Emakumezkoen futbola

ZIMENDUAK MUGITU DIREN SASOIA

Emakumeen futbola hazi egin da denboraldi honetan. Martxoaren 8an inguruan izandako aldarrikapenak, jokoaren hobekuntza eta telebistaren presentziaren hedapena daude horren atzean, besteak beste. Egoera berrira egokitu, eta urrats gehiago egitea da orain erronka.
San Mames bete egin zen Athleticen eta Atletico Madrilen Espainiako Kopako norgehiagoka ikusteko.
San Mames bete egin zen Athleticen eta Atletico Madrilen Espainiako Kopako norgehiagoka ikusteko. LUIS TEJIDO /EFE

Ainara Arratibel Gascon -

2019ko ekainak 2
Hainbat mugarri gainditu ditu emakumeen futbolak denboraldi honetan. Kristalezko sabaian arrakala eta pitzadura nabarmenak egin ditu. Euskal Herria horren isla izan da, albistearen lehen lerroan izan baita emakumeen futbola. Athleticek San Mames bete zuen Espainiako Kopako final-zortzirenetan, Atletico Madrilen aurkako partidan: 48.121 zale izan ziren norgehiagoka ikusten. Ordu arte Europako kluben arteko txapelketa batean bildutako kopururik handiena izan zen. Realak Espainiako Kopa irabazi zuen lehen aldiz, Granadan, Atletico Madrilen aurka, eta zaleek harrera beroa egin zieten jokalariei. Osasuna, berriz, Espainiako Lehen Mailara igotzeko zorian egon da; nabarmentzekoa izan da, era berean, Alavesen eta Eibarren sasoia.

Baina emaitza eta datuetatik harago, zaleek emakumeen futbolaren errealitatea sakonago ezagutu eta babesa eman dioten sasoia izan da. Telebistaz partida gehiago eman dituzte, eta inoiz baino zale gehiago bildu dira norgehiagokak ikustera. Jokalariak erreferente bihurtu dira, eta orain ohikoa da gaztetxo eta haur asko ikustea haien elastikoekin. Bestalde, Martxoaren 8aren aldarrikapenen harira, eta Espainiako Ligako emakumeen lehen lan hitzarmenaren negoziazioaren bidez, jokalariek agerian utzi dute bide luzea dagoela oraindik ere egiteko berdintasunaren bidean.

Horrek guztiak errealitate berrira egokitzera behartu ditu klubak, jokalariak eta oro har emakumeen futbolaren inguruan lanean ari direnak, baita erronka berriei heltzera ere, urte hauetan egindako lana oinarri hartuta, eta emakumeen futbolaren balioei eta izaerari eutsiz.

Gorakadaren arrazoiak

Gorakada azaltzeko orduan, gizartearen aldaketei erreparatu diete Ainhoa Azurmendi psikologia irakasle eta kirol aholkulariak (Hernani, Gipuzkoa, 1978) eta Ane Bergara futbolari ohiak (Bera, Nafarroa, 1987). «Emakumeen mugimenduak azken bi urteetan Martxoaren 8aren inguruan egindako aldarrikapenak, behingoz, goi mailako emakumeen kirolera iritsi dira. Futbolariak argiago jabetzen dira beren egoeraz, eta hori aldatzeko borondatea dute. Bere egin dituzte aldarrikapen horiek. Hor inflexio puntu bat izan da, futbolaren inguruak beti jokatu baitu uzkur halako aldaketen inguruan. Saskibaloian eta eskubaloian,lehenago eman zuten pauso hori», dio Azurmendik. Sare sozialek horretan lagundu dutelakoan dago: «Erabakigarriak izan dira aldarrikapen horiek zabalkunde eta oihartzun handiagoa edukitzeko, eta kontzientzia horretan gehiago eragin ahal izateko».

