Argi dirdirek sortutakoak

Rosa Barba artistaren lanak ikusgai daude Donostiako Tabakaleran, 'Drawn by the Pulse' erakusketan. Zinemaren eta astronomiaren arteko harremana du ardatz proposamenak

Ikus-entzunezko lanak dira Rosa Barbaren obraren oinarria. Irudian, bi lagun, From Source to Poem (2016) lanaren aurrean, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
Argia du bere artelanetarako lehengai nagusi Rosa Barbak (Agrigento, Italia, 1972). Zinemagintzaren lengoaia eta haren elementuak landuz, instalazioak eta eskulturak osatu izan ditu azken hamarkadetan. Zinemaren eta astronomiaren arteko harremanean jarri du fokua sortzaileak oraingoan, Drawn by the Pulse erakusketan. Beste behin ere argia osagai nagusi hartuta, hainbat ikus-entzunezko lan oinarrian dituzten instalazioak eta eskulturak jarri ditu ikusgai Donostiako Tabakaleran, 1 erakusketa aretoan. Urriaren 14ra bitarte egongo da zabalik.

Cristina Camara erakusketaren komisarioaren hitzetan, Barbak bere obra «zinemaren materialtasunean eta edukietan artikulatu ez ezik, lan eskultorikoen eta instalazioen bidez ere gauzatzen du». Camararen esanetan, artistak bere sorkuntzen bidez errealitatearen zenbait alderdi zalantzan jartzen ditu, besteak beste, espazioa okupatzeko modua, eta etorkizunari buruzko eztabaidak ere proposatzen ditu. Haren hainbat piezaren abiapuntu izanik, zinemaren eta astronomiaren arteko harremana hartu dute oinarri erakusketa antolatzeko. Pieza batetik besterako ibilbide bat proposatzen da, baina bi norabideetan egin daitekeela azaldu du.

Aretora sarrera nagusitik barneratuz gero, erakusketari izena ematen dion pieza da bisitariak ikusiko duen lehena, artistak bertarako espresuki sortu duena. Aldi berean 35 milimetroko film bat eta eskultura bat da. Pantaila batean erakusten da filma, eta parean du berau proiektatzeko gailua, non zintak aurrera eta atzera biraka ikus daitezkeen. Hernietta S. Leavittek izarrei buruz egindako ikerketak izan ditu abiapuntu Barbak lana osatzeko. Harvardeko Astronomia Behatokian kalkulatzaile gisa egin zuen lan Leavittek joan den mende hasieran, eta izar aldakorrak ikertu zituen. Hango bi teleskopiok sortutako xafla fotografikoetatik abiatuta, izarren distira aztertu, neurtu eta kalkulatu zuen, eta argi bulkaden maiztasuna kalkulatuta, unibertsoa ordura arte uste zena baino handiagoa zela ondorioztatu ahal izan zuten. Unibertsoa neurtzeko arau berri bat asmatu zuen Leavittek, baina Edward Peckering jo zen aurkikuntza horren egiletzat, Leavitten nagusia zen gizonezko astronomoa, hain zuzen. Barbak izarren argi dirdiretan eta Leavitten xafletako irudietan oinarritu du bere film-eskultura, ikertzailearen lanak eta zinemak izan dezaketen lotura aztertu nahian, artistak berak azaldu duenez.

Haren ondotik, feltroz, testuz eta argiz osatutako bi instalazio daude. Bi piezak osatzen dute lehena —2009koak biak—, The Personal Experience Behind Its Description eta The Indifferent Back of a View Rather Than Its Face izenekoek, eta «feltrozko gortinak» deritzon artistaren ildo eskultorikoan koka daitezke. Hormatik tarte batera, sabaitik zintzilik, feltrozko gortina bat dago, ebakitako testu bat duena. Hori argiztatzean, atzealdean itzalgune bat sortzen da, eta testua argitan irakur daiteke horman; ez, ordea, gortinan, hor ez baita garbi antzematen. Antzera gertatzen da Sea Sick Passenger (2014) lanarekin. Testua ebakia duen feltrozko koadro handi bat da, lurrean kokatua eta argi zenitalez argiztatua, eta non kokatzen den ikuslea, testua ez da garbi ikusten. Horien bidez, denboraren inguruko gogoeta bat proposatzen du artistak, «iraganaren eta orainaren arteko etengabeko negoziazio bat» gertatzen dela iritzita.

Feltrozko bi piezen artean, 16 milimetroko zuri-beltzezko film bat ikus daiteke pantaila batean proiektatua, Above the Plate and Receiver (2016); teleskopio baten irudiak dira nagusi bertan.

Natura eta gizakia

Beste espazio batean, From Source to Poem (2016) obra jarri dute. 35 milimetroko film bat da, pantaila handi batean proiektatua, eta hor dago filma proiektatzen duen gailu handia ere. Soinu banda batez lagundurik, AEBetako bi tokitan hartutako irudiak ageri dira: Kaliforniako Mojave basamortuko eguzki-energia planta batekoak, eta Culpeperko (Virginia) Kongresuaren Liburutegiaren Ikus-entzunezko Kontserbazio Zentro Nazionalekoak. Horien bidez, historia nahiz kultur ekoizpena kontserbatzeko espazioen inguruan gogoeta eginaraztea izan da Barbaren asmoa.

Azken aretoan, ikus-entzunezko beste bi lan daude ikusgai hormetan proiektatuta. Bietan, espazio naturalez gizakiak egiten duen erabilera aztertzen du sortzaileak. The Empirical Effect (2010) lana Italia hegoaldean grabatu zuen, Vesuvio mendian dagoen behatoki zaharrean. Sumendiaren 1944. urteko erupziotik bizirik atera ziren herritarrak ageri dira, oraindik eremu gorrian arriskupean bizi direnak. Somnium (2011) lanean, berriz, Johannes Kepler astronomoak XVII. mendean idatzitako kontakizun batetik —zientzia fikzioaren sorburutzat jotzen da— abiatu da artista. Rotterdamgo portua handitzeko lanen harira, halako eraikuntzek herritarrengan duten eragina du hizpide.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.