Donostiako 66. Zinemaldia. Sail Ofiziala

Sekretuz betetako hotel batean

Drew Goddard zinemagilearen 'Bad Times at the El Royale' lanak itxi du Zinemaldiko Sail Ofiziala

Dreww Goddard zinemagile estatubatuarra, atzo goizean, Donostian. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Erredakzioa
Donostia
2018ko irailaren 30a
00:00
Entzun
1960ko hamarkada. Zazpi ezezagun Tahoe lakuko El Royale hotel zaharkituan elkartuko dira, AEBetako Nevada eta Kalifornia estatuen arteko mugan. Sekretu bat gordetzen du bakoitzak, eta, zorigaiztoko gau batean, erredentziorako azken aukera izango dute guztiek. Osagai horiekin eta aktore lanetarako Jeff Bridges, Chris Hemsworth, Jon Hamm, Dakota Johnson eta Cynthia Erivo aukeratuta osatu du Drew Goddard zinemagile estatubatuarrak Bad Times at the El Royale thrillerra. Zinemaldiko Sail Ofiziala itxi zuen atzo pelikulak, eta atzo iluntzeko sari banaketa ekitaldiaren osteko proiekzioarekin amaiera eman zioten aurtengo jaialdiari.

Goddardek berak goizeko emanaldiaren ostean azaldu zuenez, dualtasuna da filmeko elementu garrantzitsuetako bat. «Pertsonaia bakoitzak pertsona jakin bat dela dirudi, baina gero deskubritzen da beste pertsona bat dela». Gogoko du horrekin jolas egitea, aitortu zuenez. «Izugarri maite ditut filmak zeintzuetan ez dakizun nor den heroia eta, tramak aurrera egin ahala, zeure enpatia aldatuz doan. Gainera, halako aktore talde bikainarekin, interesgarria zen pertsonaia bakoitzari denbora eskaintzea, publikoari haiek ezagutzeko aukera emateko». Voyeurismoarekin ere egin duela jolas gaineratu zuen. «Bada zinematografikoa den zerbait horretan; ikusle gisa, jendeari begira pasatzen dugu denbora, eta, nolabait, haiek ez dakite gu begira gaudela». Aurretik zuzendari edo gidoilari moduan egindako beste film batzuetan ere ideia hori bera jorratu izan duela esan zuen, The Cabin in the Woods (2011) filmean, esaterako. «Ez da bilatzen dudan zerbait, baina behin eta berriro agertzen da nire lanetan».

Tarantinoren zinemaren eraginak aitortu zituen Goddardek, baina baita Agatha Christie eta Dashiell Hammet idazleenak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.