Garbiñe Etxeberria Realeko kirol zuzendariaren (Hernani, Gipuzkoa, 1967) arabera, zaleek «futbola bizitzeko eta jokatzeko» modu berri bat deskubritu dute : «Jada gizonezkoen futbolak ez ditu asebetetzen zale batzuk, tituluak edo emaitza onak tarteko ez badira. Gainera, futbol horretan azken sasoietan ez da aldaketa taktiko-tekniko esanguratsurik izan. Gure kasuan, nabarmen hobetu da: taktikoki, fisikoki, jokoaren erritmoan... Lehen baino erakargarriagoa, ikusgarriagoa eta parekatuagoa egin da gure jokoa, eta zaleek hori gustuko dutela ikusi da. Funtsezkoak izan dira haien erantzun ona eta babesa».

Etxeberriak onartu du asko dagoela oraindik ere jokoan hobetzeko, baina nabarmendu du harrobian egiten ari den lana emaitzak ekartzen hasi dela. «Gaur egun, neskatoek gero eta aukera gehiago dute futbolean jokatzeko, eta mailaz maila bidea egiteko. Hala, txikiagoak direnetik hasten dira futbolean jokatzen, eta oinarri taktiko-teknikoak barneratzen. Horri esker, gora egiten joan ahala, saltoa ez da hain handia. Guk, adibidez, horregatik sortu genuen aurreko sasoian bigarren taldea. gainera, oraindik asko dago hobetzeko. Arlo horretan ere ez da jo goia inondik inora».

Bergara ados dago horrekin. «Ni jokatzen hasi nintzenetik, ikaragarria izan da hobekuntza eta eboluzioa, are gehiago azken urte hauetan: prestakuntza fisikoan, erritmoan, jokatzeko eran... Prestakuntza fisikoa erabakigarria bihurtzen ari da gure futbolean ere. Horretan nagusi denak asko dauka irabazita. Izan ere, aukera ematen dizu erabakiak azkarrago hartzeko, eta zuk nahi duzun joko erritmoa ezartzeko». Horren atzean zer dagoen azaldu du:«Prestakuntza eta baliabideak hobeak dira; jokalariek gero eta gehiago zaintzen dute beren burua, eta lan psikologikoa handiagoa da. Horrek guztiak maila handiagoa izateko modua ematen du».

Azken denboraldi honetan ikusgaitasunean ere irabazi dela berretsi dute hirurek. «Funtsezkoa izan da hedabideen konpromisoa eta lana; batez ere, gero eta partida gehiago telebistaz ematea. Izan ere, gaur egun, irudiaren gizartean bizi gara, eta horrek ematen dizu oihartzuna eta ikusgaitasuna», gehitu du Etxeberriak. Bestalde, ostiralean hasiko da Munduko Kopa, eta horrek ere lagundu duelakoan dago.

Iberdrola bezalako enpresa batek Espainiako Liga babesteak ere zerikusia izan du, Azurmendiren ustez. «Halako enpresa handi bat hor sartzeak erakutsi du emakumeen futbolak baduela interesa, eta saldu egiten duela. Hala ez balitz, gainera, Espainiako Futbol Federazioa eta Futbol Liga Profesionala ez lirateke borrokan arituko telebista eskubideengatik. Errentagarria ez den argudioa gero eta lausoagoa eta hutsalagoa da».

Lortutakoa urte askotako lan onaren eta isilaren» emaitza izan dela adierazi du Bergarak. «Baliabide gutxirekin, lan serio, bateratu eta isila egin da, pausoz pauso joanez, eta urrats bakoitzari balioa emanda. Garbi izan behar dugu nondik gatozen eta nora goazen».

Errealitate berria

Gorakada horrek kluben «oinarriak» mugitu dituela aitortu du Etxeberriak. «Astindu bat eman zaie, klubak konturatu baitira emakumezkoen futbolak ere onurak ekartzen dizkietela, eta klubaren marka indartu egiten duela. Errealitate berri honek ekintzaile izatera behartu ditu klubak, laguntzaile edo bidelagun izateari utzita, eta emakumeen futbolaren aldeko apustua aregotzera, eta gu gero eta gehiago kontuan hartzera klubaren eguneroko jardueretan eta erabakietan». Espainiako Kopa irabazita gertatutakoa jarri du horren adibide. «Kopa irabazita, zuzenean ez diogu sari ekonomikorik ekarri klubari, ez baitugu ezer jaso horregatik [ gizonezkoena irabazteagatik, Valentziak milioi bat euro inguru jaso du]. Baina begira zeharka zer oihartzun eta aberastasun ekarri diogun. Kluba horren jakitun dago, eta balio handia ematen ari zaio».

