Sudango Gobernuak eta talde armatuek bake akordioa sinatu dute

Gerrillari ohiak segurtasun indarretan sartzea ezarri dute itunean. Bi talde armatuk uko egin diote bake hitzarmena sinatzeari

Sudango militar batzuk, talde armatuei kendutako armak suntsitzeko prestatzen. MOHAMMED ABU OBAID / EFE.
arantxa elizegi egilegor
2020ko urriaren 4a
00:00
Entzun
Sudan gerran bizi izan da 1956an independentzia lortu zuenetik, baina herrialdearen egoera ekonomikoak nabarmen okerrera egin zuen 1983an piztu eta 2005ean amaitu zen gerra zibilaren ostean, hegoaldeak independentzia aldarrikatu eta herrialdearen petrolio hobien hiru laurden hartu zituenetik. Oinarrizko elikagaien garestitzeak protestak piztu zituen duela bi urteko abenduan, eta horiek Omar Hassan al-Baxirren kargugabetzea eragin zuten iazko apirilean.

Elkarrizketa luzeen ostean, bakerako lehen urratsa egin zuten alde guztiek, ordezkaritza militarra eta zibila izango zuen behin-behineko gobernu bat adostuz, zeina bost militarrek eta oposizioko bost kidek osatzen duten, eta guztien artean aukeratutako gobernuburu batek. NBE Nazio Batuen Erakundeko ordezkari eta ekonomialari bat izendatu zuten gobernuko buru:Abdalla Hamdok. Gobernu zibil baterako trantsizioa egitea eta, batez ere, urteetan luzatu den gatazka amaitzea izan ziren hasieratik gobernuaren helburuak. Horretarako lehen harria jarri zuten atzo, talde armatuekin bake akordioa sinatuz.

Juba hirian egin zuten ekitaldian egon ziren gobernuko ordezkariak eta talde armatuak biltzen dituen Sudango Fronte Iraultzailekoak. Bi aldeek hainbat hilabete eman behar izan dituzte hitz egiten akordioa lortzeko. Hitzarmenaren arabera, segurtasun indarretako kide bilakatuko dira gerrillari ohiak, ordezkaritza politikoa izango dute, eta baita eskubide ekonomikoak eta lurren jabe izatekoa ere. Akordioak funts bat ere aurreikusten du, hamar urtean eta urtero 640 milioi euro banatuko lituzkeena Sudan hegoaldeko eta mendebaldeko eskualde txiroagoetan. Hala ere, Hamdokek argi utzi du bide luzea dutela oraindik egiteko: «Bake prozesuak erronka asko ditu gainditzeko, baina aurrera egiteko aukera izango dugu elkarrekin ekiten badiegu».

Bake akordiotik kanpo geratu diren bi talde armatu nagusiekiko elkarrizketak bultzatzea izango da gobernuaren erronka horietako bat. Darfurko SLM Sudan Askatzeko Mugimendua eta SPLM-N Sudango Herriaren Askatasun Mugimendua-Iparraldea dira bi horiek. SPLM-Nko buru Abdelaziz al-Hiluk gobernuarekin adostu du, hala ere, su-etenari eustea konstituzioa aldatu eta estatu laiko bat bermatzen duten arte. Hiru dira bere miliziaren eskari nagusiak: erlijioa eta gobernua banatzea, Al-Baxirren miliziak desegitea, eta armada berritzea. Talde armatuak ohartarazi du eskari horiek betetzen ez badira bere kontrolpean dauden Nilo Urdina eta Kordofan eskualdeen independentzia aldarrikatuko dutela. Aldiz, hitzarmena sinatu dutenen artean daude Darfur mendebaldeko bi talde armatu eta hegoaldeko beste bat.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.