Uharteari neurria hartu gabe

Macron Korsikara itzuli da, baina bidaia ez du baliatu agintari nazionalistekin etenda dituen hizketak berpizteko

Macron hestebeteak lehortzeaz arduratzen den enpresa batean, atzo, Korsikako Cozzano herrian. OLIVIER SANCHEZ / EFE.
ander perez zala
2019ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Urtebete igaro da azken aldiz elkartu zirenetik; tartean zenbait dei izan dira, baina bilera formalik ez. Korsikaren eta Frantziaren arteko elkarrizketa etenda dago, eta, hizketarako dei publikoak egin dituzten arren, bi aldeek ezezkoa erantzun izan dute. Azken hilabetean, kasurako: Gilles Simeoni Korsikako presidenteak ezetz erantzun zion Emmanuel Macron Frantziako presidentearen proposamenari, martxo erdialdean, eta berdin egin zuen herenegun Macronek, Korsikako Legebiltzarrera joateko gonbita jaso zuenean. Frantziako presidenteak dio «elkarrizketaren hariak» ez daudela hautsita; buruzagi nazionalistek, baina, gero eta urrunago ikusten dute hizketarako marko egokia. Giro horretan iritsi zen Macron atzo Korsikara, hango 160 bat alkaterekin eztabaidatzeko —350 dira denera—; haien artean ez zegoen auzapez autonomistarik ez independentistarik, mugimendu nazionalistak Frantziako presidentea boikotatzea erabaki baitzuen. Tentsioa da nagusi bi aldeen artean, eta Macronek eztabaida balia zezakeen beste aldeari keinu egiteko, baina ez zuen halakorik egin; horren ordez, nazionalistek kritikatzen duten diskurtsoari eutsi zion: «Aleriari buruzko [autonomisten bahiketa baten] orria pasatu da. Ez, ordea, Claude Erignac prefetaren hilketari buruzkoa [Korsikako Nazioa Askatzeko Fronteak hil zuen]. Ez dute hilketa deitoratu». Korsikako mugimendu nazionalistaz ari zen.

Hegoaldeko Bonifacio hiriko alkate Jean-Charles Orsucciri emandako erantzunaren parte bat izan zen adierazpen hori. Macronen alderdikoa da Errepublika Martxan—, eta, alkate izateaz gain, diputatu ere bada Korsikako Legebiltzarrean; Parisen eta Ajaccioren arteko elkarrizketa berriz ezartzeko eskatu zion, eta «bakerako hitzak aurkitzeko». Hori egin ezean, ohartarazi zion Korsika «egun ilunetara» joango dela; Macronek, baina, erantzun zion korsikarrek «lubakietako gerra baino gauza hobeak merezi» dituztela.

Eliseoak antolatu dituen eztabaiden ohiko dekorazioa zuen inguruan Frantziako presidenteak; hura zegoen erdian, hura zen protagonista; haren inguruan zeuden auzapezak, eta Frantziako bandera erraldoi bat paretan. Albo batean, Frantziako bandera bat askoz ere txikiagoa, Korsikako beste bat eta baita Europako bat ere.

2018ko otsailean izan zuten bileran, Macronek ezezkoa erantzun zien Simeoniri eta Korsikako Legebiltzarreko presidente Jean-Guy Talamoniri, aldarrikapen historikoak kontuan hartzeko eskatu ziotenean: autonomia estatusa, korsikera koofiziala izatea, preso politikoen amnistia eta egoiliar estatusa. Frantziako presidenteak ezezkoa erantzun zien ia aldarrikapen guztiei, eta Korsika hitza konstituzioan sartzearen alde agertu zen soilik.

Irla Hila, protestarako

Simeonik eta Talamonik aste hasieratik utzi zuten argi ez zirela Macronen eztabaidan izango. Erantzun gisa, agintariek geldialdi baterako deia egin zuten atzo arratsalderako: Isula Morta (Irla Hila).

12:00-18:00 tartean, berrehun bat eskola, denda eta eraikin publiko itxi zituzten deialdiari erantzunez, eta trenak geltokietatik atera gabe geratu ziren. Horrez gain, Ajaccioko aireportua guztiz blokeatu zuten manifestariek, eta geldialdiaren tartean ez zen hegazkinik atera ez iritsi. Frantziako presidentearekin ados ez zeudela erakusteko eguna izan zen atzokoa korsikarrentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.