Aitor Manterola Garate.
ANALISIA

Ametsak ere lapurtu dizkigute

2021eko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Umea nintzela, herriko taldeak, Zumaiakok, Hirugarren Mailan jokatzeko aukera irabazi zuen. Ikusi nuen Aita Mari zelaian Alaves jokatzen, orduko hartan maila horretan baitzebilen. Goraino beteta gogoratzen dut zelaia partida hartan. Beste horrenbeste izaten zen gainontzeko partidetan, eta ia denboraldiro, taldea maila apalago batean egonda ere. Herriko taldearentzat, zaleentzat eta herriarentzat ametsa zen Hirugarren Mailan lehiatzea, eta bete zuen. Liga horretako talderik indartsuenek ez zioten galarazi. Galarazi ez zioten bezala Eibarri eta Alavesi Hirugarren Mailatik Lehen Mailara igotzea. Kirolak bakarrik balio zuen orduan.

Horrela zen igandera arte ere, nahiz eta ni umea nintzeneko futbolak eta oraingoak jokoaren funtsa baino ez duten antzekotasun ia bakar. Dirua sartuz joan delako urteetan zehar, futbol hura lapurtuz. Baina eliteko aberatsenek gehiago nahi, eta erabaki dute bulegoetan zehaztea zein diren aukeratuak Superligan jokatzeko. Akabo ametsak. Historiako apal zaharrean geratuko dira betiko Alavesen UEFAko finala Liverpoolen aurka, Athleticek Juventusen aurka jokatu zuen finala lehiaketa berean, Osasunaren finalerdia Sevillaren aurka, edota Realak Hanburgoren aurka lehiatu zuen Europako Kopako finalaurrekoa. Orain amestu ere ezingo dugu egin Europako talde handienen aurka jokatzeko aukera edukitzea.

Bazen gure herrian Miren Torre izena zuen zale bat, eta bere bihotzeko taldea erasoan zenean, honela oihukatzen zuen, puroa eskuan zuela: «Han, han, han, han!». Han daramate, bai, bahituta, zaleen eta herriaren futbola. Negozioaren izenean orain ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.