Donostiako 67. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Urrunerako bidaian loturik

Alice Winocourren 'Proxima' filmak omenaldi bat egiten die ama diren emakume astronautei. Urtebeterako espaziora doan andre baten eta alabaren arteko harremanean jarri du fokua

Alice Winocour zinemagilea (erdian), Eva Green eta Zelie Boulant-Lemesle aktoreekin, atzo, Donostian. JON URBE / FOKU.
Ainhoa Sarasola.
Donostia
2019ko irailaren 22a
00:00
Entzun
Kontziliazioa ez da erraza izaten lanbide gehienetan. Ohikoena ez bada ere, astronautarena aukeratu du Alice Winocour zinemagile frantsesak auziari buruz hitz egiteko. Proxima filma aurkeztu zuen atzo Sail Ofizialeko lehian, andrazkoa, astronauta eta ama den protagonistaren (Eva Green) eta 7 urteko alabaren (Zelie Boulant-Lemesle) harremana ardatz duena. Espaziora urtebeteko bidaia egiteko aukera bat sortuko zaio amari; beraz, banandu egin beharko dute. Amak erabakia hartzen duenetik espaziontzian aireratu arteko gorabeherak aurkeztuta, pelikulak gogoeta egiten du, besteak beste, amatasunaz, lan arloko genero arrakalez, maitasunaz eta errudun sentipenaz. «Amaren eta alabaren arteko harreman konplexuaz hitz egin nahi nuen, banaketaz, erruaz, eta horiek gainditzeko moduez. Horretarako, beti izan nuen buruan emakume astronautaren ideia», azaldu zuen zinemagileak.

Istorioaren hasieran, bi protagonistek larrimin handiz bizi dute banaketa, «baina gero jabetzen dira ikusezina den lotura bat dagoela, maitasuna, banaketa horri aurre egiteko gaitasuna ematen diena, berdin diola distantzia zenbaterainokoa den», adierazi zuen Eva Green aktoreak. Harekin bat etorri zen zuzendaria: «Filma oso purua da, benetakoa. Askapen istorio bat da, erruaz askatu eta ametsak betetzeari buruzkoa».

Ama diren emakumezko astronautei omenaldi bat egiten die filmak, eta Winocourrek superheroiekin alderatu zituen. «Ama den superheroi bati buruz hitz egin nahi nuen, normalean filmetako superheroiek ez baitute seme-alabarik izaten. Bizitza errealean, aldiz, badituzte haurrak; andreek egiten dituzte lan gehienak, eta, gauzak aldatzen ari diren arren, ardura sentitzen dute haurrekiko». Filmetan, baina, ez dela hori azaleratzen uste du, «segur aski bizitza errealean emakumeek ere ez dutelako horri buruz hitz egiten, errua sentitzen dutelako». Azaldu zuenez, Europako Espazio Agentzian entrenatzaile batek azaldu zion gizonek bai hitz egiten zutela beren seme-alabei buruz, baina emakumeek ez. «Andreek badakite lanean haurrak dituztela esanez gero ahulezia gisa hartuko dela, esan nahiko balu bezala ez zarela lanean zentratuko». Hala, bere ustez, «iritsi da garaia hori aldatzeko eta zinemak ere horri buruz hitz egiteko».

Espazioaren munduan

Filmaren ardatza ama-alaben arteko harremana izanik, naturaltasuna lortzeko asko entseatzeko eta elkarrekin denbora igarotzeko eskatu zien zuzendariak bi aktoreei. Eta hartarako aukera izatea luxutzat jo zuen Greenek. Baina ez zen hura izan landu behar izan zuen alderdi bakarra. Fisikoki ere prestatu zen, benetako astronautak prestatzen diren modu berean. Hain zuzen, haiek entrenatzen duten guneetan errodatu zuten filma, eta Europako Espazio Agentziako entrenatzaileekin prestatu zen aktorea, beste astronauten ariketa berberak eginez, Soyuz espazio-ontziaren simulatzailean, besteak beste. «Oso ausarta izan zen», zuzendariaren hitzetan, «benetan gogorra izan baitzen». Kazakhstanen, Baikonurreko espaziontzien basean ere izan ziren errodatzen. Eta andrazko astronauta askorekin ere hitz egin zuen Winocourrek. «Filmean agertzen den ia guztia erreala da, oinarrian behintzat».

Horiek guztiak ezagututa astronauten sakrifizioaz jabetu zela azaldu zuen Greenek. «Konturatu nintzen zein lan exijentea den, zenbat jakintza eta sendotasun behar den. Eta dena zientziagatik egiten dute, hobea den zerbaiten alde. Oso ederra iruditzen zait hori». Bat etorri zen Winocour, eta edozein lanbidetan izaten direla sakrifikatu beharreko gauzak gaineratu zuen.

Harrera ona izan zuen filmak Kursaaleko atzo eguerdiko emanaldian, eta, proiekzioaren osteko txaloez gain, filmaren kredituetan tartekatuta ageri ziren emakume astronauta errealen irudiei ere txalo jo zien publikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.