Jagoba Salvador.
AIRETIK

Bihurgunea

2021eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Hogei urte daramatza Arrosa sareak uhinak uzt(h)artzen. 2001eko EHZ festibalean hainbat irratik sustatutako elkarlanetik sortu zen batasuna. Euskal Herriko txoko ezberdinak irrati alternatiboen bidez saretu eta elkar elikatu ditu Arrosak urte hauetan zehar. Zita berezia zen, beraz, duela astebete Iurretan eginiko sarearen IX. topaketa. Egitaraua tamainakoa izan zen; tailerrak, mahai ingurua, bazkaria, dokumentalaren estreinaldia, kontzertuak... Benetan interesgarria iruditu zait egun hartako Irratia, podcastak, eta ondoren zer? solasaldia. Arrosa sarearen webgunean entzun daiteke eta Hala Bedi, Radixu, Beranduegi eta Klak-eko kideek parte hartu zuten. Gaur egungo irratigintzaren inguruko zenbait gogoeta eta ikuspuntu azaldu zituzten bertan; zenbateraino dira ezberdinak irratia eta podcasta? Bateragarriak al dira? Non daude mugak? Euskarria al da giltza? Kolektiboa? Ez al dute irrati libreek aspalditik egin orain berria dirudien hori?

Onartu behar dut galdera horiek eta beste hainbatek nire baitan sortutako hausnarketa ekartzera nindoala. Aldarrikatzekoa iruditzen zait irrati libreek 1980ko hamarkadatik gizartean betetzen duten funtzioa. Bertsio ofizialetik at, herritarrek herritarrentzat sortutako komunikabideak izan dira, eta podcasten eztanda nola bizi izan duten ezagutzeak, besteak beste, badu bere mamia.

Baina, era berean, entzunaldiak beste bide dibertigarriago batetik eraman nau eta aipamena merezi duen norabait iritsi naiz; Japoniako sumo txapelketak Ondarroako euskaraz komentatuta ikustera. Bai, hala da, Youtubeko Kukulumutxun Sumo Euskeraz katean eta Radixu irrati librean aireratzen den xelebrekeria maitagarria duela bi urte inguru sortu zuten Aitor Aramaiok, Iñigo Solabarrietak eta Iker Alkortak. Eta ez pentsa kontua txantxa edo bitxikerian geratzen denik. Lagun horiek leporaino sartu dira sumoaren munduan. Japoniako sumo denboraldiko txapelketen jarraipena egiten dute, ondo ezagutzen dituzte kirola eta borrokalariak, haien izenen ahoskera... hitz japoniarrak ere erabiltzen dituzte!

Askotan altxor baliotsuenak ezusteko bidezidorretan barrena aurkitzen ditugu, bihurguneetan. Bizitzan zerbaiten aitzindari izatea ez da ahuntzaren gauerdiko eztula, eta ondarrutar horiek lortu dute. Deigarria, bakarra eta aparta iruditu zait horrelako ideia bat bururatzea, eta are gehiago, aurrera eramatea. Hauek bai berritzaileak, eta ez podcastak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.