Koronabirusa

Hego Euskal Herrian 311 positibo atzeman dituzte, 87 kasu gehiago

Ehun mila biztanleko kasu gehien Nafarroan daude egun, eta, festarik ez izarren, herrietako gau giroa mugatzeko neurriak hartu dituzte

joxerra senar
2020ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Asteartean, 311 positibo atzeman zituzten Hego Euskal Herrian, 24 ordu lehenago baino 87 gehiago. Apiril amaieratik kasu gehien atzeman dituzten eguna izan zen. Egun bakarreko datuez harago, joera goranzkoa da: sei egunez jarraian, 200 positiboren langa gainditu da Hegoaldean, eta asteartean, berriz, 300dik gorakoa—Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak aurreko eguneko datuak ematen dituzte—.

Lurraldez lurralde, Araban eta Bizkaian azken egunetan kasuek gorantz egin dute, Gipuzkoan egoera baretu da, eta Nafarroan,oraindik ere gorabeheratsu dabiltza. Horixe islatzen du aurreko hamalau egunetako positiboak biltzen dituen intzidentzia tasak. Bizkaian, uztailaren 20ko astean hasi zen gorantz (ehun mila biztanleko 27 kasu ziren orduan,eta 121 dira orain); Araban, astebete geroago hasi zen joera, eta, orain,ehun mila biztanleko 95 kasu dituzte. Gipuzkoan, uztail amaieran goia jo zuen, eta, orain, apur bat behera egin du (65 kasu ehun mila biztanleko). Haatik, kasu gehien Nafarroan daude: 150 positibo ehun mila biztanleko.

Hala ere, oraintxe, Hego Euskal Herrian egunero ia 7.000 PCR proba egiten dira (atzo, zehazki, 6.859), eta egoerak «ez du zerikusirik» martxokoarekin eta apirilekoarekin, Maria Angeles Nuin INSL Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuko zuzendariaren hitzetan. Orain, Nafarroan egindako PCR guztietatik, batez beste, positiboak %5 inguru dira. Zaintza lanari esker, atzemandako positiboen erdiak sintomarik gabeko pertsonak dira. Gainera, atzematen dituzten positiboen %60 eta %65 artean kontaktu estuak dira.

Uztailaren 6tik, gora egin dute kasuek Nafarroan, eta, apurka, osasun sisteman nabaritzen da. Azken hamar egunetan, 34 lagun ospitaleratu dituzte. Halaber, sintomak dituztela-eta osasun arretara jotzen dutenen kasu susmagarriak igo egin dira azken asteetan. Nuinek nabarmendu du guztiei PCR probak egiten dizkietela, eta, egin arte, bakartuta egotera derrigortuta daudela. Oraintxe, 4.000 lagun inguru daude etxean, irten ezinik.

Mendillorriko agerraldia

Nafarroan, 59 agerraldi aktibo daude. Nagusia uztailaren 11koa da. Iruñerria osoan eragin zuen, baina, batik bat, Mendillorrin: 224 positibo atzeman dituzte. Auzo horretan ezarritako murrizketak kendu ditu gobernuak. Nafarroa osoan ez da festarik udan, baina data iristean jai giroan kutsatzeak izan direla ikusita, gobernuak herrietan gau giroa gehiago mugatzeko neurriak hartu ditu. Halaber, arduraz jokatzeko deia egin die herritarrei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.