AIRERATZEAK ETA LUR HARTZEAK

Hondartzetara

Ane Labaka Mayoz -

2018ko abuztuak 7
Donostiako Bulebarrean gertatu zitzaidan azkenekoz, astelehen goiz batez kioskoaren inguruan kokatutako pentsionisten elkarretaratzearen ondotik oharkabean igaro behar izan nuenean. Pausoa azkartu nuen, erreakzioz, eta beraien aurretik desfilatu ordez atzealdetik pasatzea deliberatu, bi segundoren buruan. Nirekin zihoan laguna ere larritu egin zela iruditu zitzaidan eta hala aitortu zidan geroago: «Deseroso sentitzen naiz kontzentrazio, manifestaldi edo dena delako baten ondotik igaro eta ideologikoki bertan egon beharko nukeela sentitzen dudanetan, aurretik igarotzeak are agerikoago egiten baitu ni ez naizela bertaratu, ez diodala hitzorduari agendan tarterik egin, eta, beraz, bertan parte hartzea ez zegoela nire lehentasunen artean». Arrazoia eman nion.

Uda beteko igandea izan zen duela bi egun. Orioko hondartzan zeunden zu, opor eguna gozatzen. Ez dakit deseroso sentitu ote zinen benetan, baina esango nuke beste aldera begiratu zenuela nahi gabe, indiferentzia keinuz, harea aleak kentzeko alabaren toalla astintzen zenuen artean. Jende multzo bat ikusi zenuen itsas ertza alboz albo gurutzatzen; hileko azken ostiralero zure herriko plazan elkartu ohi diren zenbait ezagun, Euskal Herri mailako ezein dinamikatan huts egiten ez duten berberak. Giza kate forman guztiak, Etxerat-eko zapi zuriak soinean eta euskal presoen etxeratzea aldarrikatzen duten banderolak eskuetan.

Ez nago ziur. Ez dakit harago ikusten asmatu ote zenuen. Ixiarren begi nekatuek zure arreta bereganatuko zuten akaso. Joxeren esku zimurtuek edo Gari txikiaren negar intziriek, bestela. Baliteke, hala ere, Maiderrek ezkerreko besoa eskuinekoa baino askoz ere beltzaranago duela ohartu ez izana. Azken bidaia amaigabeetan leihotik kanpora eraman du, on egiten omen dio gidatzen ari dela errepide mortuetako haizea azalaren kontra sentitzeak.

«Ze pena, nahikoa da» pentsatuko zenuen agian zure baitarako, seme zaharrenak arroketan salabardoarekin harrapatutako karramarroen aurrean interes aurpegia antzezten zenuen bitartean. Baliteke duela gutxi entzundako albisteek zure buruan oihartzun egin izana, mendeku gosez harrikatutako autobusak eta goi kargudunen batek lotsa askorik gabe «turismo penitentziario» gisa kalifikatutako hura, berez oximoron bat baino ez dena; ezinezkoa.

Gaur arte ez dizut kontatu niri adierazpen hauek entzutean Galizia etorri zitzaidala burura. Bisiten aurreko gauean afaltzen genuen olagarroa ere bai, ados, barruan zegoenak inoiz probatu ez zuena. Baina guretzat Galiziak ez zeukan itsasorik. Eta horrenbeste kilometro behartuta egiten dituena ez da inoiz turista izango.

Badakit zuri ez zaizkizula hain gertuko egingo restop likatsuetako gosariak eta Mirentxin bidaietako elkarrizketak. Azken urteetan horma erraldoiak eraitsi nahian hondarrezko gazteluak eraikitzen gabiltzala irudituko zaizu agian, trukean promesa hutsalak baino ez ditugula lortu. Horregatik natorkizu zuk ere zure harea alea jar dezakezula gogoraraztera. Nahi baduzu, dagoeneko kresalak zein usain duen gogoratuko ez dutenei musu gaziak bidaltzen lagundu diezadakezu. Hondartzetatik. Hondartzetara.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna