IRITZIA

Herri antzerkiaren tximista

<em>Florida</em> antzezlanaren une bat, Zestoako Antzerki Astean.
Florida antzezlanaren une bat, Zestoako Antzerki Astean. EIDER ITURRIAGA

Agus Perez -

2019ko uztailak 2
Ekainaren azken astean izaten da Zestoako Antzerki Astea —ZAA! haren logotipoan adierazten denez—, eta aurten izan dut ekimena ezagutzeko aukera. Itxura batean, egitarau apala zirudien, baina horren guztiaren atzean Amancay Gaztañaga zegoela jakiteak bultzada eman dit haren gidaritzapean gertatzen zena jakiteko.

Haur-antzerkiarekin hasi da astea, baina egun horretan ez naiz ni bertaratu, eta orain damu naiz emanaldi horretan egon ez izanaz, seguruenik gauza polita eta ondo antolatua ikusi nezakeelako. Eta umeez ari garela, kontu harrigarri bat gertatu zait Zestoako kaleetatik nenbilela: ume eta gaztetxo asko ikusi ditut arratsaldeetan kale, frontoi, txoko eta plazetatik, baina ez dut haietariko bat bera ere eskuko telefonoarekin ikusi, pantailari so, aspertuta. Guzti-guztiak zebiltzan jolasten, kuadrillan, aspaldiko garaietan bezala, beren umetasunaz eta udaz gozatzen, eta une batez galdetu diot neure buruari ea haluzinazio baten erdian ote nengoen, denboraren makineria atzera joanda.

Gauarekin batera hasi da Florida, Erdi Aroko zubia zeharkatuta eta Lili jauregi ia errenazentistaren atarian. Kanpoaldean hirurogei bat ikusle elkartu gara, haietariko batzuk Zestoa inguruko herrietatik eta Donostiatik ere etorrita, baina gehien-gehienak bertakoak zirela. Atera kontuak: ikuskizuna hiru gauez eman da, parte-hartzaileak hogeita hamar bat izan dira —udal-bandako bost haize-instrumentista barne— eta interpreteen artean euskal kulturako aurpegi ezagun batzuk ere bazeuden. Horrek asko esaten du ZAA!-ren garrantziaz eta ekimen militante honek herrian duen eragin eratzaileaz.

Esan bezala, jauregiko atarian hasi da gaualdia, eta ikustekoa izan da Amancayk bere antzezlana aurkeztean ikusleei erakutsi dien hurbiltasun gozoa. Atean bertan jakin dugu Lili jauregia Florida zahar-etxe bihurtua zela, eta barruan geundela ikusi dugu han oso gauza arraroak gertatzen zirela. Hango egoiliarren ihesaldiarekin batera hasi dira komeriak, eta haiekin batera azaleratu dira gai mingarri batzuk, hala nola gure nagusiei zor diegun errespetua eta haiek gorde nahi duten duintasun eta askatasun gosea. Ikusleok horren guztiaren lekuko izan gara, baina emanaldia ez da kontu horietan geratu, eta jauregiko atzealdean zein ibaiaren alboan izandako geldialdietan umorea eta surrealismoa elkartu dira, bikain elkartu ere, Lorea Alberdiren argiztapen poetikoaren eta Anne Uriaren jantzi dotoreen laguntzaz.

Astearen erdialdean antzerkiari buruzko mahai-inguru bat izan da Herri antzerkia norentzat eta zertarako? izenburupean, eta hurrengo emanaldia —Orlac-en eskuak— bi egunetan ematekoa zen herriko kultur aretoan. Egun bakarrean eman dute, ordea, baina bi emanalditan, bestela jende asko kanpoan geratuko zelako. Kasu honetan ere Gaztañaga, Uria eta Alberdi arduratu dira zuzendaritzaz, jantziez eta argien diseinuaz —ofizio handiz berriz ere—, eta beste izen bi agertu zaizkigu talde sortzailean: Luken Etxeberriak jo du piano-musika zuzenean eta Ainhoa Odriozolak idatzi du testua. Molde klasikoko argumentuak ondo baino hobeto funtzionatu du; intriga, tentsioa eta umorea sen onez konbinatu dira eta egileak azken sorpresa bat gorde du amaierarako. Pertsonaiak ere ñabardura politekin hornitu ditu eta eremu eszenikoan gauza asko irudikatu dira oso elementu gutxirekin. Ezin da gehiago eskatu!

Astea amaitzeko, zer eta Zazpi senideko-ren despedidako emanaldia taularatu dute Axut! teatroko Fuchs anaiek Ander Lipusen zuzendaritzapean, herriko kultur aretoa ostera ere leporaino beteta zegoela. Larunbatekoarekin hirutan ikusi dut mirari eszeniko hori, eta uste nuen ezin izango nuela ezer berririk idatzi haien sakontasun emozionalaz eta aszetismo eszenikoaz aparte, baina oker nengoen: berriz ere sentitu dut zirrara berezi hori arestian esandako hurbiltasun gozoa ikustean, baina are bereziagoa egin zait lehen Florida-n egon ziren aktore batzuk gero Orlac-en eskuak-en ikusi eta orain publiko bezala egotea. Antzerki-komunitate trinko eta sakonaren sentsazioa eduki dut, eta hasierako txinparta hori tximista bezain indartsua izan da emanaldia amaitu ostean —ZAA!— ikusle askok beren emozio sakonak elkarrekin partekatzen zituzten bitartean.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna