Albistea entzun

Triste, ez burumakur

AS Baionak eta Ampo Ordiziak galdu egin dute finalerdietan: 12-40 eta 39-26, hurrenez hurren. Oso ondo aritu dira aurkari indartsuen kontra
Carla Arbez AS Baionako joko irekitzailea pase bat ematen, titulurako kanporaketetako lehen partidan.
Carla Arbez AS Baionako joko irekitzailea pase bat ematen, titulurako kanporaketetako lehen partidan. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Imanol Magro Eizmendi -

2019ko maiatzak 12

Lan zailak zituzten biek, eta bai AS Baionak, bai Ampo Ordiziak triste egin zuten etxerako bidea atzo. Triste bai, baina ez burumakur, biek ala biek maila oso ona eman zutelako titulurako finalerdietako partidetan. ASB Baionak 12-40 galdu zuen Montpellierren aurka, Auchen (Frantzia), eta Ampo Ordiziak 39-26 El Salvadorren aurka Valladoliden (Espainia). Finaletik kanpo gelditu dira biak ala biak.

Maila txukuna eman zuten bi euskal taldeek, lehiakor aritu ziren, baina aurkaria titulurako faborito nagusia denean, hori ez da aski izaten. ASBk, esaterako, azken sei ligetatik bost irabazi dituen eta sasoi honetan galdu gabea zen aurkaria zuen parean, eta indarrek eutsi zioten bitartean aurre egin zion Montpellier ahaltsuari.

Maika Brust ASBko jokalariak aste honetan esan du BERRIAn, hutsak eginez gero, garesti ordainduko zituztela Montpellierren aurka. Bada, defentsan eginiko biri esker aurreratu zen aurkaria (0-12). ASB, baina, borrokarako zegoen, eta entsegu marratik oso gertu adierazitako uztartze itxi batean gogor bultz egin ondoren, Celine Ferer bigarren lerrokoak entsegua lortu zuen (12-5).

Atsedenaldira emaitza horrekin iritsi ziren. Montpelierrek eman zuen lehen kolpea bigarren zatian (19-5), baina ASBk beste entsegu bat lortu zuen Nadege Luperen bitartez, jokaldi nahasi batean (19-12). ASB partidan zen, baina nekea sumatzen hasi, eta Montpelierren jokalarien maila bikaina —Frantziako selekzioa erdia dira— azaleratu zen azken txanpan. Tartea ireki zuten beste hiru entsegurekin. ASBk, halere, Montpellierren zelaian bukatu zuen, estutzen, eta entsegua lortzear egon zen azken jokaldian.

Ordiziak, 70 minutu on

Ampo Ordiziak ere partida handia jokatu zuen Valladoliden, eta 70 minutuz eutsi zion El Salvadorri. Are gehiago, atsedenaldian, aurretik zen: 15-16. Norgehiagokaren hasieran, 0-5 aurreratu zen Gabriel Engelbrechten entseguarekin (17. min.), eta El Salvadorrek erreakzio oso ona izan zuen arren, goierritarrek partidan sartuta jarraitu zuten, Valentin Cruzek zangoarekin lorturiko puntuei esker.

Etxekoek hobeto ekin zioten bigarren zatiari, eta berehala ireki zuten aldea bi entsegurekin (29-16, 55. min.). Lehiak hautsita zirudien, baina Ordiziak ez zuen amore eman. Julen Goiaren entsegu batek eta Cruzen zangoak itxaropena berpiztu zuten (29-26, 66. min.). Oreka zegoen partidan, baina, aldaketen eraginez, El Salvadorrek freskoago zirudien, eta aldea ireki zuen berriz (34-26, 70.min.; eta 39-26, 80. min.). Azken txanpan, Ordiziak eraso on pare bat izan zituen, baina huts egin zuen. Presaka ibili behar izatearen lanak ziren.

Bestalde, Baionak 32-26 irabazi zion atzo Neversi eta Top 14ra igotzeko kanporaketetako finalerdietarako sailkatu zen. Hurrengo larunbatean jokatuko du finalerdia, Oyonnaxen zelaian.

Sareko BERRIAzalea:

Udazkenean, BERRIAlagun egiteko pausoa eman dezazun, eskaintza bat egin nahi dizu BERRIAk. Herri baten kulturaren plaza da BERRIA. Kultur egitasmo, dinamika eta ekitaldi anitzen erakustoki. Euskal kulturaren inguruko informazioaren plaza handia. Azaroan eta abenduan, Euskaraldiak, Bertsolari Txapelketa Nagusiak eta Durangoko azokak hartuko dituzte, besteak beste, BERRIAren orrietako asko, paperean eta webgunean.

Albiste asko irakurriko dituzu, segur aski webgune honetan bertan. Eta eskari bat egin nahi dizugu: har ezazu konpromisoa irakurtzen duzunarekin. Irakurleen babes ekonomikoa funtsezkoa da BERRIAren etorkizuna ziurtatzeko.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Hitzen, ekintzen eta errimen eztanda. Herri bat BERRIAren kulturaren plazan. Baliatu udazkenean BERRIAlagun egiteko eskaintza.