Castillok biltzar konstituziogile baten beharra nabarmendu du

Peruko presidente karguaren zina egin du irakasleak. Pandemiari aurre egitea izango du lehentasun

Pedro Castillo, presidente izendatua izan berritan eginiko hitzaldian, atzo, Liman. PERUKO PRESIDENTETZA / EFE.
Iosu Alberdi.
2021eko uztailaren 29a
00:00
Entzun
Kostatu zitzaion Peruko Hauteskunde Batzordeari Peru Libre alderdiko hautagai Pedro Castilloren garaipena ofizial egitea, baina, azkenean, aurrez ezarritako epeak errespetatuz, herrialdearen independentziaren bigarren mendeurrenarekin batera egin du presidente karguaren zina. «Herriarekin eta herritarrentzat gobernatzeko» iritsi dela nabarmendu du, eta osasuna, enplegua eta hezkuntza jo ditu lehentasuntzat. Biltzar konstituziogile bat eratu beharra dagoela ere adierazi du: «Subiranotasuna berreskuratuko dugu».

COVID-19ak eragindako egoerari aurre egitea izango da Peruko presidente berriaren «lehen zeregin handia». Gaitzak 200.000 biztanle baino gehiago hil ditu Perun, eta oraindik ere herritarren %16k baino ez dituzte hartu txertoaren bi dosiak. Hala, urte amaierarako biztanleen %70 inguru txertatzeko neurriak iragarri ditu, baita landa eremuetako osasun zerbitzuak hobetzeko ere, deszentralizazio prozesu baten bidez: «Osasuna oinarrizko eskubide bat izango da. Osasuna unibertsala izango da».

Pandemiaren eraginak albo batera utzi gabe, herrialdeko ekonomiaz ere mintzatu da Castillo; %11,8 egin du behera azken urtean. Beraz, nabarmenak izan dira COVID-19ak eragindako kalteak, eta, horri aurre egiteko, urtebetean milioi bat lanpostu sortzeko asmoa adierazi du. Horretarako, inbertsio publiko handiak iragarri ditu, eta administrazioaren rol esanguratsuago bat ekonomian: «Monopolioen eta enpresa handien abusuak amaiarazi behar dira». Castillok «merkatu ekonomia herritar» bat bultzatu nahi du, «jabetza pribatua» errespetatuz.

Horrela, hauteskunde kanpainan komunista izateaz akusatu zuten eskuineko indarrei erantzun nahi izan die Castillok, eta Peru Libreko buru Vladimir Cerronen bidetik urrundu eta zentrorantz egin. Cerron, Castillo presidentetzara bultzatu duen alderdiko buruzagi izateaz gain, ezkerreko kide esanguratsuenetako bat da. Azken inkesten arabera, ordea, herritarren %85ek ez dute begiko; lau urteko inhabilitazio zigorra betetzen ari da, ustelkeriagatik.

Castillok, irakaslea izaki, hezkuntza ere izan du mintzagai presidente gisa eginiko lehen hitzaldian. Aurrekontua bikoiztuko dutela adierazi du, eta «pandemiak areagotutako arrakala» murrizteko lan egin. Horretarako lehen pausoetako bat izango da aurrez aurreko eskoletara itzultzea, COVID-19aren ondorioz etenak baitaude. Era berean, Zientzia eta Teknologia Ministerioa eratuko du, emakumeen aurkako indarkeria eragozteko neurriak hartu, eta lekuan-lekuko hizkuntzen ofizialtasunaren alde egin. Ingurumen politikei dagokienez, berriz, gas kutsagarrien isuriak %30 murrizteko konpromisoa adierazi du.

Neurri horiekin guztiekin batera,1993an Alberto Fujimori presidente ohiaren agintaldian onartutako konstituzioa berritzea da Castilloren «bandera politikoa». Horretarako Biltzar Konstituziogile bat eratzeko beharra dagoela nabarmendu du, Peruko «errealitate sozial eta ekonomikoa aldatzeko». Prozesu hori «legea errespetatuz» egingo dutela azaldu du, nahiz eta egungo konstituzioak halakorik jasotzen ez duen. «Bigarren mendeurreneko biltzar konstituziogileak plurinazionala, herritarra eta parekidea izan behar du». Lehenik, baina, kongresuaren onespena beharko du.

Kostata iritsi da

COVID-19ak eragindako egoerak eta klase politikoarekiko ezinegonak erraztu zuten irakasle eta sindikalistak presidentetzarako hautagaien artean leku bat egitea. Hala, bozen lehen itzuli estu batean, boto gehien lortu zuen presidentegaia izan zen Castillo, eta Keiko Fujimori eskuindar autoritarioa izan zuen arerio bigarren itzulian. Hauteskunde kanpaina polarizatua izan zen hura, baita bozen ondorena ere. Fujimorik ez zuen Castilloren garaipena onartu, eta «iruzurra» salatu zuen—besteak beste, Europako Batasunak ukatu egin du halakorik gertatu izana—. Harekin bat egin zuten, gainera, hainbat politikari eta militar ohik, armadari Castilloren garaipena ez onartzeko eskatuta. Hala, hilabete eta erdi atzeratu zen emaitza ofizialaren argitalpena: botoen %50,12 Castillorentzat; Fujimorik baino 44.263 boto paper gehiago.

Andeetako landa eremuan sortutako herritar bat Peruko gobernuburu bihurtu den lehen aldia da. Hark Hego Amerikako ezkerreko hainbat gobernuren babesa izan du. Herritarren artean, ordea, sentimendu anabasa bat iradokitzen dute inkestek. Peruko Ikerketa Institutuaren arabera, herritarren %34k esperantzaz hartu du Castilloren garaipena, eta %16k konfiantza dute hark izango duen jardunaren gainean. Kontrara, %29k esan dute ziurgabetasun egoera batean daudela, eta %15ek, beldur direla.

Castillok adierazi duenez, legealdi bakarra egingo du agintean, eta ez da Pizarro jauregian biziko. Hura museo bihurtuko dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.