ATZEKOZ AURRERA. Maite Telleria. Hockey jokalaria

«Aurreko denboraldian gaizki egindako gauzak hobetzea dugu erronka»

Donostiako Aste Nagusia hasiagatik, denboraldi-aurrean da Realeko belar hockeyko taldea. Argi du Telleriak: «zaila» da jaia eta kirola uztartzea.

JON URBE / FOKU.
Izaro Zinkunegi Barandiaran.
Donostia
2018ko abuztuaren 12a
00:00
Entzun
Gogoan du Maite Telleria (Donostia, 1997) Realeko hockey jokalariak ekainaren 3an esne mamitan amaitu zuten, liga irabazi baitzuten ustekabean. «Nahi baino gutxiago» ospatu badute ere, denboraldi-aurrean bete-betean dira egunotan; ordea, atzerako kontua hasia du erdiko atzelariak: festak bukatu aurreko egunetan, Holandarako hegaldia hartuko du; ikastera doa, eta urte amaieran itzuliko da. Bitartean, hango talde batean entrenatuko da, «erritmoa ez galtzeko».

Udan, zer da gogorrena kirolari batentzat?

Arratsaldeetan lagunak utzi eta entrenatzera joatea. Entrenamenduak pisutsuagoak dira; horrez gainera, bero egiten du, eta askoz gehiago nekatzen zara.

Jaiak ere hasi dira. Bateragarriak al dira kirola eta festa?

Izan daitezke, baina zaila da. Jakin behar duzu noiz atera eta noiz ez. Kontuan izan behar dira zure baldintza fisikoak, hurrengo eguneko entrenamendua, nola egongo zaren, eta abar. Norbere ardurak ere asko eragiten du.

Ba al duzu festarako aukerarik?

Bai, igandean eta asteazkenean ez daukagu entrenamendurik, eta larunbata eta asteartea aprobetxatuko ditugu. Akaso, arratsaldeko kontzerturen batera ere joango naiz.

Talde gaztea daukazue.

Bai, duela bizpahiru urtetik hona, talde oso gaztea dugu. Lehenengo taldeko jokalari askok utzi egin zuten: helduak ziren batzuk, eta nekatuta zeuden, eta beste batzuk euren bizitza egin nahi zuten. Horren ondorioz, harrobiko jokalari asko hasi ginen lehenengo taldean.

Zer alde on eta txar ditu horrek?

Alde onak, ilusioa eta ikasteko gogoa. Txarrak, berriz, esperientzia txikiagoa izatea: partidetan, askotan, azken minutuetan sartzen dizkigute golak. Zaila da emozioak eta urduritasuna kudeatzea.

Zer erronka dituzue aurtengo denboraldirako?

Aurreko urtean gaizki egindako gauzak hobetzea dugu erronka; batez ere, partidak nola kudeatu, azken minutuetan nola jokatu, golei nola erantzun... Liga irabaztea ere esan dezaket, baina ez da oso errealista. Iazko helburua lau onenetan sartzea zen, eta aurten ere gutxienez horra iritsi nahi dugu.

Nolakoa da zuen egunerokoa?

Goizez ikasi edo lan egiten dugu, eta 18:00etarako elkartzen gara Bera Beraren kiroldegian. Han entrenatzen gara astean hiru egunetan, eta Zubietan beste egun batean. Arratsalde osoa pasatzen dugu elkarrekin. Asteburuetan, kanpoko partidak oso nekagarriak izaten dira, ordu asko pasatzen baititugu autobusean. Gogorra egiten da asteburu guztia galtzea eta lagunekin ez egotea, baina urteekin ohitu egiten zara.

Kirol talde bat baino gehiago izango zarete honezkero.

Jakina! Askotan, min hartuta gaudenean-eta, taldekideen falta sumatzen dugu. Orain, kanpora noanez, gauza bera gertatuko zait. Sarri izaten dira halako sentimenduak.

Hockeya futbolaren itzalean dago oraindik.

Bai, ez hockeya bakarrik, kirol asko daude futbolaren itzalean. Futbola askoz errazagoa da jokatzeko: mundu guztiak dauka baloi bat eta ate bat jartzeko modua. Hockeya ez duzu ezagutzen, norbaitek makila utzi behar dizu, kirola ezagutu behar duzu... Ez da hain erraza.

Zaleengan ere izango du eragina.

Gure zaleak gurasoak eta lagunak dira. Etxetik kanpoko partidetan gurasoren batzuk bakarrik joaten dira. Etxekoetan, ostera, jende gehiago etortzen da: guraso gehienak, harrobiko jendea, gure lagunak ere etortzen dira noizbehinka ikustera, baita jokalari ohiak ere. Ez da jende asko, baina bueno, harmailak betetzeko nahikoa.

Entrenatzailea ere bazara. Ba al du etorkizunik hockeyak?

Baietz uste dut. Pare bat ikastetxetan aritu naiz haurrak entrenatzen; badago jendea probatzeagatik izena ematen duena, baina badira gustatzen zaienak ere; haiek partidak ikustera ere joaten dira. Baditut zortzi edo hamar haur inguru hockeya benetan gustatzen zaienak; ikastetxe bakoitzeko hainbeste egongo balira, jende asko egongo litzateke oraingoekin alderatuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.