Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Galiziera folklorikoa

2019ko martxoaren 31
00:00
Entzun
Folk-lorea. RTVEko goi agintariek erraz esango digute Espainia eta haren kultur aniztasuna maite dutela. Herri kulturan eta tradizioan errotzen den musika aberatsari ematen dioten garrantzia izan liteke neurgailu egokia espainiartasun hori kalibratzeko. 24 ordutan musikaz blaitzen den R3 irrati publikoan, esaterako, ordutegi eta iraupen marjinaleko irratsaioetara mugatu izan dute beti folka. Iraganean, Iñaki Peña esatariari eman zioten espedientea bete zezan, eta Trebede irratsaio mitikoa osatu zuen, folka herri txikien iraupenarekin eta ekologiarekin lotuz. Baina ezerosoa egin zen, eta kale gorrian utzi zuten. Azken urteetan, Fernando Iñiguez esatariak heldu dio eginkizunari Tarataña saioarekin, lotarako hobea den ordutegian, larunbat eta igande goizero, 06:00etatik 07:00etara. Atzo, Ataualpa Yupanki, Victor Jara, Mercedes Sosa eta beste zenbait ahots unibertsalen bertsioekin diskoa osatu duen Ses emakume kantaria gonbidatu zuen Iñiguezek. R3ko programazioko makina bat saiotan nabarmentzeko moduko lana izan arren, folklorearen etiketa daraman irratsaiora eraman zuten Ses. Galizieraz abestu beharrean ingelesez edo gaztelaniaz abestuko balu, kasu gehiago egingo liokete R3eko esatari hipermoderno eta hiperprogreek, ziurrenik.

Analisia, opariarekin. Brexit-aren katramila ulertzeko lagungarriak zaizkigun azalpenak ematen ari zaigu Jesus Torquemada nazioarteko analista, ia egunero, REn eta EIn. Baina horretan geratzea aski ez, eta bestelako mezurik ere saltzen ari zaigu, zeharka: Europako Batasunaren kontra egoteko, bere zilborrari begiratzen dion brexit zalea behar dela izan bat, edo, bestela, Salvini, Le Pen eta Orban bezain astapotroa. Bateraezina balitz bezala Europa batu baten aldekoa izatea eta politika neoliberalarekin desberdintasun sozialak areagotzen dituen egungo Europaren aurka egotea. Orain aurretik, Europak liderra behar duela aipatzeaz batera, Macronek 24 hizkuntzatan idatzi duengutuna azpimarratu zuen, bide erakusle zelakoan. Egun hartan bertan, Boulevard-eko tertuliano batek euskal ikuspegi batetikaztertu zigun Macron, eta gogorarazi bere agiri ofizialak ez dituela bere menpeko estatuko hizkuntza gutxituetan idazten, zapaltzailea dela horiekin, eta Europan sobera direla kultur aniztasunaren aurka diren lider politikoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.