Donostiako argazkizale batzuk argazki elkarte bat sortzeko biltzen hasi ziren 1945ean. Urte batzuk geroago, 1948an, Gipuzkoako Argazkilari Elkartea sortu zuten. Aurten, 75 urte bete ditu. Atzo, hasiera eman zieten Donostiako Aste Nagusiari, Aspace elkartearekin batera, Alderdi Ederren. Kanoikadan, Susana Gajaca (Gallarta, Bizkaia, 1967) elkarteko egungo presidenteak parte hartu zuen, besteak beste. Gajacari lehen argazki kamera 14 urte zituela oparitu zioten. 16 urterekin, Fotosamar (Bilbo) eta Fotoarenas (Bilbo) elkarteak aurkitu zituen, eta, horietan, argazkiak egiteko trebetasuna landu zuen. 2019tik da elkarteko presidentea, eta gaur egun ez du bere burua beste toki batean ikusten.
Nola ezagutu zenuen elkartea?
Donostiako Pasealeku Berritik paseatzen ari nintzela topatu nuen. Egun batean, eraikina ikusi, eta oso polita zela pentsatu nuen. Hurrengo egunean, berriz ere handik igaro, eta bertan sartzea erabaki nuen. Gipuzkoako Argazki Elkartea zela jakin nuenean, txundituta gelditu nintzen. Handik denbora batera, erakusketa pare bat ikusi ondoren, animatu nintzen, eta bazkide egitea erabaki nuen.
Elkartekoek nola ikusten duzue argazkigintza?
Oso aldatua, batez ere, argazkigintza analogikotik digitalerako aldaketagatik. Positiboa izan da: bizkortasuna argazkiak ikusteko, argazkiak behin eta berriz errepikatzeko, eta besteen lanak ezagutzeko erraztasuna ere bai.
Eta zer iruditzen zaizue adimen artifizialaren bilakaera?
Arazo bat dela uste dugu. Batez ere, lehiaketetan aritzen diren argazkilarientzat. Gaur egun, kasu batzuetan, ordenagailuak sortutako argazkiek irabazi dituzte sariak. Gainera, plagioarekin arazo handiak daude, programa askok beste argazkilarien argazkiak hartzen dituztelako irudi berriak sortzeko, eta, noski, baimenik gabe.
Nola ikusten duzue gazteen etorkizuna argazkigintzan?
Etorkizun oparoa dute. Azken finean, digitalizazioari esker, irudi berberak behin eta berriz sortzeko aukera dute. Informazio asko dute eskuragarri, eta egunero jasotzen dut. Denbora osoan mota guztietako argazkiak kontsumitzen ari dira, onak eta txarrak. Argazkigintzan aritzeko, argazki eta erakusketa asko ikusi behar dira.
Nola definituko zenuke argazkigintza?
Ezin da hitzez azaldu. Argazkigintza arlo askotan banatzen da. Kuriositatea izan daiteke guztiaren oinarria. Ingurua, argazkia nola sortzen den, argazki kamerak nola funtzionatzen duen... ulertu nahi hori izatea izan daiteke.
Aurten Donostiako Aste Nagusiko festen hasieran parte hartu duzue. Zer garrantzi du zuentzat?
Ezustean harrapatu gintuen, eta, egia esan, amaiera polita da 75. urteurrenaren ospakizuna ixteko. Ilusio berezia egiten dit, batez ere, urte asko daramatzaten elkarteko kideek horrelako zerbait bizi ahal izateko aukera dutelako. Denok gaude oso hunkituta; izan ere, udaletik nirekin kontaktuan jarri zirenean albistearen berri emateko, eskatu zidaten sekretua gordetzeko ofiziala izan arte. Eta halaxe egin nuen; egun batzuk pasatu ziren zuzendaritza batzordean elkarteko kideei albistearen berri eman nien arte.
Donostiako Aste Nagusia. Susana Gajaca. Gipuzkoako Argazkilari, Elkarteko presidentea
«Argazkigintzan gazteek etorkizun oparoa dute»
Argazkilarien elkarteak 75 urte bete ditu aurten. Donostiako Aste Nagusiko kanoikadan parte hartu zuten atzo, Aspace elkartekoekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu