Eskoziako Aberdeen hirian bizi da Arkaitz Zubieta (Iruñea, 1994). Duela urtebete joan zen, geografia ikasketak bukatuta, bere alorreko lanen bat bilatzeko. Hotel batean ari da lanean, etxe berrira egokituta: «Nire tokia aurkitu dut hemen».
Zergatik joan zinen Eskoziara?
Gradu amaierako lanaren zuzendariak gomendatu zidan etortzeko; toki egokia da nire karrerarako. Aberdeenen harreman handia dute landa eremuarekin eta itsasoarekin. Gainera, ingelesa ikasi nahi nuen.
Erraz egokitu zinen?
Lehen hilabetea oso gaizki pasatu nuen neure buruari galdezka zer ari nintzen hemen. Etxea lortzea kostatu zitzaidan, eta lana behar nuen. Azkenean, hotelean hasi nintzen.
Geografia alde batera, beraz?
Egun hauetan bi elkarrizketa nituen horri lotuta, baina bertan behera utzi dituzte COVID-19a dela eta. Hotelean lanean jarraitzen dugu.
Zer lan duzue egun hauetan?
Lauzpabost lagun ditugu haien logeletan bakarturik, baina osotara 150 lagun daude hotelean. Ekonomia ez da gelditu, eta, aireportu ondoan gaudenez, hemen hartzen dute ostatua langileek. Hori bai, taberna itxita dago, eta otorduak logeletara eramaten ditugu.
Zer giro izaten da Aberdeenen?
Iruñearen antzekoa da populazioaren aldetik. Unibertsitate garrantzitsu bat dugu, eta toki askotako jendea. Gazte asko daudenez, hiriak badu bizia. Ez da oso polita: eraikinak granitozkoak dira, grisak. Baina pubetan zuzeneko musika dago —orain ez, noski—, eta mikrofono irekia oso ohikoa da.
Hemen tabernetan, han pubetan; ez da hain ezberdina, ezta?
Ez da, ez. Baina hemen pubetan edonor hasten da zurekin hitz egiten, edozeri buruz. Bakarrik pubetan. Kalean agurtu egiten zaituzte, baina ez da solasaldietarako tokia.
Dantzaria zara: zer moduz moldatzen zara hango dantzekin?
Etorri nintzenean, jakin-mina nuen dantzekin. Step dance deitutako dantza berreskuratu dute: oinekin lurrean musika eginez dantzatzen da. Ez da dirudien bezain erraza; oso nekagarria da, nahiz eta soilik oinak mugitu. Horretan ez da hainbeste jende ari, baina badago ceilidh deitutakoa. Dantzaldiak egiten dituzte, eta jendeak badaki dantzan. Gainera, maisu batek urratsak irakatsi ohi ditu. Pauso bati pas de basque deitzen diote. Gureen antzekoak dira urrats asko.
Animatu zara probatzera?
Bai, ostegunero step dance entsegua nuen zentro komunitarioan.
Euskal dantzak ere egin dituzu Eskozian, ezta?
Hemen hogei urte zeramatzan galiziar bat ezagutu nuen ceilidh batean. Bere lagunaren ezkontzan aurreskua dantzatzeko eskatu zidan. Jantzia ez, baina txapela eta espartinak banituen, eta gaitarekin jo zuen galiziarrak. Eskoziarrak harroak, baldarrak baina oso jatorrak dira. Dantza bukatu bezain pronto, ezkongaiak garagardo sorta bat ekarri zuen autotik niri oparitzeko.
Kilta jantzi duzu?
Bai, Edinburgon. Errugbi partida garrantzitsu bat zegoen, eta hemen jantzi hori eramaten dute ezkontzetan, partida garrantzitsuetan... Jantzi nuen, eta erosoa da dantzatzeko, edateko... eta ez duzu batere hotzik pasatzen! XIX. mendekoa da gona hori, nahiz eta Braveheart-en ikusi. Laukiek familia zehazten dute, eta belauneko zintak, berriz, klana.
Iruñean jantziko duzu gona?
Urtezahar gauean jantzi nuen!
Zer moduz ingelesarekin? Doric dialektoan ere mintzo dira, ezta?
Entzuten da, bai, eta askotan doric hitzak sartzen dituzte ingelesean. Egia esan, eskoziarrei gehiago ulertzen diet orain, ingelesek hitzak jaten dituztelako. Kontua da eskoziarrek dialektoa sartzen dutela.
Brexit-a zer moduz?
Mila paper egin behar izan ditut, baina baimena dut 2025era arte geratzeko. Hemen unibertsitateak indar handia du brexit-aren kontra, baina, botoak ikusita, ekialdea unionistagoa da. Hala ere, badago sentimendu independentista, eta orain Kataluniarekin lotura handia dute. Manifestazioetan esteladak ikusten dira; ikurrinak oso gutxi. Nik uste urte batean edo bitan independentziaz hitz egiten ariko garela. Erreferendum gogoa sumatzen da.