Katua eta sagua nola

Derbia jokatuko dute Realak eta Eibarrek, Anoetan. Bi taldeek ezer gutxi dute jokoan. Donostiarrek puntu baten aldea dute

Paulo Oliveira eta Jon Bautista, lehian, Ipuruan, lehen itzulian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Jon Ander De la Hoz - Aitor Manterola
2019ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Ligako talde bakoitzak bere helburuak eta asmoak izaten ditu txapelketa horretarako, baina sailkapena da errealitatearen benetako adierazlea. Horretan antzeratsu dabiltza Reala eta Eibar; puntu baten aldea dute donostiarrek. Hala, katuaren eta saguaren jokoan ariko dira gaur, Anoetan, derbian. Harrapari lanak egingo dituzte eibartarrek, hiru puntuak eskuratuz gero aurrea hartuko baitiote Realari. Txuri-urdinek, berriz, bi taldeen arteko arrakala handitu eta Europarako aukera urriei eustea beste xederik ez dute.

Azken partidako itxura hobetu egin beharko dute horretarako. Gaizki aritu ziren Vigon, eta porrotak (3-1) urrundu egin ditu helburutik. Gainera, jokalari asko min hartuak ditu Imanol Alguacilek. Asier Illarramendik denbora luzea darama zelaietatik kanpo, baina, mutrikuarraz gain, David Zurutuza, Adnan Januzaj eta Hector Moreno ere ez dira ariko.

Ezta Willian Jose ere, hasiera batean, bederen. Espainiako Federazioko Apelazio Batzordeak ostiralean jakinarazi zuen atzera bota duela Realak ezarritako helegitea, eta zigorra mantendu dio. Donostiako klubak Kirola Arbitratzeko Espainiako Auzitegira jo du, Willian Josek behin-behinean jokatzeko aukera izan dezan. Horregatik, deialdian da. Gaur jakingo da jokatu ahal izango duen.

Nolanahi ere, zelaian izango dira Mikel Merino, Juanmi Jimenez eta Igor Zubeldia, gainditu baitituzte azken egunetan izandako arazo fisikoak. Haiekin batera, Ander Barrenetxeak, Robin Le Normandek eta Zourdine Thiorrek jokatzeko aukerak dituztela nabarmendu du prestatzaileak. Ariko balitz, sasoi honetan Realarekin debuta egiten duen harrobiko hamargarren jokalaria litzateke erdilari oriotarra.

Eibar ere hutsune askorekin

Lehen Mailan ari denetik, bosgarrenez jokatuko du gaur Eibarrek Anoetan,eta inoiz lortu gabea lortu nahi du: irabaztea. Berdintzea zer den badaki, baina ia beti galtzaile izan da. Etxetik kanpo liga honetan egiten ari dena hobetzea ere badu helburutzat Jose Luis Mendilibarren taldeak, partida ale bakarrean izan delako irabazteko gai, lehiaketaren hasieran, gainera.

Ipuruan mamitu du Eibarrek orain ligaren erdiko multzoan sailkatuta egotea, eta, batez ere, mailari eusteko helburua ia erabat ziurtatua edukitzea. 39 punturekin, nekez harrapatuko dute azken hiru taldeek. Baina badaezpada ere, komeni da beste punturen batzuk gehitzea altxorrari. Horretara ere aterako dira gaur Mendilibarren jokalariak.

Dauzkan guztiak aterata izan beharko du, ez baitu aukera handirik: hamasei jokalari baino ez ditu. Min hartuta daude Jordi Calavera, Ivan Ramis, Pedro Bigas eta Ruben Peña atzelariak, eta baita Pape Diop erdilaria ere. Sergio Alvarez euskarria erdiko atzelari izango da, aurreko asteburuan Real Madrilen zelaian bezala, eta Pablo De Blasisek beteko du eskuin hegala, hark ere Santiago Bernabeun egin zuen bezala. Pedro Leon, behintzat, deialdian da. Bigarren taldeko Juan Carlos Lazaro Kaiser atzelaria eta Miguel Mari euskarria deialdian dira.

REALA-EIBAR

Reala.Reala. Rulli; Zaldua, Diego Llorente, Navas, Aihen; Zubeldia, Merino, Sangalli; Sandro, Juanmi eta Oiartzabal.

Eibar. Dmitrovic; De Blasis, Oliveira, Sergio Alvarez, Jose Angel; Cardona, Escalante, Jordan, Cucurella; Enrich eta Kike Garcia.

Epailea. Jaime Latre.

Lekua. Anoeta (29.000 ikusle).

Ordua. 16:15ean (Bein La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.