Binakako Txapelketaren ligaxkaren bederatzigarren jardunaldiak sailkapena estutu bazuen, zer esanik ez hamargarrenak. Azken partidaren faltan, izugarri estu dago dena. Batez ere lehen postuetan dago saltsa: bost bikote daude bi garaipenen tartean. Alde hori dago lehen postutik bosgarrenera.
Aurreneko bi tokietan zeuden bikoteek galdu izanak eragin du horrenbesteko parekotasuna. Jokin Altunak eta Julen Martijak 22-13 irabazi zieten atzo Danel Elezkanori eta Jose Javier Zabaletari Iruñean. Jon Ander Peñak eta Jon Ander Albisuk, berriz, 22-14 hartu zituzten mendean Unai Laso eta Ander Imaz Markina-Xemeinen (Bizkaia).
Emaitza horiek honela utzi dute sailkapena: Elezkano II.a-Zabaletak zazpi garaipen dituzte; Laso-Imazek eta Altuna III.a-Martijak, sei; eta Irribarria-Rezustak eta Peña II.a-Albisuk, bost. Irribarria-Rezustak, hala ere, partida bat gutxiago jokatu dute, gaur Bilbon Ezkurdia-Tolosaren kontra jokatuko dutena. Aurrenekoek irabaziz gero, are gehiago estutuko da dena: lehen laurak garaipen bakar baten aldean egongo dira. Pozik egongo dira Aspeko eta Baikoko arduradunak eta pilotazaleak, itxura osoa baitu ligaxkak azkeneraino emozioari eutsiko diola.
Gidoi bera izan zuten atzoko bi neurketek: galtzaileak ondo hasi ziren, baina irabazleek makina bat tanto lortu zituzten erreskadan, eta, horri esker, irabazi zuten. Iruñean, Elezkano II.a-Zabaleta 4-8 hasi ziren irabazten, eta Altuna III.a-Martijak buelta eman zioten lehiari 18-5eko partziala lortuta. Beste horrenbeste gertatu zen Markina-Xemeinen: 5-9 jarri ziren aurretik Laso-Imaz, eta 17-5eko partziala lortu zuten Peña II.a-Albisuk.
Altuna nabarmendu zen Iruñean. Zabaleta, berriz, eskas aritu zen: zazpi huts egin zituen; hamabi, Elezkanorenak batuta. Irabazleek garaipena lortu dute azkeneko bost partidetatik lautan. Liderrek, berriz, azkeneko bi neurketak galdu dituzte. Aurretik, atzoko irabazleen kontra galdu zuten ere. Peña II.a-Albisu, berriz, behetik gora ari dira: aurreneko sei partidetatik bakarra irabazi ondoren, azkeneko lauretan nagusitu dira. Atzo, sendo eta eraginkor aritu ziren berriro. Laso-Imaz, ordea, eskas aritu ziren; batez ere, aurrelaria: zortzi huts egin zituen.
Bengoetxea VI.aren lesioa
Oinatz Bengoetxeak, berriz, ia ziur atzeratu egin beharko du haren agurra, ezker izterrean hartu baitzuen min atzo Markina-Xemeinen. Leitzarrak bi neurketa jokatuko zituen datorren astean profesionaleko ibilbidea amaitu aurretik: azken-aurrena, bihar, Tolosan (Gipuzkoa), eta azkena, datorren larunbatean, Iruñean. Baikok jakinarazi duenez, Iñaki Artolak ordezkatuko du Bengoetxea VI.a Tolosan. Ikusteko dago noizko osatuko den leitzarra.
Beste estutu bat eman diote
Altuna III.ak eta Martijak 22-13 irabazi diete Elezkano II.ari eta Zabaletari Iruñean, eta Peña II.ak eta Albisuk 22-14 hartu dituzte mendean Laso eta Imaz Markina-Xemeinen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu