Julian Iparragirre. Pilota esataria, erretiratua

«Pilota eskolan nirekin aritutako mutiko bat ere ez da pasatzen ni salutatu gabe»

Iparragirrek aukera izan du pilota eskolan berarekin aritutako mutikoak finaletan ikusteko eta partida horiek Euskadi Irratian emateko. Pasioz mintzo da pilotaz, bere bizitza baita. Esatari gisa erretiroa hartuta ere, frontoian ez du hutsik eginen.

JON URBE / FOKU.
Iker Tubia.
Iruñea
2022ko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Hainbestetan jokalari, maisu edo ikusle gisa zapaldu duen frontoian izan da elkarrizketa Julian Iparragirrerekin (Arantza, Nafarroa, 1949): Leitzako plaza nagusian (Nafarroa). Pilotazale petoa, txikitatik aritu da paretaren kontra pilotan jokatzen. Afizionatu mailan aritua, pilota eskolan hainbeste haurren maisu, eta azken hogei urteetan Euskadi Irratian esatari lanetan, pilota partidak ematen. Erretiroa hartu du.

Arantzan sortua zara. Orduan hasi zinen pilotan? Txikitan?

Ni baserriko semea naiz; eskolara joaten ginen, baina, eskolara baino gehiago, pilotan aritzeko joaten nintzen. Garai hartan ez zen ez futbola, ez txirrindularitza... orduan pilota zen.

Eskolan piper egiten zenuen pilotan aritzeko?

Maisuak zorrotzak izaten ziren, eta eskapo ez, baina atsedenaldian eta eskolak bukatu eta gero, beti hartzen genuen pilota eskutan, eta hantxe ibiltzen ginen.

Erreferente asko zenituzten?

Bai: Jesus Mari Arozena eta Fagoaga, oso-oso atzelari ona. Gero, ni baino pixka bat gazteago zena eta pilotari izugarria atera zena, Antton Maiz. Atzelari hoberenetako bat; pilotari ikaragarria.

Zerk ekarri zintuen Leitzara?

Bi anaia Leitzara etorriak ziren, hemen ireki zutelako paper fabrika. 18 urterekin hasteko aukera izan nuen, eta etorri nintzen. Pilotan ere orduan hasi nintzen. Zortzi ordu fabrikan eginda, bazenuen denbora entrenatzeko. Pilotak erosteko eta pilotan aritzeko aukera gehiago izan genuen. Afizionatu moduan urte asko egin nituen, oso-oso gustura. Udan-eta, partida asko jokatzen genituen orduan. Euskal Herri osoan herri askotan aritu ginen. Kirola egin, jende asko ezagutu, eta diru pixka bat ekartzen zenuen etxera.

Pilotak erosteko aukera zenuen fabrikan irabazitako diruarekin. Ez zen erraza?

Ez. Arantzan, trapuzko pilotek asko balio zuten, eta gu familia handia ginen, zortzi anaia; gurasoek ez zuten bizi erraza izan, halako baserri kozkorrean hainbeste umeentzako bizitza aurrera ateratzeko. Pilotak beharrean, beste gauza asko zeuden erosteko; jatekoa, batik bat.

Zer giro zenuten fabrikan?

Oso ona. Ni baserriko semea naiz, baina ez naiz baserriko lanen zalea izan. Erraz ohitu nintzen baserritik fabrikara.

Langile mugimenduak zer indar izan zuen zuen fabrikan?

Hasieran, jende pila bat etorri zen kanpotik, jende asko behar zen, eta garai horretan ez, baina gero mugimendu latzak izan ziren. Akordatzen naiz greba egin behar izan genuela behin baino gehiagotan, eta ez zen erraza, gogorra zen, baina luzerako onuragarri izan ziren: eskubideak lortu ziren, eta langileok gehiago baloratu izan gaituzte.

Nola sartu zinen pilota amateurrean?

