Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Eufemismoen abusua

2019ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Fonetika kontuak. ELAko idazkari berri Mitxel Lakuntzak tripako minik eragingo zien zenbait kazetariri honezkero. Esatariei modu bikoitzean, gainera.Muñoz bezain borrokalaria dela aldarrikatu baitu batetik; eta, bestetik, «izorratzeko» egina dagoela dirudien abizenarekin baitator. Gaurtik, albisteen joan-etorrian sindikalista hori aipatu aldiko «Lakunca» edo «Lakuntxa»soinu karrankariak aditzera kondenatuko gaituztela esango nuke. Belarrirako sufrikario zaizkigun ertzaintza-k, osakidetza-k eta euskal izendegi eta toponimiako beste hainbat hitzen zakura gehituko dutela. Gehiegi eskatzea ote da saiatu daitezen ondo ahoskatzea tz? Kosta egiten bazaie, ez dakit ba nik, entzuleek egin genezake diru-bilketa logopeda baten zerbitzua kontratatzeko. Euskal Herrian eta euskal herritarrentzat lan egiten duten kazetariek serio hartu beharko luketen kontua da.

Biktimarioa, erdigunean. Egiatik eta justiziatik eskas dabilen biktimen lege berriak argi utzi du zenbat oinaze dagoen sendatzeko oraindik, Pili Zabalak Faktoria-n herenegun aitortu zigun bezala. Giza eskubideen urraketak aztertzerakoan, biktimarioa nor den begiratzen segitzen delako, besteak beste. Politikagintzan bezala, kazetaritzan. «Beste» biktima horiekiko trataeran eta terminologian. Ostegunekoak erakutsi digu erosoagoa egiten zaigula, oraindik ere, legebiltzarkideen arteko xextren kronikak egitea, estatu biktimak gai-agendara batu eta horien mesederako den legea aztertzea baino.

Ezjakinak. Dani Alvarezek arrazoi zuen Boulevard-en esan zuenean biktima horiek ezjakintasunera eta itzalpera kondenatuta egon direla. Eta guardia zibilek kontrol batean hil zuten Felipe Suarezen semearekin eduki zuen elkarrizketa bikainak erakutsi zigun zenbatekoa den, egiatan, ezjakintasuna biktima horiekikoa.

Eufemismoak. Modu naturalean esaten da ETAk Aingeru Berazadi erail zuela, baina gero, erreparoak jartzen dira lau egun geroago hildako Suarezekin, «eraila» hitza ahoskatzeko. Bestetik, legea definitzerakoan, «segurtasun indarren abusuen legea» dela esaten da hitzetik hortzera; «Polizien biolentzia» esan beharra saihesten da horrela. Baten batek «abusua» jarri zuen zirkulazioan, eta arrakasta itzela izan du hitzen aukeraketa ideologikoaren merkatuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.