Donostiako 67. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Artzainaren atzaparretan

Malgorzata Szumowskak 'The Other Lamb' aurkeztu du Sail Ofizialeko lehiara. Emakume talde bat du protagonista, harrapatuta bizi dena gizon batek gidatutako sekta batean

Raffey Cassidy eta Denise Gough aktoreak, Malgorzata Szumowska zuzendaria eta Stephanie Wilcox ekoizlea, atzo, Donostian. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko irailaren 24a
00:00
Entzun
Baso eder baten erdian, kantuan ari dira emakumeak, egurra mozten, arropak garbitzen eta bazkaria prestatzen dabiltzan bitartean. Eszena zoriontsua izan zitekeen, baina zorionetik urrun daude andrazko horiek Malgorzata Szumowskaren The Other Lamb filmean. Artaldea deritzon sekta batean harrapatuta bizi dira denak, Artzaina deitzen duten gizon baten menpeko une oro. Atzo eguerdiko emanaldiaren ondorengo agerraldian, zuzendari poloniarrak azaldu zuen betidanik interesatu izan zaiola erlijioak gizartean duen eraginaz hitz egitea. Baina filmak badu genero zapalkuntzaren eta horri aurre egitearen inguruko gogoetarik ere. Sail Ofizialeko lehian proiektatu zuten lana, eta, Kursaaleko publikoak harrera bereziki berorik egin ez bazion ere, txaloak ere entzun ziren aretoan.

Selah (Raffey Cassidy) da kontakizuneko protagonista, mendialdean gizartetik aparte bizi den sekta batean jaiotako neskato bat. Artzaina (Michiel Huisman) izan ezik, emakumeak dira kide guztiak, eta bi taldetan bereizten dira: emazteak, soineko gorriz jantzita doazenak; eta alabak, jantzi urdinak daramatzatenak. Emazteetako bat (Denise Gough) ez-purutzat jo du liderrak, eta baztertuta daukate. Neskatoak harekin harremana egingo du, eta, pixkanaka, zalantzak sortuko zaizkio.

Aurrez ondu dituen lanek ere erlijioak gizartean duen eragina hizpide badute ere —Twarz (Mug) (2018), esaterako, zeinak Epaimahaiaren Sari Berezia irabazi zuen iazko Berlinalen—, oraingoan genero fantastikotik gehiago edaten duen film bat ondu du Szumowskak. «Interesgarria iruditu zitzaidan beste eremu batean sartzea».

Elkar zaintzeko ardura

Nolanahi ere, fundamentalismoa ez da filmak lantzen duen gai bakarra, Denise Gough aktoreak gogorarazi zuenez: «Nire ustez, filmak erakusten du zein indartsua den emakumeek gizonarengan proiektatzen dutena. Ez da soilik emakumeen zapalkuntzari buruzko lan bat; gizonak salbatuko dituen ideiari aurre egiteaz ere hitz egiten du. Asko hitz egin genuen halako egoera batean emakumeok elkar zaintzeko dugun arduraz. Ez ditut maite biktima gisa agertzen garen filmak; ardura geure gain hartu behar dugu».

Lehen aldiz, ingelesez eta beste norbaiten gidoiarekin —Catherine S. McMullenena da— ondu du lana zuzendariak. Gidoilariak Australian girotu zuen kontakizuna, baina, Europako finantzaketa izanik, Irlandan filmatzea erabaki zuten azkenean. Hain zuzen, aktoreek plano hurbiletan agertzen dituzten emozioekin batera, paisaiak dira filmaren beste osagai nagusietako bat.

Szumowskak azaldu zuenez, ia filmaketa osoa aire zabalean izanik, eguraldi hotz eta euritsuari aurre egitea izan zen gauzarik gogorrenetako bat lantaldearentzat. 25 egunean grabatu zuten dena, eta, denbora mugatua izanik, plano bakoitza aurrez sakon prestatu zuela ere adierazi zuen, hainbat margolariren eta argazkilariren lanak inspirazio iturri hartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.