Argi du zer pasatuko den apustu hori egiten ez duten klubekin: «Atzean geratuko dira, garai hau erabakigarria baita. Zaleek eskatu egiten dute, eta klub moduan duzun ardurak exijitu egiten dizu».

Dena den, Azurmendik uste du «kontrakarrean» ari direla klubak. «Aitortu behar zaiei errealitate honi ez diotela bizkarra eman, baina berandu dabiltza. Izan ere, aurreikus zitekeen hau gertatuko zela, ikusgaitasunean irabazten denean eta lana ona denean hori gertatzen baita. Ameriketako Estatu Batuetan eta Kanadan hala izan zen, adibidez». Kluben eta futbolari lotutako erakundeen aldetik «estrategia falta» ikusten du. «Gauzak gertatu ahala ari dira erabakiak hartzen, baina politika transbertsalak, osoak eta kontzienteak sortu eta indartu behar dituzte, errealitate berrira egokitzeko. Esparru guztietan egin behar dute: kirolari lotutako alorretan, komunikazioan, marketinean, keinu sinbolikoetan... Estrategia bateratuak, kontzienteak eta osoak landu beharra dago, gizonen zein emakumeen taldeak aintzat hartuta».

Hiruren ustez, «okerra» litzateke gizonezkoen eredua kopiatzea, eta harekin alderaketak egitea. «Horrek ez lieke mesede egingo ez gizonezkoei, ez emakumezkoei, nahiz eta gorakada honetan tentazioa egon daitekeen horretarako. Baina ez litzateke ez ona eta ez errealista izango».

Klubetan ez ezik, jokalariengan ere eragina izan du egoera berriak, Etxeberriaren eta Bergararen iritziz. «Azken batean, erreferente bihurtu dira zale askorentzat, batez ere gaztetxoentzat, eta horrek ardura batzuk dakartza. Eredu izan behar dute», azaldu du Bergarak. Ikasteko aukera bat dela ikusten du: «Beti da erosoagoa eta errazagoa bigarren planoan egotea eta lan egitea, baina motibazio eta ikasgai moduan ere ikusi behar dugu».

Azken batean, «fokupean» egoten hasi dira, Etxeberriaren ustez. «Horrek alde onak eta txarrak ditu. Batetik, beti da ona norberaren lanak aitortza eta ikusgaitasuna duela sentitzea eta jendearen gertutasuna jasotzea. Baina, aldi berean, akatsek oihartzun handiagoa dute, eta kritikak handiagoak dira. Hori barneratzen ikasi behar dute, eta horretarako prest egon. Egoera horretan oreka lortzen lagundu behar diegu, gazteak baitira. Psikologikoki lanketa bat eskatzen du horrek, eta horretan ari gara. Guretzat ere zerbait berria da, eta kudeatzen jakin behar dugu».

Haiei egindako exijentzia «handitu» egin dela onartu du. «Baina hori barneratzeko prest ikusten ditut, hobekuntza beti baitator hortik. Goi mailako kirolari batek berezkoak ditu horretarako gogoa, konpromisoa eta grina, bai bere buruarekin, bai taldearekin».

Emakumeen futbolaren inguruan lanean ari direnen egunerokoa ere aldatu da, Etxeberriak azaldu duenez. Bere kasua jarri du adibide gisa. «Ni orain arte bigarren planoan egon naiz. Jende askok ez zuen ezagutzen nik egiten nuen lana. Eroso nengoen. Orain, berriz, fokupean nago. Aurrekoan, adibidez, Nahikarirekin [Garcia], lehen aldia zen kontratu luzatze baten berri emateko prentsaurreko bat ematen genuena, eta galdera mordoa egin zidaten kontratu berritzeen eta fitxaketen inguruan. Horretara ohituz noa, eta ikasiz». Hedabideek arreta jartzea ona dela onartu arren, horrek «zaildu» egiten die lana kasu batzuetan, azaldu duenez. «Hedabideetan kontratu berritzeei eta fitxaketei buruzko albisteak ateratzeak zaildu egiten ditu operazioak zenbait kasutan, gehienetan garestitu egiten baitira».

