Neurria hartua dio Vueltari

Sam Bennettek esprintean irabazi du bigarren etapa. Mike Teunissen jarri da lehen postuan

Neurria hartua dio Vueltari.
Julen Etxeberria.
2022ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Sam Bennettek (Bora) oso gustukoa du Espainiako Vuelta; bikain moldatzen da bertan. Hirutan aritu da esprinter irlandarra, eta hiruretan irabazi du gutxienez etapa bat. Duela hiru urte lehiatu zen aurrenekoz, eta bi etapatan nagusitu zen. Urtebete geroago, beste etapa batean gailendu zen. Eta, atzo, laugarren garaipena eskuratu zuen. Azkarrena izan zen bigarren etapan, s'Hertogenboschen eta Utrechten (Herbehereak) artean jokatu zena. Mads Pederseni danimarkarrari (Trek) eta Tim Merlier flandiarrari (Alpecin) hartu zien aurrea azkeneko metroetan. Mike Teunissen (Jumbo) sailkatu zen laugarren, eta, horri esker, lider jarri zen.

Ihesaldi batek bakarrik alda zezakeen aurrez ikusitako gidoia: esprinta izatea. Eta ihesaldiak, egon, egon ziren. Etapa hasi eta berehala egin zuten aurrera Xabier Mikel Azparrenek (Euskaltel-Euskadi), Pau Miquelek (Kern Pharma), Julius van den Bergek (Education First), Jetse Bolek (Burgos) eta Thibault Guernalec (Arkea). 116 kilometro egin zituzten ihesean. Hasieran, tropelak joaten utzi zien, eta bost minutu pasatxoren aldea izan zuten. Baina esprinterren taldeak, lanari ekin, eta abantaila murrizten hasi ziren. Helmugarako 59 kilometro falta zirela harrapatu zituzten.

Euskaltel-Euskadiko beste txirrindulari bat saiatu zen gero: Luis Angel Mate. 25 kilometro egin zituen buruan, baina tropelak kontrolpean izan zuen une oro, eta hogei kilometro falta zirela harrapatu zuen. Ziztu bizian zihoan tropela, eta tentsioak goia jo zuen, eroriko baten beldur. Egon ziren, baina ez aurrean, eta azken zuzengunean jokatu zen dena. Bennettek izan zuen pedal kolperik eraginkorrena.

Atzokoaren antzeko etapa da gaurkoa, Bredan hasi eta amaituko dena (Herbehereak). 193,5 kilometroko ibilbide laua du. Haize-babesak eta erorikoak izan daitezke arriskurik handienak. Aukera asko dago esprinta jotzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.