Eibar puntu premiarekin ariko da gaur Ipuruan, Vila-realen aurka

Azken hiru partidetan puntu bakarra atera dute eibartarrek. Jose Luis Mendilibarrek jokalariei eskatu die «ohiko jokoa» egiteko, «ausardiaz»

Charles eta Mendilibar, elkarrekin hizketan, Levanteren aurkako lehian. M. B. / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2019ko urriaren 31
00:00
Entzun
Eibar egoera petralean da berriz ere, duela aste gutxi bezala. Sailkapeneko atzealdera itzuli da, azken hiru partidetan puntu bakarra atera duelako. Horregatik, Ipuruako gaurko partidak aparteko garrantzia dauka, eta puntu premiarekin ekingo diote eibartarrek Vila-realen aurkakoari.

Bestelako premia bat du taldeak: ohiko jokoa berreskuratzea. Azkenaldian oso aparte dabil hain ondo menderatzen duen jokamoldetik, eta ez horregatik bakarrik, baina horrek ere eragin handia izan du azkeneko emaitza bolada txarrean. Gabezia horretaz jabetu direla esan zuen atzo Jose Luis Mendilibarrek, eta oso garbi azaldu zuen zer eskatu dien jokalariei: «Ohiko jokoa egin behar dugu, eta ausartak izan».

Betiko moldea zertan galdu duten antzeman du entrenatzaileak: «Valladoliden aurka, guk izan genuen baloia, baina gure zelaian, eta horrek ez dit balio. Aurkariaren zelaian eduki behar dugu baloia, galdutakoan azkarrago berreskuratzeko presioari esker, eta aurkariari bere zelaitik ateratzeko aukerarik ez emateko». Ahobizarrik gabe mintzatu zen beti bezala Mendilibar, eta presioan jarrera aldaketa eskatu zien jokalariei: «Asko dugu hobetzeko arlo horretan, eta baloia galdu bezain azkar hasi behar da defendatzen. Jokalari guztien lana da hori, aurrealdeko jokalarietatik hasita». Goikoek presioa ondo egitea oso lagungarri zaie atzelariei, eta atzeko laukoarentzat ere izan zuen mezua: «Jakin egin behar dugu noiz aurreratu atzeko lerroa eta noiz egin pare bat pauso atzera, bizkarrean zulorik ez uzteko».

Gaurko aurkariak hobera egin duela dio: «Ikasi du baloia luze botatzen eta bigarren jokaldietara moldatzen. Gero, baloia hartzen duenean, oso jokalari onak dauzka, eta aurrelari azkarrak». Mendilibarrek hemeretzi jokalariko deialdia osatu du. Ivan Ramis ez dago, minez, ezta Roberto Correa eta Sergio Alvarez ere, baina bi horiek arrazoi teknikoengatik.

EIBAR-VILA-REAL

Eibar. Dmitrovic; Arbilla, Oliveira, Bigas, Jose Angel; Pedro Leon, Escalante, Diop, Orellana; Sergi Enrich eta Kike Garcia.

Vila-real. Asenjo; Mario, Albiol, Pau Torres, Quintilla; Iborra, Anguissa, Trigueros; Chukwueze, Gerard eta Ekambi.

Epailea. Cuadra Fernandez.

Lekua. Ipurua (7.083 ikusle).

Ordua. 19:00etan (Movistar La Liga).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.