MAITE DITUT MAITE. Aitzol Atutxa. Aizkolaria

«Nire bizioa da jatetxeetara joatea eta zapore berriak dastatzea»

Beharrizana, plazera eta bizioa. Gauza kuttun baten osagai guztiak ditu janariak Atutxarentzat. Jatuna dela aitortu du aizkolariak, eta afizioa ofizio bihurtu du orain: jatetxe bat ireki berri du.

LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Uxue Gutierrez Lorenzo.
Lemoa
2020ko uztailaren 5a
00:00
Entzun
Aitzol Atutxa (Dima, Bizkaia, 1988) jaioberria zenean titian eskegita edukitzen zuela kontatzen du haren amak. Eskolan ere aseezina zela ondo gogoan du, eta, ordutik, «bizio» gozagarri du jatea aizkolariak. Kozinatzea bainoago, nahiago du zapore eta esperientzia berrien bila aritu.

Jatun aseezina zarela diozu. Garaian-garaian, zer-nolako harremana izan duzu janariarekin?

Jaiotzetik hasita, morrosko handia nintzen. Pentsa, bost kilorekin jaio nintzen! Txiki-txikitatik jatuna nintzen. Denetarik jan izan dut, gainera; ez dut izan gustatzen ez zaidan ezer. Nire ama ikastolako irakaslea zen, eta, han, jantokian bazkaltzen genuen, eta amak beti esaten zidan hango langileek esaten ziotela doblea kobratuko ziotela nik doblea jaten nuelako. Gero, izan nuen litxarreriak jateko garaia, nerabezaroan. Kirolari lotuta ere beti zaindu behar izan dut, beti mugak ezarri. Baina erraza izan da mugak ezartzea, denetik jaten dudalako.

Eta gaur-gaurkoz?

Orain, bizio bihurtu da. Batzuek erretzen dute, beste batzuek autoak erosten dituzte, eta nire bizioa jatetxeetara joatea eta zapore berriak dastatzea da. Aurrezki gehienak horretan xahutzen ditut.

Are, jatetxe bat ireki berri duzu.

Bai, hasi ginen duela urtebete baino gehiago, eta otsailaren 20an ireki genuen, baina hogei egun iraun genuen. Ilusioa egiten didan proiektu bat da, gustuko dudan zerbait, nahiz eta jakintza eskasa dudan arlo horretan.

Hortaz, zuk, kozinatu baino gehiago, jan egiten duzu...

Bai, hori da. Jatetxean nik janariarekin edukiko dudan kontakturik zuzenena da ea gustatzen zaidan edo ez, eta plater berri bat asmatzen dutenean probatzea. Sukaldean moldatzen naiz, eta ez naiz gosez hilko, eta gustatzen zait etxean gauzak prestatzea eta probatzea, baina nire maila handiagoa da jaten.

Kirolari lotuta ere badoa jatea, energia asko behar duzuelako errendimenduari eusteko.

Aurreko denboraldia lesio batekin bukatu dut, eta egia da gauzak ahaztu ere egiten direla, eta, helbururik ez daukazunean, janariarekiko harremana ere beste bat da. Baina txapelketa garaietan detaile txikiek asko balio dute, eta elikadura asko zaintzen dugu. Uste da txapelketaren aurreko otorduak duela garrantzi handien, baina niri erakutsi zidaten ondorengoak daukala garrantzi handiago. Behin indarrak xahututa, suspertze hori azkarra izatea. Egia esan, hori da gehien kostatzen zaidan jatordua.

Elikadura zorrotz zaindu behar duzun garaietan, zeren falta sumatzen duzu?

Edarietan nabaritzen dut gehien. Txikitatik izan naiz oso coca-colazalea.

Eta zein duzu otordu kuttuna?

Gehien gustatzen zaizkidanak asteburuetakoak izaten dira, errutinatik kanpo. Eta egunerokoan, gosaria. 06:00etan esnatzen naiz, eta 10:00etan pintxo bat edo ogitarteko bat jaten dut. Ordu horretan, aldamenean dagoena ere jango nuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.