Negoziatzeko orduan jokalariekin duten harremana ere aldatu egin da, azaldu duenez. «Duela pare bat urte arte, adibidez, kontratuen inguruko negoziazioak jokalariekin egiten nituen zuzenean. Orain, ordea, jokalari guztiek ordezkariak dituzte, eta haiekin hitz egiten dut. Bestalde, sasoi honetan ikaragarria da zenbat dei eta posta elektroniko jaso ditugun ordezkarien partetik».

Gorakada ekarri duen beste aldaketa bat izan da gero eta emakumezkoen futbol partida gehiago jokatzen direla estadio handietan. Sasoi honetan, Realak bi jokatu ditu Anoetan, eta beste hainbeste Athleticek San Mamesen eta Osasunak Sadarren; Alavesek, berriz, bat jokatu du Mendizorrotzan. Hiruren arabera, garrantzitsua eta polita da urrats hori egin izana. «Guretzat, adibidez, erabakigarria izan zen, bi asteburutan segidan jokatu genituelako partidak, eta bultzada handia izan zen taldearentzat eta zaleentzat. Athleticen aurka, eta batez ere Sevillaren aurkako finalerdian bizi izan genuena ez dugu sekula ahaztuko», gogoratu du Etxeberriak.

Behin urrats hori eginda, gorakada honek beste eztabaida bat sortu du: partida guztiak estadio handietan jokatu behar al dira? Azurmendik argi du: «Ezin dugu etxea teilatutik eraikitzen hasi. Pausoz pauso joan behar dugu, eta aurrena, Lezamara edo Zubietara doazen zaleak fidelizatu, eta hara jende gehiago erakartzeko estrategiak bultzatu. Hara joateko interesa indartzen segitu behar da, eta zaleak hara bertaratzeko erraztasunak eman».

Etxeberriaren eta Bergararen arabera, iritsiko da norgehiagoka guztiak estadio handietan jokatzeko momentua. «Partida zehatz batzuetan irekitzeak lagundu du zaleen fidelizazio horretan eragiten segitzeko, eta balio izaten ari da. Guk, adibidez, nabaritu dugu Anoetako bi partidak eta gero, jende gehiago datorrela Zubietara, eta lehen helburua zale horiek sistematikoki etortzea da. Guretzat handia litzateke Zubieta txiki geratzea, eta denen artean pausoak eman behar ditugu zaleak erakartzeko: klubek, federazioak... Ordutegiekin, zaleei zelaietara bertaratzeko erraztasunak emanez...».

Jokalari ohia izanda, talaia horretatik hitz egin du Bergarak. «Estadio handiak betetzea ondo dago, eta izugarri pozten nau, emakumeen futbolaren ikusgarritasunean laguntzen duelako. Baina nik balio gehiago ematen diet sasoi osoan zehar Zubietara edo Lezamara doazen zaleei, haien babesa beti dugulako». Bestalde, datuetan soilik geratzea «arriskutsua» dela dio. «Hurrengoan zale gutxiago bertaratzen bada, porrot bezala har daiteke, eta hori akatsa litzateke». Ondorengoa erantsi du Etxeberriak: «Partida horietan arreta gehiena zale kopuruan jarri da, baina ez da ahaztu behar ere partida bat jokatu zela».

Errealitate berriak jokalarien «baldintzetan eta baliabideetan» eragin behar duela berretsi du Azurmendik. «Profesionalizazioan urratsak egin behar dira, eta horri berme bat eman. Izan ere, kirolean hobekuntza baliabideak eta baldintzak hobetzetik eta areagotzetik dator kasu askotan. Telebista eskubideetatik lortzen duten dirua horretara bideratuko dutela zaindu behar da».

