Donostiako Aste Nagusia

Mahaia bete kultura

'Bazkauria' izeneko kulturarteko bazkaria egin dute. Senegalgo, Nikaraguako eta Errumaniako kulturak Flamenka gunean izan dira

40 lagun inguru eta lau kultura bildu dira Flamenka gunean kulturarteko bazkaria jateko. JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2018ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Abuztuaren 15a egun handia izaten da Donostian. Ama Birjinaren eguna ospatzeko eta tradizioari jarraitzeko etxe eta elkarte donostiar askotan familiak biltzen dira bazkari dotoreak egiteko, Gabonen pare. Hori gertatu zen atzo, hain zuzen. Hala ere, tradiziotik aldendu eta beste kultura batzuetako pertsonekin mahaira eseri nahi izan zuenik izan zen Gipuzkoako hiriburuan. Bazkauria egin zuten atzo Kantauri kofradia piratako kideek, Errumaniako familia batekin, Nikaraguako beste batekin eta Senegalgo beste batekin.

«Bazkauria kulturarteko bazkari bat da. Gure kofradia euskal kulturan eta kantetan oinarritzen da, eta piratetan beste kulturak sartzea eta erakartzea nahi genuen. Bazkaurian, kultura bakoitzari eskatzen diogu bere herriko janari bat ekartzeko, denon artean probatzeko», esan du Izarne Zelaia piratak. Hainbat kulturatako musika jartzen dute Flamenka guneko megafonian, baina musika kendu dute bazkauriari ekiteko: plateren egileek zer kozinatu duten azaldu diete gainerakoei, eta denak mahaian eseri dira, 40 lagun inguru.

Maria Chirilov errumaniarra da, baina azken hamar urtean Donostian bizi da. Sarmale-a prestatu du: haragi, arroz eta tomatezko biribilkiak, mahatsar orritan. Hasieran Euskal Herrira egokitzea zaila egin bazitzaion ere, «pixkanaka» lortu du hizkuntza ikastea eta jendearekin harremana izatea. «Integratzen gehien lagundu didana Ongi Etorri Eskolara proiektua izan da», esan du Chirilovek. Proiektu horren bidez jarri da harremanetan piratekin eta parte hartu du gaurko bazkaurian.

Ongi Etorri Eskolara Donostiako zenbait eskolatan eta Zarauzko (Gipuzkoa) batean egiten duten proiektu bat da, kulturak gerturatzea eta harremanetan jartzea helburu duena. Dorleta Mikeo buru-belarri lanean dabil egitasmoan, eta Familia-laguna programa azpimarratu du: «Beste kultura bateko familia bati haurra ikasgela berean duen familia euskaldun bat esleitzen zaio, eta, euskarazko gutunak itzultzeaz gain, harreman sare bat sortzen dute».

Proiektu horren bidez joan da Macarena de Socorro Benegas nikaraguarra ere bazkaurira. Bi hilabete baino ez daramatza Donostian, baina azken hamarkadan bertan bizi izan den alabarekin dago. Haren alabak eta bilobak ere proiektuan parte hartzen dute. Chopsip-a prestatu du: Nikaragauan asko jaten da ospakizunetan, eta osagaiak txerri eta oilasko haragia, piperrak eta zenbait saltsa dira. «Gustura» sentitzen dela dio: «Ohiturak desberdinak dira, baina, kulturak partekatuz, harremanak egin ahal izan ditut. Jendea oso irekia da, eta ez dut arrazismorik nabaritu».

Mansur Kane senegaldarra da, eta bost urte daramatza Donostian bizitzen. Haren emaztea euskalduna da, eta han ezagutu zuten elkar; laster Senegalera bizitzera joatekoak dira. «Hasieran, oso gaizki pasatu nuen argi faltarengatik. Hemen zerua oso grisa da, eta Senegalgo argiaren falta nabaritu nuen», esan du Kanek. Thieboudienne-a prestatu du, Senegalgo plater tipiko bat: arroza arrainarekin.

Bazkalostean, galderen jolasa egin dute. Helburua da kultura bakoitzeko ohiturak elkarrekin partekatzea.

Arratsaldean, kuadrillen jolasak eta Eskandalizatu kalejira egin dituzte, eta gauean Sardiñerraia jaia ospatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.