Guillermo Mazok egin zidan federazioko aurreneko fitxa. Aurrenekoa, bigarren mailako txapelketa, afizionatuena; gero, pixka bat hobetuz joan nintzen, eta lehenengo mailakoetan dezente parte hartu nuen. Nafarroako txapelketan binakakoan lortu nuen txapela. Txapelketez aparte, udan asko jokatzen zen afizionatu moduan. Leitzan, esaterako, bestetan, lau egunez jokatzen zen.

Zer giro izaten zen?

Oso-oso giro ona. Oroitzen naiz Leitzan herriko plazan jokatzen zela, eta plaza guzia betetzen zen. Orduan, afizionatuetan pilotari pila bat zen, eta partida gehiago jokatzen ziren. Asteburutan, lau pilotarik autoa hartu eta joaten ginen, partida jokatu eta iluntzean etxera. Afizionatu maila oso baloratuta zegoen, eta oso ongi ordaintzen ziguten.

Nola hasi zineten Leitzako pilota eskolan?

Oraindik jokatzen ari nintzela sartu nintzen pilota eskolan. Herrien arteko txapelketak jokatzen hasiak ziren, baina Leitzan ez zen eskolarik. Baina gu baino lehenago, Aurrera elkarteak kirolaren eta kulturaren aldeko sekulako lana egiten zuen —eta egiten du—. Akordatzen naiz asteburutan nola ibiltzen ginen txikiak, gero handixeagoak, afizionatuak, entrenamenduren bat egiteko. Gero, eskola zabaltzen hasi zen, eta hiru gurasori okurritu zitzaien zerbait egin behar zela herrian. Horrela hasi zen. Oroitzapen politak ditut. Mutiko pila bat pasatu ziren gure eskuetatik, eta ordu asko pasatzen genituen. Hamasei urtean ibili nintzen hor. Politena da mutiko bat ere ez dela pasatzen ni salutatu gabe.

Leitzak badu zerbait berezia pilotarekin?

Izan ziren pilotari oso onak hemen: Juan Mari Bengoetxea eta bere anaia Miel pilotari ikaragarriak ziren. Erremontistetan, Miel Zabaleta, profesionaletan ibili zen Juan Antonio Olaetxea... Pilotak bazuen bizi bat herrian.

Oinatz Bengoetxeari buruz hitz egitera gonbidatu zintuzten Euskadi Irratikoek. Hori izan zen hasiera?

Polita izan zen. Oinatz Bengoetxeak debutatu behar zuen, izar bat heldu zen, munduko txapeldun atera zen buruz buru. Profesionaletan pausoa eman behar zuela-eta, Iñaki Elortzak Oinatzekin ibili zen maisuren batekin hitz egin nahi zuen. Partida eman, eta Elortzak esan zidan harekin hasteko, Julian Retegik utzi behar zuelako. Aurrena, proba bat egingo genuela bi hilabetez. Zerbait ongi egingo nuen, hogei urtez aritzeko aukera izan baitut. Elortzak kirola dena ematen zuen ongi, eta harekin asko ikasteko aukera izan nuen.

Mikrofonoen aurrean hasieratik egon zara eroso?

Pilota eskolan aritzen nintzelarik ireki zuten Karrape irratia Leitzan. Astean behin, irratian aritzen nintzen pilotari buruz. Ez zidan hainbesterako aldaketa iruditu. Euskadi Irratian hasita ohartu nintzen pilota eman behar duzula, noski, baina ezin dela dena esan. Hasieran izan nituen mezu edo dei batzuk, baina hortik aurrera askoz ere gehiago izan ziren mezu onak, eta pilotariekin eta enpresekin oso harreman ona izan dut. Pilotariekin egotea asko gustatzen zitzaidan, baina uste dut eskolan izan nuen harreman horrengatik datorrela hori, horrek lagundu zidala. Tratu ikaragarria eman didate bi enpresetako pilotariek: lagun baten moduan tratatu naute.

Nolakoa zen mikrofonoetako kanpoko lan hori?

Beharbada enteratzen ginen zer pilotari pasako zen afizionatuetatik profesionaletara, gutxi gorabehera zein pilotari ari ziren entrenatzen enpresarekin... Baina ezin zen mikrofonotik esan.

Telebistak ez du irratia jan?

Bi medio oso beharrezkoak dira. Euskal Telebistak pilota behar du, eta pilotak Euskal Telebista behar du. Hori, ikusteko; baina irratia ere oso beharrezkoa da. Ez daude pilotazale guziak telebistari begira. Autoan direnentzat, mendian dabiltzanentzat... eta bakarren bati entzun diot telebista ikusi eta irratia entzuten duela. Irratia pilotazaleentzat oso beharrezkoa izan da.

Azken emankizuna, Iruñean, finala. Nolakoa izan zen?

Oso-oso berezia. Nafarra izanik, beti izan nuen gogoa. Garai batean, Donostiako Atanon jokatzen ziren. Esan beharra dago garai bateko frontoiaren falta sumatzen dudala, Atano. Orain Gipuzkoako punta-puntako hainbeste pilotari egonda, pena da. Baina poz ikaragarria eman zidan Nafarroako aurreneko finalak: frontoi berria, ikuskizuna, bi pilotari nafar, eta nire azkeneko emankizuna. Finala ez da erraza izaten, ez zen partida ikaragarria jokatu. Unai Lasok sekulako erakustaldia eginda irabazi zuen partida, eta Joseba Ezkurdiak pena eman zidan, ez zuelako bere jokorik egin. Partida bukatzean, pilotazale batzuk agurtzera etorri ziren. Oso polita eta hunkigarria izan zen.

Atzera begira, baduzu emankizun gogoangarriren bat?

Denetan bereziena, noski, Abel Barriolak eta Oinatz Bengoetxeak 2008an jokatu zuten finala, biak herrikoak, biak nire pilota eskolan aritutakoak. Horiei ez nien askorik irakatsiko, pilotari jaio ziren, baina Leitzako pilota eskolan beharrezkoak dira horrelako izar batzuk ere, beste mutikoentzat erreferente izateko. Partida berezia izan zen, giro aparta... herrian bi familia, bi talde, ez zen erraza izango, baina kontuan izan behar da finaleko partida bat besterik ez dela.

Zer iruditu zaizu pilotaren garapena?

Aldaketak izan dira, noski. Nik esango nuke garai batean beharbada pilotari profesionaletan urte gehiagotan aritzen zirela; orain, lehen mailako bi enpresa dira, eta, orduan, ez da erraza. Profesionaletan bi mundu daude: izarren mundua eta bigarren mailako pilotariena. Pilotatik bizitzeko, izarrak oso ongi, baina gainerakoek ez dute erraza. Garai batean, partida gehiago jokatzen ziren.

Emakumeen pilota geroz eta indartsuago ikusten duzu?

Oso ongi ikusten dut, orain dela bi urterekin alderatuta sekulako aldaketa egin du. Lan handia egiten ari dira, eta gorakadak poztasun handia ematen du. Badaude taldeak, Ados pilota hor dago, Iera Agirre noski, Leitzakoa, garai batean nirekin hasi zena... Kirolariak eurak ari dira gauzak antolatzen, eta lan handia egiten ari dira. Lan asko dago egiteko, baina segitzen badute, geroz eta hobeki egonen da emakumeen pilota.

Eskolaren garaiaz hitz egitean, mutikoez aritu zara. Neskarik ez zenuen izan?

Bai, izan nituen; hiru neska hasi ziren, eta beste bat Goizuetatik etortzen zen. Umeen egunean Leitzako plazan beti lau mutiko jartzen ziren, eta urte batean okurritu zitzaidan lau neska jartzea, eta oso polita izan zen. Baina ez ziren ikusten neskak pilotan, eta, orain, pilota eskolan neska asko eta guraso asko ari dira lanean.

Orain, zer? Mikrofonoen aurrean ez, baina pilotaren mundutik ez zara asko aldenduko, ezta?

Ez, noski, zalea naiz. Herriko frontoira seguru joango naizela. Orain atsedena hartu behar dut, telebistatik ikusiko dut, eta edozein partida garrantzitsu bada, hantxe joango naiz frontoira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.