MAITE DUT MAITE... 'NUREYEV'. Yogurinha Borova. Trabestia

«Gauzak aldatu diren arren, oraindik ere badaude kontuak konpontzeko»

Rudolf Nureyev dantzariak ez zuen bizitza erraza izan. Haren arazoak islatzen dituen dokumentalak barrua mugitu dio Borovari.
MARISOL RAMIREZ / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Olatz Silva -

2020ko abuztuak 23

Eduardo Gabiña (Laudio, Araba, 1969) dago Yogurinha Borova artistaren atzean. Pelikulak baino nahiago ditu zerbait irakasten duten dokumentalak. Dantza izan da beti haren pasioa. Horregatik, oso identifikatua sentitu da Nureyev dokumentalarekin.

Zer dauka berezi Nureyev dokumentalak?

Nahiz eta zinemagintzaren ikuspegitik oso landua ez egon, gaien aldetik oso interesgarria da. Rudolf Nureyev errusiar dantzariaren bizitzan oinarrituta dago, eta hainbat gai jorratzen ditu. Dokumentalean dantzariaren bideo laburrak agertzen dira, eta bere lagunek hari buruz hitz egiten dute. Hala ere, niri gehien gustatu zaidana dokumentalean agertzen diren esaldiak izan dira.

Gizarteko zer gai jorratzen ditu?

Alde batetik, artea eta kultura uztartzen ditu. Beste alde batetik, errefuxiatuen kontua ere aipatzen du. Gainera, homosexualitatea eta horrek dakarren askatasunik eza eta diskriminazioa ere nabarmendu egiten dituzte dokumentalean. Nureyeven garaian, aldaketa politiko ugari gertatu ziren; SESB desagertu zen. Hiesak ere pisu handia dauka dokumentalean.

Zer lotura dauka dokumentalak zure bizitzarekin?

Barrua mugitu didaten sentimendu eta sentsazio asko sorrarazi dizkit dokumentalak. Neurri txikian bada ere, nik ere bizi izan dut hark bizi izandakoa. Txikitatik maitatu izan dut dantzatzea: beti ibiltzen nintzen nire arrebarekin dantzan. Nureyevek ez bezala, berandu erabaki nuen dantzatu nahi nuela. Gainera, nik herritik alde egin nuen gaztetan. Hark erabaki zuen Parisera joan nahi zuela dantzatzera. Nik, ordea, Laudio utzi nuen, eta Bilbora etorri nintzen. Oso beldurtia eta oso lotsatia izan naiz beti, eta gaztea nintzenean homosexuala izatea ez zegoen oso ondo ikusia han. Gaur egun, hainbat proiektu egin ditut Laudion, eta gehiago joaten naiz bertara. Nik Bilbon lortu dudana haiei irakatsi behar diet orain.

Hiesa aipatu duzu. Zenbateraino da ezaguna kontu hori gaur egun?

Dokumentalaren amaieran honako esaldi hau dago: AIDS has not gone away (Hiesa oraindik ez da joan). Hiesa beti egon da ezkutuan, eta horrela jarraitzen du. Hiesari ez zaio inoiz eman COVID-19ari eman zaion garrantzi bera. Zergatik? Kaltetuen kopurua ez zelako hain handia; bakarrik homosexualak hiltzen ziren, ez heterosexualak. Mundua berandu ohartu da ez zela arrisku talde bat, arrisku praktika baizik. Oso estigmatizatuta egon gara beti, diskriminatu egin gaituzte. COVID-19ari aurre egiteko ehunka txerto sortu dituzte; hiesari aurre egiteko, ordea, bat edo bi. Gaur egun, hiesari aurre egitea errazagoa bada ere, hor jarraitzen du, eta ez da joango.

Zer lotura dauka dokumentalak gaur egungo egoerarekin?

Dokumentala ikustean konturatu naiz gauzak errepikatu egiten direla; zikloak dira. Orain beste birus bat agertu da, adibidez. Dokumentala oso egunean dago. Egia da gauzak aldatu direla, baina oraindik ere badaude kontuak konpontzeko. Nureyev XX. mendearen amaieran hil zen, baina pairatu zituen arazoak hemen daude. Harrotasunaren Eguneko manifestaziora zergatik joaten naizen galdetzen didate niri, oraindik gauzak konpondu behar direlako, noski.

Jendeak ikusiko balu, aldaketarik egongo litzateke gizartean?

Ez dut uste. Nahiko ezkorra naiz horretan pentsatzen dudanean. Egia da batzuk kezkatuta daudela dokumentalean agertzen diren gaiekin. Batzuk oso sentiberak gara, eta gauzak konpondu nahi ditugu. Hala ere, betikoa gertatzen da: jende askok horretaz guztiaz paso egiten du; beren buruetan soilik pentsatzen dute.

Beste dokumentalik gomendatuko zenuke?

Ez ditut ezta nire abestien hitzak gogoratzen; beraz, oraintxe bertan ez zait izenbururik bururatzen. Hala eta guztiz ere, Zinegoak jaialdian parte hartzen duten dokumentalak zoragarriak direla uste dut. Jaialdia lan handia egiten ari da, eta oso pieza interesgarriak ateratzen ari dira.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Albiste gehiago

Florida Parkeko kioskoa. ©RAUL BOGAJO / FOKU

Gasteizko Florida Parkea, hiriaren bihotzean sustraituta

Jone Arruabarrena

Gasteizko Florida Parkeak berrehun urte bete ditu aurten. Istorio bitxiak bildumatzeko aukera izan du bi mendeotan, baita landare espezie berezi eta askotarikoak ere.

 ©JUAN CARLOS RUIZ / FOKU

«Libanon bizi ahal izateko, errefuxiatuek babesle bat behar dute»

Zihara Jainaga Larrinaga

Aizpuruk 'Sombras de Beirut' film laburra ekoizteko proiektua du esku artean, Libanon bizi diren errefuxiatuei buruzkoa. Lehen zatia grabatuta, asmoa du lana osatzeko dirua biltzea eta berriz joatea.
<em>El desafo: ETA</em> dokumental saioaren fotograma bat. Amazon Prime Video plataformak estreinatuko du. ©AMAZON

Guardia zibilak kontalari

Urtzi Urkizu

Amazon Prime Videok 'El desafío: ETA' dokumental saioa estreinatuko du ostiralean. Erakunde armatuaren historia jasotzen du, zortzi orduan. 83 elkarrizketa egin dituzte.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna
Olatz Silva

Informazio osagarria

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna