Ikasle talde batek euskaraz egin du filosofia azterketa baxoan

Desobedientzia ekintza baten bidez, ikasleek esplikatu dute bidea ireki nahi diotela etorkizunean azterketak euskaraz pasatzeko aukerari

Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko ekainaren 18a
00:00
Entzun
Euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu du Bernat Etxepare lizeoko ikasle talde batek, desobedientzia ekintza baten bidez. Euskaraz erantzun dute baxoko filosofia azterketa, horrek izanen dituen ondorioak beren gain hartuta. «Badakigu gure kopiak ez dituztela zuzenduko. Egitasmo honekin, etorkizunean azterketak euskaraz pasatzeko bidea irekitzen lagundu nahi dugu», adierazi zuten, atzo, prentsaurreko batean. Maiatzaren 21ean protesta egin zuten Baionako Suprefetura aitzinean, eta uztailaren 1ean Donapaleun (Nafarroa Beherea) mobilizatzera deitu dute.

Seaskako ikasleen aspaldiko aldarrikapena da azterketak euskaraz pasatu ahal izatea. Ikasketa guziak euskaraz egin arren, historikoki, baxoko Historia-Geografiako proba baizik ez dute euskaraz egiteko parada izan. 2016an Matematikako proba ere euskaraz egiteko aukera eman zien Frantziako Hezkuntza Ministerioak. Baina, lizeoetako erreformaren ondorioz, azterketak pasatzeko modua aldatu zuten, eta kontrol jarraikiari pisu handiagoa eman zien. Ikasturte bukaeran egin beharreko azterketa batzuk atxiki dituzte, halere; tartean, Filosofiakoa: euskaraz ikasi arren, frantsesez egin behar dute osoki.

Aurten, ikasle talde batek desobedientziarako pausoa eman du: euskaraz ikasteko nahia azaldu dute haien kopietan, frantsesez, eta euskaraz egin dute azterketa osoa. «Arazoa ez da frantsesez dugun gaitasuna. Euskaraz ikasteko eskubidean datza auzia», esplikatu dute. «Baxoa frantsesez egiteko, urtean zehar hainbat gai frantsesez landu behar ditugu, eta horrek euskaraz ikasteko hautua oztopatzen du».

Frantziaren jarrera salatu dute ikasleek: «Frantziako Estatu zentralistak berak heriotzera kondenatu zituen hizkuntza gutxituen irakaskuntza oztopatu nahi du. Molac legea zentsuratu zuten gobernuaren ekimenez, euskarazko irakaskuntza antikonstituzionaltzat joz». Baxoa euskaraz pasatzeko «debekua» bide beretik doa, ikasleen iritziz. «Ikastolak zuen baimenik gabe eraiki ziren, ehunka euskaltzaleren lan eta borrokari esker. Ez dugu zuen baimenik eskatuko eskubide berriak lortzeko. Azterketak euskaraz nahi ditugu, eta euskarazko irakaskuntza zabaltzea nahi dugu. Maiatzaren 29an argi ikusi zen gisan, Ipar Euskal Herriko jendartearen gehiengo baten nahia da hori».

Azken asteetan, Seaskako kolegioetako guraso, irakasle eta ikasleak ere mobilizatu dira brebetaren azterketa euskaraz egiteko eskubidearen alde, eta kolegioetako eta lizeoetako irakasle talde batek ere jakinarazi du azterketetako kopiak zuzentzeari uko eginen ziola azterketak euskaraz pasatzeko eskubidea bermatzen ez bazen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.