Xabier Lasa.
UHINETATIK TIRAKA

Donostia da, ala ez?

2020ko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Madrilgoen erreplika. Radio Euskadik Bilboko irrati estudioa Donostiara eraman zuen, eta handik emititu zuen, irratiaren nazioarteko egunarekin bat eginez. Boulevard saioak gonbidatu ilustreekin osatu zuen goiza: Bixio Gorriz eta Xabi Alonso Realeko jokalari ohiak, Ander Gonzalez eta Elena Arzak sukaldariak, Iñaki Gabilondo kazetaria, Mikel Erentxun kantaria, Jose Ignacio Munilla gotzaina, Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendaria, Union Artesanako bi kide... Madrildik etorri izan direnean irrati konbentzionalek (SER, Onda Cero, Cope...) erabili izan duten gidoi berbera, Donostiaren eta donostiartasunaren irudi kostunbrista proiektatzeko orduan.

Salbuesteko. Goiz guztian marraztutako Donostiaren erretratu tipiko-topiko nekagarri horretatik, hiru perla erreskatatzeko moduan. Bi irrati erreferentzia: Mariano Ferrer eta haren Rosiren Kiosko mitikoa, batetik, eta Munilla eta nonahi seinale indartsuz emititzen duen Radio Maria, bestetik. Eta hirugarrena, Donostiaren euskalduntasun maila deskriba diezagukeena: une batean, ogitartekoengatik famatua den Juantxo taberna bisitatu zuten, esanez gipuzkoarrak hara joaten direla giro euskalduna bizitzen delako.

Futbola futbola da. Ez dakit paranoiaren markarik hautsi ote nuen aurreko igandean, baina aitortuko dut: Reala-Athletic partida irrati bereko (Onda Vasca) bi seinaleetatik entzunez eta Gol telebista ikusiz jarraitu nuen. Hots, irrati aparatutik Juanjo Lusa esataria Gipuzkoako entzuleei ari zitzaiela, eta web orritik Jose Manuel Monje esataria entzule internauta guztiei ari zitzaiela. Lehenbiziko seinalean aditzen zen teoriaren arabera, zuri-gorriak derbietara egurra emateko aparteko motibazioarekin joaten diren aizkolariak dira, eta igandean berriro erakutsi zuten grina hori. Bigarren seinalean, ikuspegi berbera, baina alderantzizko norabidean. Hortik aurrera, pentsa liteke zer maila intelektualeko iruzkinak egin zituzten Lusak eta Mongek ez ezik baita euren ohiko kolaboratzaileek ere, aurkariak «goxatzeko» asmoz. Akaso Onda Vascak emanaldien audientzian irabaz dezake senideen aurkako pasio irrazionalen eremu askea eskaintzeagatik, EITBko irrati aseptikoagoek ez bezala. Baina ziurra da erregaia jaurtitzen zaiola probintzianismoari, eta kalte egiten irrati horren atzean ustez dagoen nazio ikuspegiari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.