Kemena eta ezina

Joseba Ezkudiak 22-21 irabazi dio Unai Lasori, 13-21 galduz joan ondoren. Aspekoak urrats handia egin du finalerdiak jokatzeko

Unai Laso, pilota jotzear, Joseba Ezkurdia begira duela, atzo, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2019ko urriaren 20a
00:00
Entzun
Nekez ahaztuko dute Joseba Ezkurdiak eta Unai Lasok atzo Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatutako partida. Ezkurdiak ia galdua zuen partida irabazi baitzuen. Lasok, aldiz, ia irabazia zuen neurketa galdu baitzuen. 22-21 nagusitu zen Aspekoa, 13-21 galduz joan ondoren. «13-21ekoarekin norbaiti entzun diot Lasok jada egina zuela, eta horrek sekulako amorrua eman dit», zioen Ezkurdiak partida amaitutakoan. Pozaren eta kemenaren irudia zen. Nekez irabaziko du beste partidarik horren gaizki jokatuta. «Gehiegi fidatu naiz. Ezkurdiak tanto batzuk egin dizkit, urduri jarri naiz, eta hutsak egiten hasi naiz. Garesti ordaindu dut. Jota nago». Atsekabearen eta ezinaren irudia zen Laso. Nekez galduko du beste neurketarik hain ondo jokatuta. Ikasi du lezioa, modu krudelean: partidak errematatu egin behar dira, bestela, akabo.

Bi partida irabazita, Ezkurdiak oso bideratua du finalerdietarako sailkapena. Bera da B multzoan bi neurketak irabazi dituen bakarra. Lasok eta Iñaki Artolak, berriz, garaipen bana dute, eta euren artean borrokatuko dira Ezkurdiarekin batera finalerdietara pasatzeko. Bengoetxea VI.ak, aldiz, garaipenik ez du, eta ia ez du aukerarik. Hori gutxi ez, eta min hartu zuen ipurmasailean herenegun, Artolaren aurka, eta ikusteko dago azken jardunaldia jokatu ahal izango duen. Lasoren kontra aritu beharko luke, eta, jokatzeari uko eginez gero, 22-0 irabaziko luke Lasok, eta aukera handiak lituzke sailkatzeko. Hori hala izan ez dadin, Artolak alde oso handiaz irabazi beharko lioke Ezkurdiari, hura kanporatzeko.

Peio Etxeberria, irabazle

Logroñon (Espainia), Adarragan, jokatu zen eguneko beste neurketa, A multzokoa, eta Peio Etxeberriak 22-16 irabazi zion Victor Estebani. Zenozko (Nafarroa) aurrelariak lehen garaipena du ligaxkan, eta, beraz, badu oraindik aukera finalerdietarako sailkatzeko. Atzokoak, gainera, konfiantza handia emango dio, neurketa bikaina jokatu baitzuen. Ez zen ondo hasi (3-2), baina behin nerbioak gainetik kenduta, nagusi izan zen. Victor saiatu zen Aspekoaren joari eusten, baina ez zuen lortu, eta bigarren partida galdu zuen. Horren ondorioz, ia ez du aukerarik sailkatzeko.

Hain zuzen, A multzoko beste partidak emango dio amaiera jardunaldiari. Jokin Altuna eta Erik Jaka elkarren aurka ariko dira Eibarren (Gipuzkoa). Biek ondo ekin diote ligaxkari, irabazi egin baitute lehen neurketa: Altuna III.ak 22-5 Peio Etxeberriari, eta Jakak 22-14 Victorri. Garaileak urrats handia egingo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.