Astelenako zortedunak

Altuna-Martijak 22-21 irabazi diete Laso-Imazi, lehia eder eta gogor batean

Jokin Altuna, tanto bat ospatzen, atzo, Astelenan jokatutako binakako partidan. JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Eguberri egunean bezala, gozatu ederra hartu zuten atzo Urteberri egunean Eibarko (Gipuzkoa) Astelena pilotalekuan egon ziren pilotazaleek. Aldiz, sekulako penarekin geratu ziren bertan egon ezin izan zirenak, ilusio handiz aurretik jaialdirako sarrera erosi eta osasun neurri berrien ondorioz haiek itzuli behar izan zituztela eta. Urteko lehen jaialdia telebistan ikustearekin konformatu behar izan zuten. Baina alde handia dago baten eta bestearen artean, eta are gehiago Eguberri eta Urteberri egunetan Astelenan egon ohi den giroa kontuan hartuta.

Abenduaren 25ean, Unai Lasok eta Ander Imazek tanto bakar batengatik irabazi zieten Iker Irribarriari eta Beñat Rezustari. Atzo, ordea, txanponaren beste aldea egokitu zitzaien Baikokoei. 22-21 irabazi zieten Jokin Altunak eta Julen Martijak, lehia eder eta ezin parekatuagoan: ordu eta erdi pasatxo iraun zuen, eta 850 pilotakada baino gehiago jo zituzten. Hala, bi bikoteek berdinduta amaituko dute binakakoaren ligaxkaren lehen itzulia: lau garaipen lortu dituzte lehen zazpi jardunaldietan.

Ikuskizuna ziurtatuta dago Altuna III.a eta Laso aldi berean kantxan daudenean. Halaxe izan da azkenaldian buruz buru eta lau eta erdian elkarren aurka aritu diren aldi guztietan, eta halaxe izan zen atzo, aspaldiko partez elkarren kontra binaka jokatu zuten partidan. Emaitza ere betikoa izan zen: amezketarraren aldekoa.

Lasok aspaldi ikasi zuen ezertarako ez duela balio Altuna III.aren aurka ondo hasteak, eta azkeneraino borrokatu beharra dagoela hari nagusitzeko. Baina gauza bat da hori jakitea eta beste bat hori egiten asmatzea. Atzo esku-eskura izan zuen kontrako bolada etetea. Hura eta Imaz nagusi izan ziren minutu askoan. Oso lan ona eginez lortu zuten: aurrelaria bizi, oldarkor eta eraginkor aritu zen hasieran, eta atzelaria, sendo. Horren ondorioz, Altuna III.a-Martijak defentsan aritu behar izan zuten ia beti. Baita kontrakarrean ere: 15-9, 19-14 eta 21-17.

Lasok aukera ederra izan zuen aurretik egindako lan ona biribiltzeko, baina kale egin zuen. Ordurako nekeak jota zeuden guztiak. Altuna III.a ez beste. Hortxe azaldu zen hura, handienen moduan, premia gehien zegoenean. Hiru tanto eder egin zituen erreskadan, eta, husnakoaren ondoren, bigarrenez berdindu zuen lehia. 43. tantoak zehaztuko zuen irabazlea. Bada, guztiari emozio gehiago emateko, txapak erabaki zuen partida, Lasok jotako txapak.

Lehen itzuliko azken jardunaldiak gaur eta bihar izango du segida. Gaur, Irribarria-Rezusta eta Peña II.a-Albisu ariko dira Donostian. Aspekoak ondo ari dira, lau garaipen lortu baitituzte. Baikokoak, aldiz, espero baino eskasago ari dira: partida bakarra irabazi dute. Bihar, berriz, lehen itzuliko azken partida jokatuko dute Ezkurdia-Tolosak eta Urrutikoetxea-Arangurenek, Tolosan (Gipuzkoa). Baikokoek laugarren garaipena lortu nahi dute, eta Aspekoek, bigarrena.

Adosen binakakoa, Erratzun

Ados klubak antolatutako Binakako Txapelketan, berriz, bi partida jokatuko dituzte gaur Erratzun (Nafarroa), 12:00etan hasita. Maila nagusikoak izango dira biak: aurrenekoan, Zelaia-Lopez eta Iturzaeta-Azpeitia ariko dira. Lehenbiziko partida dute biek. Bigarrengoan, berriz, Iturriaga-Egañak eta Etxekolonea-Mujikak jokatuko dute. Biek irabazi egin zuten aurreneko norgehiagoka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.