren bigarren erdiak lehenengoaren bide beretik segitu zuen. Gainera, Mariezkurrena gero eta hobeto aritu zen, eta azkeneko aldea, 11 tantorena, oso zehatza da partidan gertatu zena azaltzeko.

Gaur, txapelketakoa, Bilbon

Bigarren jardunaldiko hirugarren partida Bilbon izango da gaur. Aurrez aurre ariko dira Urrutikoetxea-Imaz eta Artola-Aranguren. Jaialdia 17:00etan hasiko da, eta bigarren partida izango da. Jardunaldia ixteko partida bihar izango dute Jaka-Martija eta Elezkano-Zabaleta bikoteek, Zallako pilotalekuan (22:30).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.