Danel Agirre.
SASKI DA!

Keroseno litroak piromanoentzat

2019ko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Lehen aldiz, saskibaloiaz.ACBrentzat ez da batere seinale ona Kopako finalak El Chiringuito telebista saioaren emanaldi erdia hartzea. Anthony Randolph saskibaloi jokalaria edo Aston Villako atezaina ote den igandera arte ez zekiten tertuliakidez jositako saioa da hori. Lehiako azken txanpan piztu suteari jaramon egitea erabaki bazuten, keroseno litro batzuk botatzeko aukera ezin aproposagoa aurkeztu zitzaielako izan zen. Real Madril eta Bartzelonako piromano profesionalek amestutako pagotxa da igandean gertatutakoa.

Planto bai, baina guk. Bi klub narritagarri horien artekoak ez du konponbiderik. Bartzelonak lehiaketak manipulatuak dituela sinetsita daude Real Madrileko zaleak. Real Madrilek lehiaketak manipulatuak dituela sinetsita daude Bartzelonako zaleak. Errealitatea ez zaie piperrik inporta, eta manipulazioa —hau da larriena—etxetik jaso eta bapo irensten dute bi aldetakoek. Domeka gauetik Real Madrilek abian ipinitako kanpaina mafiosoa eta guztiz arduragabea da. Klubaren sare sozialetan azken urteetako epaileen ustezko akatsak barreiatu eta finaleko hiru epaileak zokoratzea exijitzea onartezina da, baina ez du inongo ondoriorik izango zurientzat. ACBko kide apalenentzat bai, akaso. Real Madril, Barça (o, sorpresa!) eta Baskonia liga hamasei taldetan uzten saiatuko dira, testuingurua Euroliga are gehiago lehenesteko baliatuta. Kluba ACBtik ateratzeko mehatxua ahoberokeria da, eta ez du beteko Florentino Perez presidenteak, are gutxiago joan den udatik ligako presidentea Antonio Martin —etxe zuriko pibot eta kirol zuzendari ohia— dela kontuan izanda. Liga eta Kopako azken 32 finalistetatik 27k Real Madril edo Bartzelona izena zuten. Txus Bidorretak ohartarazi zuen zapatuan ACBk urtean banatzen dituen bi tituluak eskuraezinak direla beste guztientzat. Munstroa elikatzeari uko egin eta planto egin beharko lukete, baina ez dute —ez dugu— horretarako kemenik. Saski Da!-k berak finala ikusi beharrean bingora joango zela hitzeman, eta kantxan bukatu zuen, otzan asko.

Azalpen arrazional bila. Ante Tomicen luzapeneko azken jokaldia zuzen arbitratzea ez da erraza. Besoarekin aurkaria inguratzeagatik erasoko falta eginez hasi zuen pibotak, eta ondoren oreka egokirik gabe altxatu behar izan zuen. Randolphek bere jaurtiketaren ibilbidea ezkerreko eskuarekin eten zuenean, taulan txalo egin zuen eskuinekoarekin. Hori gertatu zen unean baloia oraindik uztaia ukitzen ari zen egiaztatzeko —saskiratzea ontzat emango luke, ez dirudi hala zenik— errepikapen ugari behar dira. Erabaki korapilatsu hori hartu behar izan zutenerako, aztoratuta behar zuten epaileek, minutu bat lehenago Singletonekin akats oso zabarra eginak baitziren. Jokaldi honen kasuan, Garcia Gonzalez bilbotarra zen hurbilen zegoena, baina, buruko kaskarrekoa ikusteko, harena ez zen angelu egokiena. Beste aldetik zetorren Perez Perezek ikuspuntu hobea zuen, baina, urrunago zegoelako, txilibitua jan zuen, akaso. Azalpen arrazional oso zaila duen zerbaiti azalpen posible bat topatzeko saiakera da.

Heldu, jo, aspertu. Jokaldi zehatzen kudeaketa baino askoz garrantzitsuagoa da epaileek faltak adierazteko ezartzen duten irizpidea. Hor izan dute gabeziarik larriena Kopan, eta lehia batean hiruzpalau bider ere aldatu dute. Jokalariren batek, gainera, bere arautegi propioarekin jokatu du. Facundo Campazzoren kasua da etsigarriena, bistakoa izateaz gain berria ez delako. Zaintzen ari den jokalariari heldu, ukondoekin, belaunekin eta bultzakada txikiekin gogaitu... Epaileen aurrean egin ohi du, eta partida bakoitzean kalean behar luke bost faltarekin. Aurten behin baino ez zaio gertatu; Euroligan izan zen. Epaileak ez dira ACBren arazo larriena, baina horrelakoak zuzendu beharko lituzke ligak. NBAn gertatu moduan epaileek astean zehar beren erabakiei buruzko azalpen didaktikoak eman beharko lituzketela iradoki duenik izan da. Eredu horrek ez dirudi oso aproposa Europarako, bazterretako piromanoen biktimismoa harrotzea baino ez lukeelako lortuko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.