Jagoba Salvador.
AIRETIK

Ahotsak

2021eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Laringean sortzen den eta ahotik ateratzen den aireak eragindako soinu-multzoa da ahotsa. Biriketatik ateratzen den arnasak glotisetik, fonazio organotik, igarotzen denean ahots-kordak bibrarazten ditu. Ahoan eta sudurrean dauden barrunbeek erresonantzia kaxa gisa funtzionatzen dute, eta orduan sortzen da ahots gisa ezagutzen duguna, bere tinbre eta ezaugarri bereziekin.

Gizaki gehienontzat espresio bide zuzen eta zehatzena da, hitz, barre, negar eta oihu egiten dugunean, besteak beste, agertzen dena. Musika tresna ere bada. Indartsuena, hitzaren zentzu zabalenean. Benetakoena nolabait, pertsonaren sentimenduak, barrenak, era eraginkorrenean azaleratu eta transmititzen dituena. Abesti bat entzuten dugunean, ahotsak sortzen digun inpresioak berebiziko pisua izaten du gustukoa dugun ala ez zehaztean. Musikalki kristorena iruditu dakiguke, baina, ahotsa ez badugu begiko, akabo. Bilgarria, askotan, edukia bezain garrantzitsua izaten da.

Irratian, musikan gertatzen den lez, ahotsa eta adierazteko modua faktore bereizgarria izaten da lotura afektibo bat sortzerakoan. Esatariak, urte askotan zehar, ahotsaren bidez ezagutu ditugu, ez dugu beste erreferentziarik izan. Boza, tinbrea, tonua, gauzak azaltzeko modua, hiztegia, dialektika eta abar hartu ditugu oinarritzat pertsona horiek nola hautematen ditugun finkatzeko. Esango nuke horixe dela irratiaren magia. Ezin esan, ordea, irratia entzutean gaur egungo gizartean gehiegizko eragina duen alde fisikoa baztertzen dugunik. Saihetsezina da hain gertuko sentitzen ditugun pertsona horiek duten itxura irudikatzea, gure buruak irudi bat sortzen du nahitaez, askotan idealizatua. Gero etortzen dira dezepzioak eta kortozirkuituak; «Ezin da izan! Ahotsa eta itxura ez datoz bat!».

Betidanik, esatarien ahotsak ederrak, sakonak, atseginak, iradokitzaileak izan dira. Denok ditugu buruan irratiko ahots perfektuak. Eredu hori etengabe errepikatu da, eta nik, behintzat, izan dut behin eta berriro ahots mota eta tonu berak entzutearen sentsazioa. Klixe bat sortu dela esango nuke. Zorionez, gero eta gehiago entzuten ditut, podcastetan gehienbat, gertukoagoak egiten zaizkidan tinbre eta tonuak, informalagoak, kalekoagoak, ohikoagoak, freskoagoak. Perfekzioa, bizitzaren alor guztietan, gainbaloratua dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.