gorka julio
IRLEN SAREA

Arreta falta

2023ko ekainaren 10a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Etxean zabiltza atzean utzitako gauzen bila, jaka ahaztu duzu lantokian, aterkia galdu duzu, giltzak atean utzi, ez zara gogoratzen aurkeztu dizkizuten pertsonen izenaz, are gutxiago haien seme-alabenaz... Multiataza eta etengabeko scrolling-a, isiltasunarekiko intolerantzia, kontzentratzeko ezintasuna, oharkabetze kronikoa eta ingurune hurbilarekiko interes falta.

Errelato bakarrak (kontakizun askotarikoaren aldean) iragana orainaldira ekartzen du, hura baldintzatzeko. Eta ohituta gauden errendimenduaren gizarteak oraina lapurtzen digu, etorkizunera proiektatuz. Beti dago zerbait harago, loturetatik harago, bizi dugun momentutik harago. Besarkada horren erdian, oraina galtzen ari gara eta etorkizuna baino ez zaigu geratzen; existitzen ez dena eta, hain zuzen, horregatik sortu, performatu eta bertan bizi beharko dugun utopia.

Gizarteak aldaketa sistemikoak egin edo desazkundetu beharko duen bezala, denboraren geziari buelta eman beharko diogu. Bizi nahi dugun etorkizun desiratuei esker, oraina berreskuratzeko lehenik, eta gero iragana ere berreskuratzeko. Ez da atzera egite erreakzionario bat, izango den orainaldi baterako eta izan zitezkeen iraganetarako buelta utopikoa baizik. Komunitate adina istorio kontatzen dizkiogunean elkarri, orduan jakingo dugu irabazten ari garela.

Baina garaiko borroka orainaldian dago, eta arretaren borroka da. Irakurtzea arreta modu bat da, baina ez bakarra. Arretak ere hustearekin, egin ahal izateko, egiten uztearekin ere badu zerikusirik. Irakaskuntzaren lorpen garrantzitsuena da, agian. Irakurketa arreta modu bakarra ez bada ere, maila sozialean horren falta edo galera adierazle garrantzitsua da.

Irakurketa-ulermenari buruzko PIRLS Progress in International Reading Literacy Study txostenean bederatzigarren postuan dago Suedia —Euskal Herria askoz toki okerragoan dago txostenean—, eta galga jarri dio ikasgeletako digitalizazio planari. Sailburuak 60 adituri txostenak eskatu ondoren, guztiak antzeko ondorio batera iritsi ziren. Honakoa: «Haurren gaineko garun ikerketa guztiek erakusten dute ez diotela etekinik ateratzen pantailan oinarritutako irakaskuntzari».

Testu liburuetara bueltatu baino gehiago, arreta hori berreskuratzeko zer egin behar dugun hausnartzea dagokigu. Arreta jar dezagun horretan ere!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.