Oriok bere historiako aurreneko bandera lortu du Euskotren ligan

Santanderren eskuratu du estreinako garaipena aurtengo Euskotren ligaren lehen jardunaldian, ahal handia azalduz. Arraun Lagunak, Donostiarra eta Hondarribia sailkatu dira ondoren

Aitor Manterola Garate.
2019ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Pausoz pauso, urtez urte, entrenamenduz entrenamendu eta bere-berean joanda lortu du Oriok urteetako ametsa: emakumezkoen liga nagusian bandera bat irabaztea. Urteetako lanak saria izan zuen atzo, Santanderren (Espainia), eta klubaren historia handian leku berezia izango du garaipen horrek.

Aldez aurretik iragartzen zena bete egin zuten Xanti Zabaletaren arraunlariek. Faboritotzak hartuak dauzka arraun munduak aurten denboraldia handia osatzeko, eta hasiera, behintzat, bide horretatik egin zuten atzo. Lanari ekin orduko menderatu zituen aurkariak: Arraun Lagunak, Donostiarra eta Hondarribia.

Lehen jardunaldia zuten atzo liga honetan, eta Euskotreneko hau izan da hasten azkena aurten. Irrikaz eta gosez zeuden arraunlariak, baina ez ziren berehalakoan abiatu. Ikaragarri pila kosta zitzaien irteeran behar bezala kokatzea talde batzuei, eta asko atzeratu zen irteera. Ia hogei minutu berandu astindu zituzten palak arraunlariek.

Hasi orduko, Arraun Lagunak hasi zen muturtxoa erakusten besteei, baina hutsaren hurrengoa zen haren aldea. Oriok berehala hartu zuen estropadaren burua aurreneko kaletik, eta haren atzetik lekuak ere azkar finkatu ziren; bai, behintzat, bigarren lekurako. Arraun Lagunak ondo zetorren postu horretan, beste lehia batean utzita Donostiarra eta Hondarribia.

Orio ondo ari zen arraunean, urteetan pilatutako eskarmentua plazaratuz. Nahiz eta lehen estropada izan aurtengoa, eta irteeran asko berandutua izanagatik ere, neurria ederki hartu zioten lanari, eta burua galdu gabe, erritmo onean, trainerua bazihoan aurrera. Koska gero eta handiagoa zuen atzekoekiko, eta ziaboga bakarrera heltzerako, 11 segundo atzetik zuen Arraun, eta 16 atzerago Donostiarra. Hondarribiak ondo ekin bazion ere lanari, atzean geratzen hasi zen, eta askoz atzerago geratu behar izan zuen ziabogan, istriborretik eman zuelako. Arazo horrek bidea erabat garbitu zion Donostiarrari, hirugarren izateko.

Arraun, laugarren kaletik, itsaslasterren indarra baliatuz edo, Oriori aldea jaten hasi zen, nahiz eta bandera kentzea ia ezinezkoa zen. Baina lana ondo bukatu zuten, atzetik aurrera, eta azkenean, 7,22 segundoko atzerapena izan zuen Oriorekiko.

Donostiarrak 28, 40 galdu zituen, eta Hondarribia lasai sartu zen, erritmo txikian, ezer egiteko aukerarik gabe, 1.12, 68ra.

Lekeition ariko dira gaur

Atzokoak ahaztu, eta gaur ere lanerako jarri beharko dute arraunlariek. Lekeition (Bizkaia) ariko dira, itsasoan, atzo ez bezala (12:00, ETB1). Beste eremu bat da, atzokoaren aldean erabat ezberdina, eta emakumezkoen liga honi bigarren argazki bat ateratzeko aukera emango du gaurkoak. Atzo bezalako haize indartsua ez badute, konforme. Baldintzak aldatuta ere, gaur ere Oriori begira egongo dira begi guztiak, faboritoak ahala eta gaitasuna erakutsi zituelako atzo ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.