Hor ere unea «erabakigarria» da. Izan ere, Espainiako Ligako emakume futbolarien aurreneko lan hitzarmena negoziatzen ari dira. Bertan jasoko dira jokalarien eskubideak eta baldintzak, eta babes juridiko bat izango dute.

Jokalarien gutxieneko soldata jasoko da bertan. Soldatak «duinak» izan behar dutela nabarmendu du Azurmendik, eta futbol jokalari ohi bezala, hori zer den azaldu du Bergarak. «Bizitzea ahalbidetzen dizuna. Ni, zentzu horretan, pribilegiatu bat izan naiz, Bartzelonan eta Athleticen horretarako aukera izan nuelako». Beste ohar bat egin du: «Hainbat klubetan aukera dago harago joateko».

Etorkizunari begira

Hirek uste dute egoera «aprobetxatu» egin behar dela aurrera egiten segitzeko. «Egindako apustua berretsi behar da. Hanka sartzea litzateke pentsatzea dena eginda dagoela. Bide beretik segitu behar da, serio eta anbizioz lan eginda, lortutako konfiantza galdu gabe. Izan ere, hori erraz galtzen da», dio Bergarak. Ondorengoa gehitu du Etxeberriak: «Emakume izateagatik gure bidea beti izan da malkartsua, eta orain nahi duguna da laua izatea. Horrek ez du ekarriko gu lasaitzea, badakigulako berdin jarraitu beharko dugula lanean, eta asmo osoa dugulako hala izateko».

Azurmendiri garrantzitsua iruditzen zaio lan hitzarmena «ondo lotzea», jokalarien eskubideak eta baldintzak hobetzeko. «Oso adierazgarria egin zitzaidan lan hitzarmena adosteko bileratako bateko mahaian bi emakume baino ez egotea, eta albo batean jarrita, gainera. Horrek ezin du horrela izan. Emakumeen futbolari lotutako erabaki guneetan andre gehiagok egon behar dute, haiei eragiten baitiete erabakiek zuzenean». Sinbolismoa zaintzearen beharra ere aipatu du: «Athleticek liga irabazi eta Gabarra ateratzen ez duenean, edo Realak klubaren dendan emakumeen taldeko elastikoak saltzen ez dituenean, agerian uzten du zein leku ematen dien».

Horrekin batera, beharrezko ikusten du harrobiko sarea osatzen jarraitzea, estrategia bateratu baten bidez. «Beti ardatz hartuta futbola disfrutatzeko dela, eta talentuak ezin digula alde egin baliabide faltagatik edo estrategia okerra delako. Klubei lan egiten utzi behar zaie, eta kategoria bakoitzerako lanketa bat ezarri».

Emakumezko entrenatzaileetan ere jarri du arreta. «Futbolarien kasuan ez bezala, erreferenteak falta dira. Hor ere urratsak egin behar dira, horrek aukera emango liekeelako futbolariei erretiroa hartzean futbolari lotuta segitzeko, edo futbolari moduan bidea egin ezinez gero, beste aukera izateko».

Hain zuzen ere, erretiroa hartu osteko errealitatea aipatu du Bergarak. «Futbola utzi nuenean 32 urte nituen, eta bi lizentziatura. Baina lan mundura iristean ez nuen esperientziarik. Izan ere, enpresek futbolari profesional izatea ez dute lan bat bezala hartzen, nahiz eta hala zen».

Orain arteko «balioei eta izaerari» eusteko beharra nabarmendu du Etxeberriak. «Ezin ditugu galdu zaleekiko gertutasuna, umiltasuna eta joko garbia». Taktikoki hobetzea funtsezkoa iruditzen zaio. «Guk teknikari talde guztia profesionalizatu dugu. Horrek ahalbidetu digu entrenamenduak eta partidak hobeto prestatzea».

Horrekin batera, emakumeen kirola kontsumitzeko ohitura sustatzeko beharra ikusten du Etxeberriak: «Kultura hori ez dago hedatua oraindik, eta lanean segitu behar dugu»

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna