Jagoba Salvador.
AIRETIK

'Parrillada'

2021eko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Pasa den azaroaren 13an aurkeztu zuen Hala Bedik bere denboraldi berriaren programazioa. Horretarako, irratiko kideek jaigiroan saio berezi bat aireratu zuten Alde Zaharreko tabernatik. Berrogei urte daramatza Gasteizko elkarteak uhinak «okupatzen». Erraz esaten da. Aurtengo parrillada barne ekoizpeneko 48 saiok osatzen dute, bere bi kateetan banatuta. Menu berrian hamar plater berri dastatu ahal izango ditugu, bapo asetzeko moduko eskaintza beraz.

Txingarrak piztuta eta bero dituzte; estreinakoz emitituko diren euskarazko saioen artean, Hemeretzi Hertz, Herriaren Hitza, Mundu Berria, Berbetan, Bizikleta Estatikoa edo Katu ta Xepia. Aniztasuna beti izan da haien ezaugarria, eta tarte horietan edonork aurkituko du interesa piztuko dion edukirik, gai-sorta zabala jorratuko baitute; aktualitatea, musika, artea, magia, espiritualitatea, zientzia, historia, gizartea, umorea edo existentzialismoa, besteak beste. Ez da gutxi.

Berria ez dena Hala Bedi irratiak gizartearekiko duen konpromisoa, militantzia, lana eta konstantzia da. 1980ko hamarkadan herri mugimenduetatik sortutako egitasmo horrek beste komunikabideek nolabait isildutako ahotsei bozgorailua jarri die urte hauetan guztietan. Autogestioa oinarri, beste irrati libre askok bezalaxe, komunikatzeko bide alternatibo baten alde egin du, inoren interesen alde egiteko beharrik gabe.

Dena den, ezin esan bidean oztoporik aurkitu ez duenik, asko saiatu izan baitira Hala Bedi isilarazten. Itxiera, kaleratze, salaketa, atxiloketa eta trabek agerian utzi dute boteretsu askorentzat deserosoa izan dela haien jarduna, eta, era berean, horrelako hedabideen beharra dugula. Eragozpenak eragozpen, une oro jakin izan dute egoera berrietara moldatu eta aurrera egiten. Egindako bidea eta gorabeherak ederki islatzen ditu, protagonisten ahoetatik, YouTuben ikusgai dagoen 30 Urte kolpez kolpe dokumentalak.

Ospatzekoa da, beraz, Hala Bedi bezalako egitasmoak bizirik eta osasuntsu ikustea. Gaur egungo joera beste bat bada ere, irratigintza izan daiteke solasaldi bat grabatu eta aireratzea baino zerbait gehiago, eta hala erakusten digu Hala Bedik. Parrilladaren usaina iritsi zait eta gose naiz jada, sukaldari eta errezeta berriak probatzeko prest. Erretegi hau urte askoan bizi bedi!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.