Josetxo Zaldua.
Hauteskundeak Mexikon. IRITZIA

Aldaketa ala segida

2018ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Ikusiak ikusita, burutik ez dagoen inork ez du zalantzarik Andres Manuel Lopez Obradorrek irabaziko dituela bozak; zentro-ezkerrekoa da, Mexikoko presidentetzarako hautagaia eta Morena Nazioa Onbideratzeko Mugimenduko lider ukaezina. Igandean 80 milioi inguru mexikarrek eman ahal izango dute botoa.

Aurreikuspenen arabera, abstentzioa %20-30 ingurukoa izango da. Inkesta guztien batez bestekoan, Lopez Obrador eroso dago Ricardo Anaya eskuindarraren aurretik, %15eko aldearekin, eta %20-25 inguruko aldea ateratzen dio Jose Antonio Meaderi, boterean dagoen PRI Alderdi Iraultzaile Instituzionaleko hautagaiari. Politikaren marketinlarien logikak dio miraria litzatekeela alde hori astebetean berdintzea.

Baina Mexikon gaude, eta hemen beruna ur gainean geratzen da, eta kortxoa, berriz, hondoratzen. Hauteskunde sistema ahula da, eta alderdien mendekoa. Ordezkaritzarik zabalena daukanak du errazen etekinik handiena lortzea. PRIk dauka gehiengoa, baina esan beharra dago horrek ez duela iruzurra bermatzen; bai, ordea, azken finean, hori gertatzeko aukerak handitzen.

Mexikon, modu barregarri bat daukate bermatzeko hauteskundeen emaitzak bat datozela herritarrek gutxi gorabehera libreki aukeratu duten horrekin: alderdi bakoitzak presentzia masiboa edukitzea bozkalekuetan, hartara ziurtatzeko ez dagoela azken orduko hauteskunde iruzurrik; izan ere, hori gertatu zen 1988an, Carlos Salinas de Gortariren eta Cuauhtemoc Cardenasen artean, bai eta 2006an ere: urte hartan, Felipe Calderon eskuindarrak, enpresariak eta komunikabide gehienak lagun, Lopez Obradorri irabazi zion, baina benetan inork ez daki nork irabazi zituen boz haiek.

Lopez Obradorrek presidente izateko hirugarren kanpaina du, eta badirudi ikasi duela iraganean egindako akatsetatik; izan ere, akatsok haren hantustearen ondorio ziren, eta egun apenas suma dezakeen inork hantuste hori, salbu eta bertatik bertara ezagutzen dutenek. Borrokalari soziala dugu, PRIren galdaretan zaildua Tabascon, jaio zen probintzian, Mexiko hegoaldean. Gizon horrek, politikari horrek, makina bat bider korritua du herrialdea goitik behera.

Badu izugarrizko abantaila bat aurkarien aldean; kalea du indargune, nekazari giroa, masak, zeinentzat gaur egun aukera bakarra dirudien makrozifretan oinarrituriko politika ekonomiko eta sozialak baztertzeko. Mantso hitz egiten du, edozein bere onetik ateratzeraino ia, eta hitz berak errepikatzen ditu etengabe eta nonahi: pobreen aurrean, aberatsen aurrean eta kazetarien aurrean. Labur esanda, politikari gogorra da. Okerra da pentsatzea Lopez Obradorren jardun politikoa hausturazkoa eta ia iraultzailea izango dela baldin eta «hirugarrenean bai» dioen esaera hori betetzen bada. Asmo zuhurregiak ditu horretarako. Ez du ohitura handirik mugetatik at ibiltzeko, eta, itxura denez, Lula eta Pepe Mujica ditu kanpoko erreferente, inola ere ez Chavez edo haren ondorengo Maduro, ezta Kuba ere. Bestelakoa da kontua.

Ez da hertsiki ezkerrekoa, eta haren formakuntza politikoa eta ideologikoa ere ez. Baina gizarte ekintzaile aritua eta indartsua denez, Mexikoko eta atzerriko kontserbadoreek espektro politikoaren gune horretan jartzen dute.

Kontuz ibiliko da iristen bada, Anaya eta Meade aurkariak ez bezala, haiek kimikoki baitagozkio sistemari, eta egungo politikei eutsi besterik ez baitute egingo. Haien arazoa da desabantaila oso indartsuak daramatzatela bizkarrean; hain indartsuak, ezen hiru hilabeteko kanpaina ofizialean ez baitute asmatu gainetik kentzen. Haiek ez lukete kontuz ibili beharrik, hori baita haien pentsaera; horregatik dira bertako eta nazioarteko merkatuen faboritoak. Haietako edozeinek irabazteak zera esan nahiko luke: aldatzea ezer ez aldatzeko. Kreoleen gatopardismoa.

Baina ez da komeni garaipenik ospatzea bozetarako egun batzuk falta direnean. Eta, Palazio Nazionalera iristen denean, datozen sei urteetako agintariak aurre egin beharko dio Mexikoren egoerari, alderdi tradizionalen sinesgarritasun faltak gizarte krisi betean murgildu baitu herrialdea. Arlo horretan, Morenak abantaila dauka PRI eta PANekin konparatuta; izan ere, alderdi berria da, nahiz eta haien lider karismaduna mantso mintzatu eta hiruretan politikaririk beteranoena izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.