Literatura

Deitoratzeko dagoen guztia

'Isuri egiten da dena' nobelan, Vasili Grossmanek zehatz deskribatu zuen Ukrainan 1932-1933 epean nozitu zuten gosetea; gulagetik itzulitako gizon bat hartzen du protagonista gisa

2019ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Vasili Grossmanek (Berditxiv, Ukraina, 1905 - Mosku, Errusia, 1964) 1955 eta 1963 urte bitartean idatzitako Isuri egiten da dena nobelan (1961), Ivan Grigorievitx, protagonista, Gulageko iparraldeko lan esparruetatik bueltatzen da, bertan bere bizitzako 29 urte igaro ostean. Mosku eta Leningrad, gaztaroko hiriak biak, bisitatzen ditu lehenik; jarraian, Errusia hegoaldeko landa herri batean bizitzen jartzen da. Nobela osoan behin ere ez dira Sobietar Errusiako mugak zeharkatzen, eta, hala ere, istorio arras kosmopolita kontatzen du. Lan esparruetan kokaturiko pasarteetan jadanik nabarmena da aniztasuna, presoetako batzuk errusiarrak baitira; poloniarrak eta Krimeako tartaroak ere badaude, eta judu batzuk.

Aske gelditu berritan, izurritik osatu baina oraindik kutsagarria den norbait balitz bezala dabil Ivan Grigorievitx kaleetatik; haren presentzia hutsak ikaratu egiten ditu garai batean lankide izandakoak eta urruneko senideak. Itzulera salaketa baten moduan antzematen dute, Ivan Grigorievitx ahots apalarekin eta keinu neurtuekin zuzentzen zaien arren. Ezagunekin topo egiten duen bakoitzean, hainbat gauza esan gabe geratzen dira. Errua botatzen ote die Ivan Grigorievitxek? Hala balitz, ez litzateke harritzekoa izango.

Ivan Grigorievitxek, ordea, uko egiten dio halako irtenbide erraz bati. Haren aurka aritu ziren haiek ez ditu salatzen. Aitzitik, lan esparrutik ekarri zuen tren geltokira itzultzen da. «Zenbait momentutan, lan esparruetatik aske geratutako gizon zaharrek lan esparruan berriro sar zitzatela eskatzen zuten. Ivan txarrantxadun hesiaren bestaldera itzultzeko desiratzen zegoen orduan. Barraketako berogailuetara ohitutako horiek aurkitu nahi zituen, trapu zaharrak soinean eta ahi mehea katiluetan etxean sentitzen ziren berberak. Zera esan nahi zien: 'Bai, askatasunak beldurra ematen du'. Gizon zahar haiei kontatu nahi zien lan esparrua uztea baino zoriontasun handiagorik ez dela, itsu eta hankarik gabe, atera eta berehala hesi madarikatutik metro batzuetara ahuspez erori eta bertan seko geratuta ere».

Nobelako pasarterik hunkigarrienak, ordea, ez dira lan esparruko bizimoduari buruzkoak, ez, handik milaka kilometrotara jazotako gertaeren gainekoak baizik. Ukrainan 3-5 milioi hildako eragin zituen 1932 eta 1933 bitarteko gosetea, esaterako. Alexander Etkind kritikariaren ustez, errusierazko literaturan Isuri egiten da dena-k deskribatzen ditu zehatzen gertaera horiek.

Burdina bihotzean

Bizilekutzat aukeratu duen landa herrian, Ivan Grigorievitx apopilo dago Anna nekazariaren etxean, zeinak senarra galdu zuen gerran. Azken hori bezala, sobietar estatuaren krimen izugarrien lekuko izan da Anna. Bata haien biktima izan da, baina bestea jazartzaile rolean aritutakoa da. Izan ere, adin ertaineko nekazari alargunduak gosetea pizten lagundu zuen. «Ezinezkoa da ahaztea», aitortzen dio Annak Ivani. «Hortxe jarraitzen du denak... burdinazko zati bat nire bihotzean, jaurtigai puska bat bezala». Burdinazko zatia du kontzientziaren arra, giza kostu hain handia arrazoitzekoStalinek erabilitako helburu handi hori onartzea eragozten diona.

Dolua ardatz duen nobela honetan, Ivan Grigorievitxek Ukrainatik haratago garamatza. Kaukason jaio zen bera, eta oroitzapen bizi-biziak ditu errusiar inperioaren kolonizazioari buruz. Haren aitak familia etxea eraiki zuen tokia zirkasiarren lurraldea izan zen garai batean, errusiar agintearen kontra altxatu zen Kaukasoko etniako kideena. Milaka zirkasiar hil zituzten kolonizazioaren urteetan; XIX. mende erdialdean, haietako asko Turkiara kanporatu zituzten. Umetan, zirkasiar zibilizazioaren aurrien artean hazitako Ivan Grigorievitxek abandonaturiko zirkasiar lorategi eta hilerriekin topo egin ohi zuen Errusiako zelai eta errepideetan. Behin, maiz ematen zituen paseoetako batetik etxera bueltan, negar betean hasi zen. «Basoko eremu erdi ilunean, norbait kexuka ari zela ematen zuen; zirkasiar artzainen ahotsak edo haur txikien negarrak entzuten ari zen irudipena zeukan». Aitari azalpenak eskatu zizkion behin, eta terrore estalinista azaltzeko Errusian maiz erabilitako esamoldearekin erantzun zion hark —kasu honetan, Kaukasoaren kolonizazioari aplikatuta—: «Baso bat azken zuhaitzera arte mozten duzunean, ezpalek hegan egiten dute». Hots, zirkasiarren biktimizazioa kalte onargarria izan zen errusiar eta, ondoren, sobietar inperioren loria ziurtatze aldera.

Kolonian igarotako haurtzaroaz hausnartzen ari dela, iraganaren lotsa sentitzen du Ivan Grigorievitxek, eta, etorkizunari begira, hondamendiak aurreikusten ditu. Errusia modernizatzeko saiakera orok —Pedro Handiaren, Katalina Handiaren, Leninen zein Stalinen eskutik—, askatasuna zabaldu beharrean, esklabotza areagotu egin du, haren aburuz, eta ez dio ziklo biziotsu horri amaierarik ikusten. Erruduntasun politikoaren, nostalgia sentimentalaren eta pentsaera politiko ezkorraren arteko nahasketa ohikoa da kolonietan hazitako pentsalarien haurtzaroko oroitzapenetan.

Etnikoki errusiarra, estalinismoaren biktima, eta kolonoa zirkasiar lurraldean; Ivan Grigorievitxen bizipenak Hannah Arendtek boomerang efektua deiturikoaren adibide dira: inperioko jazartzaileen ondorengoa barne indarkeriaren biktima bihurtzen da. Efektu horretan sakonduz, Ivan Grigorievitxek Kaukasora itzultzea erabakitzen du, eta ikusten familia etxea jadanik ez dela existitzen.

Memoria leku horretan amaitzen da nobela; zirkulua ixteko baino gehiago, hura zabaltzeko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.