Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Biografia poliedrikoak

2019ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Diego Garcedo. Egiaren bila bizia arriskatzeko gai izan zen kazetariaren irudi idealizatuarekin identifikatuko dugu, baldin eta Ander Iribarrek eta Almudena Cachok harekin atzo eduki zuten solasarekin geratzen bagara. Baina iraganean munduan zehar gerrak jorratu zituen RTVEko kazetari horren biografiak badu segidarik. Geroztik, PSOE-PPren bipartidismo jakobinotik at zegoen errealitate soziopolitikoari edo linguistikoari bizkar eman zioten RTVE eta RN1eko zuzendaria izan zen (1989-1996). Saenz de Santamaria jenerala zuritzen zuen biografia idatzi zuen ondoren, beti izan zela demokrata denok konbentzitu nahian. Hots, Francorekin ardura militarrak izan zituena, Fraga, Martin Villa eta PSOEren barne ministerioen kupuletan aritu zena, eta adierazi izan zuena «egiten diren zenbait gauza ezin dira aitortu» gerra zikina gogoan hartuta. Liburu hori idazten ari zela REn tertuliakide gisa aritu zen Garcedo, eta, esaterako, euskarak Nafarroan zein Iparraldean bizi zuen egoera ondo zekienaren plantak egin izan zizkigun batere lotsarik gabe. Egun, kazetari jakintsuaren aureolatik zupatzea eta organo publikoetan karguak pilatzea da bere ofizioa (azkena, RTVEri buruzko Adituen Batzordearen lehendakaritza).

Pique. Lazki deskalifikatu dute Espainiako kazetari mediatiko askok, kazetariei adierazteagatik gizarteari mesede egingo lioketela VARaren inguruan xahutzen duten ahaleginaren zati bat bideratuko balute Madrilgo epaiketa zabaltzera. Kirol kazetarien purrustadak izan dira deigarrienak. Manu Carreñok eta Jose Ramon de la Morenak, esaterako, beren bi sentimenduak (merengea gehi unionista espainiarra) zabar airatu zituzten partiduaren osteko gauean bertan, ohiko bi argudio erabiliz: Pique ezjakina da politikan, eta kirola eta politika ez dira nahastu behar. Koherentziagatik ez dira nabarmenduko bi esatariak; izan ere, iazko urrian, euren kirol saioetan nahi beste jardun zuten Kataluniako prozesuaren «burugabekeriaz». Behingoz, guztiok ere barneratu beharko genuke edozein kirolariren iritziak behar ditugula onartu, gogokoak izan ala ez. Pique futbolari independentistak zein Nadal tenislari unionistak nahi dutena adierazteko eskubidea daukate. Beste kontu bat da aparteko kirolariak eta kirol esatariak direlako aparteko intelektualak direla uste izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.